Inklusiorako zubi bihurtuko du artea Itziar de la Granjak (Donostia, 1970), Arteriaren diru laguntza jaso duen zumitzezko aterkiaren proiektuarekin. Baztertze arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duten elkarteak gonbidatu nahi ditu babesa eta transmisioa irudikatu nahi duen artelan hori egitera.
Arte Ederrak ikasi zenuen. Zergatik?
Kazetaria izan nahi nuen txikitatik, baina nota nahiko justua nuenez, bigarren aukera bezala hautatu nuen Arte Ederrak egiten hasi nintzen. Fakultatea zapaltzean, handik ez nintzela mugituko erabaki nuen, eta karrera egin nuen.
Zertan lan egin zenuen gero?
Ostalaritzan tradizio handia duen familia batekoa naiz, eta ahizparekin batera jatetxe batean lan egin nuen 15 urtez. Baina hura utzi eta bizimoduaz aldatzeko unea iritsi zen, oso estresatuta nengoelako.
Orduan etorri zinen Zegamara?
Bai. Donostia utzi eta Zegamara etorri nintzen familiarekin batera, bizitza errazago eta lasaiago baten bila, pertsona bezala garatzeko aukera emango zidan bizitzaren bila. 13 urte egin ditugu dagoeneko. Ama hemen jaiotakoa zen, eta banuen harremana herriarekin, baina beste gauza gehiagok ere lagundu zuten, etxebizitzaren prezio baxuagoak eta bizi kalitate hobeak, bestek beste.
Lanbidea ere aldatu zenuen.
Urte askoz alboratuta izan nituen arte ederrak, baina mundu horretara itzuli nintzen. Estresa gainditzeko, eskulan ikastaro bat egin nuen, eta ikusi nuen ni ere gai nintzela irakasleak egiten zuena egiteko, eta bizimodua ateratzeko. Urtebete eta gero, trena pasa zen nire aurretik, igo egin nintzen, eta ondo atera zen.
Zegaman hasi zen guztia.
Eskulan ikastaroak ematen zituena jubilatu behar zela-eta, ea interesatzen ote zitzaidan galdetu zidaten. Azkenik ez zen jubilatu, eta elkarrekin egin ditugu 13 urte hauek, klaseak elkarbanatuz. Zegaman hasi zen guztia, eta Zegamak ireki zizkidan ateak. Ikastaroak emateko gai nintzela ikusi nuen, eta zer eskaini banuela ere bai. Zaila izan zen, euskara ez nuelako menperatzen, ez nindutelako ezagutzen, ingurua ez nuelako asko ezagutzen, eta mundu honek nola funtzionatzen zuen ez nekielako oso ondo. Baina hasi, eta gero Segura, Beasain, Ordizia… etorri ziren.
«Saskigintzan erabiltzen den materiala oso jasangarria da, ekologikoa, eta erabilera asko dituena gainera»
«Dibertsitate soziala duten jende askoren elkarlanarekin, gai izango gara gauza handi bat egiteko, hau da, aterkia»
Zer erakusten duzu?
Hasieran, eskulanak eta margoketa, baina pixkanaka saskigintzara zaletu nintzen, eta liluratu egiten nauen mundu batean sartu nintzen.
Zer du saskigintzak zu liluratzeko?
Gauza berri pila bat ikasi ditut. Betiko saskigileekin egon naiz ikasten, Idoia Cuestarekin, Carlos Fontalesekin… Pennintsula osoan zehar ibili naiz, eta teknika desberdinak ikasi ditut, baita Euskal Herrian erabiltzen ziren teknika tradizionalak ere, gaztainondoarekin egindako forma karratuko saskiena, adibidez. Saskigilearena desagertzen ari den lanbidea dela ikusi dut, eta gutxietsi egin dela, baina aldi berean, garai hauetan bere lekua izan dezakeela.
Nola txertatzen duzu saskigintza gaurko garaiekin?
Jasangarritasunak garrantzia hartu duen garaian gaude, eta saskigintzan erabiltzen den materiala oso jasangarria da, ekologikoa, eta erabilera asko dituena gainera.
Zertan ari zara orain?
Saskigintzan ari naiz lanean, Bilboko tailer batekin elkarlanean. Zuntz naturalekin egiten dute lan han, eta diseinatzaileek edo hotelek eskatzen dituzten piezak egiten ditugu, dekoraziorako. Ikastaroekin ere jarraitzen dut. Eta ikastaro horietan sortu da , hain zuzen, orain lantzen hasi naizen proiektua, inklusioarekin zerikusia duena.
Proiektu horrek Inklusioaren Aterkia du izena, eta Goierriko sortzaile eta artisten Arteria topagunearen babesa du. Nola sortu zen?
Arteriaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitatea egiten ari den ikerketa baten berri izan nuen, baztertze arriskuan dauden taldeek jarduera artistikoaren parte izateko duten eskubideari buruzkoa. Nik gai horrekiko sentsibilitatea izan dut beti, nire anaia gaixorik dagoelako, eta txikitatik ikusi ditudalako izan dituen zailtasunak. Gainera, jubilatuekin eta haurrekin egiten dut lan, eta talde horietan beti dago batenbat berezia, zailtasunak dituena. Horregatik, ikerketan parte hartzeko izena eman nuen.
Eta zer eman du ikerketak?
Ikerketan sartzean, konturatu nintzen elkarte asko daudela zailtasunak dituzten pertsonen ingurukoak, baina elkarteetatik kanpo, pertsona horiek nahiko baztertuta daudela. Horregatik pentsatu nuen elkarteekin batera zerbait kooperatiboa sortzea, saskigintzan erabiltzen den habi teknika erabiliz. Denen artean zumitzezko aterki bat egitea bururatu zitzaidan. Oso polita izango litzateke marko artistiko baten barruan, elkarte horietako jendeak parte hartzea proiektu kooperatibo batean.
Zer da zumitzezko aterki hori?
Artelan bat, eta sinbolo bat. Aterkiak estalpea eskaintzen du euria egiten duenean, babesa. Hori sentimenduetara estrapolatuta, zure beldur, zailtasun eta egunerokoari babesa emango dion aterkia da. Aterkiak transmisioa ere islatzen du, batak besteari uzten diogulako, eskutik eskura dabilelako. Gure sentimenduetarako babesa eta transmisioa uztartu nahi izan ditut proiektuan.
Zein helburu ditu proiektuak?
Pertsona horiei ikusgarritasuna eman behar zaie, eta transmisio horrek gure ikuspuntua aldatzen lagun dezake, baita zailtasunak dituzten pertsona horiek norberari buruz duten ikuspuntua ere. Gauza bat egiteko gai ez direla pentsa dezakete, baina agian bai, ahal dute, eta gauza txiki eta erraz askorekin gauza handi bat egitea posible da. Aterkiak hori izan nahi du. Talde txiki askoren laguntzarekin, dibertsitate soziala duten jende askoren elkarlanarekin, gai izango gara gauza handi bat egiteko, dibertsitatea, babesa, babesaren beharra eta ikuspuntu desberdinak sinbolizatzen duena, hau da, aterkia.
Nola gauzatuko duzue proiektua?
Nire asmoa elkarte edo talde bakoitzak aterkiak izango dituen zortzi hirukietako bat egitea da. Caritas, Gureak, migratzaileak, Alkoholiko Animoak, pertsona gorren elkarteak… parte hartu nahi duen edozein dago gonbidatuta aterki hori eraikitzera. Egiturako masta eta hagak burdinezkoak izango dira, eta gainean osatuko dugu aterkia, koloreetako zumitzezko zortzi triangelu horiekin. Hori festa giroan egitea nahiko nuke, herritar guztiak gonbidatuz.
Non jarriko da Inklusioaren aterkia?
Ez dago erabakita, proiektuaren beste atal batzuk bezala. Martxan jarri besterik ez dugu egin. Oiangu edo Dolarea bezalako parke batean jarri nahiko nuke, hurrengo urteko udan.