Xabier Urteaga • Idiazabal
Argazkia 1975 inguruan Idiazabalgo Ikastolan ateratakoa da. Protagonistak 1971n eta 1972an jaiotako hainbat ikasle, taldea handiagoa zen, eta Miren Urteaga andereñoa. Esangura asko dituen zuri-beltzeko erretratua da, ikastolak herrian egindako ibilbidearen erakuslea.
Idiazabalgo Ikastola 1966an sortu zen, ezkutuan eta klandestinitatean, Franco bizirik zegoen artean eta euskarak eta harekin zerikusia zuen guztiak garai ilunak bizi zituen orduan. Testuinguru zail horretan, konpromisoa eta ausardia zer ziren ongi zekiten guraso, herriko gazte eta irakasle taldeak euskara oinarrian zuen proiektua abian jarri zuten.
Guk gerora izan genuen horren berri, guretzat ikastola eguneroko topagunea zen, jolaserako aukera ematen zuena, etxerako lanak agintzen zizkiguten lekua, sanblasak iritsitakoan gurasoak plazako tonbolaren bueltan batzen zituen elkartea.
Nomaden parekoa zen ikasleon bizimodua, izan ere, urtero, herriko eraikin batean egoten zen gure gela. Argazkia apaiz etxeko beheko solairuan ateratakoa da. Hura zen ikastolaren geletako bat, guretzat lehena. Ikastolak zituen lokal guztiak bereziak ziren, bakoitzak zuen bere xarma; esate baterako, apaiz etxearen lorategian, neska-mutikoak jolasean aritzen ginen eremuan, pozadera bat zegoen. Guraso Elkarteko aretoan ere astindu genituen koaderno eta liburuak, jolas garaian Pagosako kamioiak geldialdia egiten zuen auzokoei ogia saltzeko, guk oparitan flauta jasotzen genuen. Azken urteak orain udala dagoen eraikinean egin genituen. Leku horrek ere bazuen esanahi berezia, eskola nazionalaren egoitza izan baitzen urteetan. Euskara galarazita egon zen lekuan, gu euskaraz ikasten.
Adin desberdinetakoak
Hortaz gain, argazkiak ikastolen egunerokoaren beste ezaugarri bat ere jasotzen du, adin ezberdinetako ikasleak elkarrekin gela bakarrean. Elkarrekin bai, baina nahasian ez. Hau da, gela bera partekatu arren, ondo berezitako eremuetan egoten ginen. Guraso Elkartean zinema emateko zegoen gelatxoa zen mugarria, plazako eraikinean bi aldeko arbela. Irakasleak batetik bestera ibiltzen ziren. Talde bati lana agindu, eta bitartean besteari eskolak ematen aritzen ziren; gu, berriz, beste aldean gertatzen zenari adi. Mirenek, Lurdesek, Imakuladak, Karlosek, Emiliok eta beste irakasleek zituzten zailtasun eta erronken berri ere gerora jakin dugu: metodologia berria lantzea, edota euskarazko materiala prestatzea.
Idiazabalgo Ikastolan egindako ibilbidea nahi baino lehenago amaitu zen guretzat, ikasketak euskaraz jarraitzeko modu bakarra bederatzi urte betetakoan Beasaingo Lizeora joatea baitzen. Hango kontuak beste argazki-album batean daude jasota.