Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Nire azken egunak, ez asko ere, Zumarragako Ospitalean imajinatzen ditut. «Hara! 1973koa?» esan du paperei begira. «Solairuko zaharrena zara, eraikin honetakoa ere bai, ziurrenik, eta ospitale osokoa ez ote zaren… larri ibili».
Medikuak ibiltzeko esan omen dit. Ez naiz gogoratzen medikua pasa denik ere. Bunkerrean eduki gaituzten tartean izango zela pentsatu dut. Ez naiz ausartu batarik gabe paseatzeak lotsa ematen didala esatera. Arratsaldeko erizainak bigarren kamisoia eskaini dit, bestearen gainetik alderantziz jantzi eta, atzea estalita, pasabideetara lasaiago aterako naizelakoan. Ez naiz oroitzen laguntzarik gabe ibiltzeko gauza naizen. Ohetik altxatzen laguntzeko keinurik ez du egin. Badirudi gai naizela.
Tarteka, ohe aurreko paretaren zoko guztiei begira hasten naiz. Goiko aldetik hasita, ezkerretik eskuinera begiztatzen dut horma osoa, baina ez dut telebistarik ikusten eta hor omen dago nonbait. Ia etsi dut. Jartzeko eskatuz gero ere, ulertzen ez dudan zerbait jarriko lidakete.
Bakarkako gelara pasatuko nautela gogorarazi nahi izan dit erizainak. Uste dut gaueko errelebokoa dela. Hori ere medikuak esan omen du. Gertaera asko ahaztu ditut, baina ondo gogoan dut bakarkako gelara pasatu izan dituztenekin zer gertatu den.
«Gogoan duzu lehen hitz egindakoa? Honek mina kenduko dizu», esan dit norbaitek eskuinaldetik. Baietz esan diot buruarekin. Ea apaizik nahi dudan ere galdetu dit. Harritu nau galderak. Entzuna nuen normalean euskaldun jatorrikoei ez zietela horrelakorik galdetzen. «Gauean hil da», esan dio errelebo-aldaketan. «Ospitaleko bigarren zaharrena zen. Zaharrago bat dago Eritasun Oso Kutsakorren eraikineko zazpigarren solairuan», erantzun dio goizeko erizainak.