Herri musikaririk bada, txistularia da hori. Eta txistularien artean, berentzat zaletasuna dena lau haizetara zabaltzen duten herri maisuak. Horietako bat izan zen Paskual Larrañaga Eizabal ormaiztegiarra. Musikaren maitalea lehenik, denetik gustatzen baitzitzaion. Erakuslea, zabaltzailea, jotzailea ondoren.
Umezurtza, gerra ondoren iritsi zen Ormaiztegiko Berjaldegizarreko Gurrutxaga sendira, Irundik. Senidetzat hartu zuten beti Valentina eta Francisca arrebek, nahiz bi abizenak mantendu zituen –gehiago ez zekizkien–. 1933ko maiatzaren 17an jaioa zen, izena eman zion San Pascual Bailon (edo Dantzaria) egunean. Izana ere emango zion.
Apaiz batekin hartu zituen lehen musika nozioak. Beasainen ibili zen; fabrikara txirrinduan joan, eta arratsaldeetan gustuko zuen musika ikastera. Txanbo Aranburu beasaindarraren bidez hasi zen txistuarekin. Akordeoia jotzen zuen, eta ezkontzetan joa zen. Organoa ere ikasi zuen, autodidakta modura, gehienbat. Ormaiztegiko San Andres elizan meza nagusi guztietan jo zuen, luzaroan. Baita abestu ere.
Txistulari modura geratu da, ordea, Paskual Larrañaga herri oroimenean. Demetrio Iriarte aretxabaldarra oso laguna zuen. Musikari-konposatzailea zen Iriarte, eta harreman estua eduki zuen Larrañagak. Baita Tolosaldeko Alegiako German Intsausti argazkilari eta txistulariarekin ere. Haren Lambretta motoan joan ohi ziren biak herrietako festetara, txistulari modura deitutakoan. Egun bat baino gehiago pasatzen zuten, bertan lo eginez eta otordu ederrak gozagarri, eguerdietako dantzaldiak, meza nagusiak eta udal agintariekikoak girotzen. Umoreko jendea zen.
Hondarribiko eta Donostiako Parte Zaharreko txistulari alardeak ez zituen galdu. Joxe Mari Telleria segurar eta Naxario Telleria idiazabaldarrar txistulariekin urtero-urtero joaten zen, jotzera. Ikustera ere bai, azken urteetan.
Iganderoko kalejirak
Baina, ezerez gain, Ormaiztegin eta inguruan txistulari maisua izan zen. Solfeoa erakutsi umeei, eta hartzen zuten gehienak txistura bideratzen zituen. 30 eta 40 laguneko bandak osatzera iritsi zen Paskual. Ormaiztegin, igandero-igandero pasakallea edo kale biribilketa egin zuten, urte askoan. 07:30ean jaiki, korrika akademiara joan txistuak uretan sartzera txistulariak iritsi aurretik, kaleko buelta egin, eta 10etako mezara, berriz presaka. Hori zuen pasio.
Euskal Jaiak borborka erne zirenean, bandarekin Urretxura, Elorriora eta beste leku askotara joan izan zen.
2003ko uztailean hil zen, eta horren maitea zuen Lierniko erromeria egunean egin zioten hileta. Aurrez, bi omenaldi jaso zituen Ormaiztegin, bere ikasle eta txistu kide izandakoek 1999an eskainitakoa bat, esaterako.