Goierri Valley elkarteak estrategia berria landu du datozen hiru urteei begira, eta horrekin batera, elkartearen bisioa ere berritu du. Gaur zortzi Ordizian egindako OhikoBatzar Orokorrean helburu berri horiei errepaso egin diete.
Bost urte bete ditu Goierri Valley elkarteak, askorako eman duten bost urte. Goierri beheko eraldaketa industrialaren motorra izateko bokazioarekin jaio zen 33 enpresaren lankidetzari esker –gaur egun 72 erakunde biltzen ditu–, eta «ibilbide aberasgarria» egin du harrezkero: «Hasierako helburuak orokorrak ziren, eta egindako ibilbidearen ondoren, bazkideen konpromisoa berretsi da, elkarteari egiten dizkioten eskakizunak zehaztu dira, erakundea ezagutzera eman dugu lurralde mailan eta Goierriko industriaren eraldaketaren erreferentziazko eragile bilakatu gara».
Orain arte garatutako proiektuen eta enpresen arteko lankidetza mailaren «balorazio ona» egiten du elkarteak, eta horrez gain, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak profesionalizatu dira eta hasierako aurrekontua bikoiztu da. «Orain, kanporantz pauso bat eman nahi dugu. 2025 Estrategian lanketan hazteko eta kanpora irekitzeko eskatzen digute enpresek». Etxe barruari begira egin du lan batez ere gaur arte, «gehienbat elkartea kontsolidatzeko» asmoz: elkar ezagutzeko, enpresen arteko lankidetza sustatzeko, eta batez ere, enpresa txikiei laguntzeko proiektu ezberdinak garatu ditu: «Estrategian oinarritutako egitasmoak landu, pertsonen parte-hartzea sustatu, dibertsifikazioa landu, nazioarteratzea…»
2021a, «urte nahiko konplexua»
Joan den ostiralean egin zuen Goierri Valley elkarteak 2022ko urteko Ohiko Batzar Orokorra, Ordiziako Barrena kultur etxean. Ekitaldiko gai nagusiak 2021eko Ekintzen Memoria eta Balantze Ekonomikoaren onarpena, etorkizuneko proiektu nagusien azalpenak eta galdera-erantzunen tarteak izan ziren. Josean Guerra (GH) Goierri Valleyko lehendakariak, Eider Iztueta (Aitzgorri SL) diruzainak, eta Iker Galparsoro (Goieki) elkarteko idazkariak gidatu zuten batzarra.
Goierriko industriaren eraldaketa bultzatuko duen erreferentziazko industri-aliantza izatea du helburu elkarteak
Elkartearen arabera, 2021. urtea «nahiko konplexua» izan da enpresentzat: «Susperraldi ekonomikoari esker lana izan dute, baina lehengaien eta energiaren prezio handiek, Asiako ekialdeko herrialdeetan produktuak pilatzeko gabeziak, eta garraioaren prezio handiek baldintzatu dute enpresen jarduera. Horrek guztiak salmenta prozesuak zaildu ditu, eta ezinezkoa izan da epe laburrean aurreikuspenak egitea».
Egoera horrek «hainbat ezusteko» eragin ditu enpresetan, eta elkartearen funtzionamendua bera ere baldintzatu du, askotan ezinezkoa izan baita enpresen partea hartzea. 2021ean garatutako proiektuen artean, honakoak nabarmendu zituzten: Maurizio Uharteetarako ospitale modularra; Mugikortasun berria; Eraldatuz proiektua –lidergo eta etengabeko hobekuntza lantzea helburu duena–; eta Formakuntza, Kudeaketa Orokorrari lotutakoa bata, eta Merkaturatzeari begirakoa bestea. «Azken urteak gogorrak» izan direnez, bosgarren urteurreneko ekitaldia umorez amaitzea erabaki zuten Virginia Imazen clown saio batekin gozatuz.
Bisio eta erronka berriak
Estrategia berria landu du aurten elkarteak 2025. urteari begira, eta horretarako hainbat baliabide erabili ditu: Europa, EAE eta Gipuzkoako politiketatik eratorritako kanpoko informazioa; plan estrategikotik, kudeaketa plan eta memorietatik, aurrez egindako proiektuetatik, asebetetze inkestetatik eta eskainitako proiektuetatik ateratako barne informazioa; eta enpresako bazkide eta ez bazkideei egindako inkestetatik eta bazkide diren ETE eta enpresa traktoreetako ordezkariekin Goierri Valleyko lankideek egin dituzten lan saioetatik jasotako informazioa. Guztira 60 enpresak parte hartu dute lanketan.
Estrategia berria lantzearekin bat elkartearen bisioa ere berritu dute, 2030 bisioa izenekoa: «Orain, esan daiteke kanpora ireki eta hazi egin nahi duela Goierri Valleyk. Goierriko industriaren eraldaketa bultzatuko duen erreferentziazko industri-aliantza izatea du helburu elkarteak». Erronka berriak ere definitu ditu, bi norantzatan. Kanpoko erronkak honakoak dira: ETEak ahalduntzea haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko; talentua erakartzea; ekintzailetza babestea eta lankidetza sustatzea izango dira batik bat. Barneko erronkak, berriz, elkartea kanpora irekitzea eta elkartearen erakargarritasuna bultzatzea izango dira. Erronka horiei aurre egiteko hainbat proiektu ditu esku artean elkarteak.
2022-2023 proiektuak
Datozen urteei begira elkarteak dituen erronkei aurre egiteko hainbat proiektu ditu esku artean Goierri Valleyk.
- Eraldaketa digitala. Industria eta teknologietan eraldaketa digitala bultzatuko duten HUB 4. eta Digitaliza proiektuak.
- Esplorazioa eta ustiapena. Esplorazioa eta ustiapena orekatzen dituzten erakundeak garatzeko ezagutza eta tresnak eman dituen ‘Organizaciones Ambidiestras’ proiektua.
- Talentua erakartzea. Enpresei nazioarteratzea ibilbidean laguntzeko Talentua proiektua, enpresek talentuarekin dituzten beharrak aztertzeko.
- Partnership-mapa sektoriala. Goierri Valleyk zer lankidetza-saretan parte hartu behar duen identifikatzea eta erronka estrategikoak lortzera bideratutako akordioak ezartzea ahalbideratzeko.
- Erdi mailako kargudunak. Lanbide trebakuntzaren eta garapenaren bidez erdi mailako kargudunen kudeaketa maila handitzea helburu duen ‘Capacita mandos intermedios’ proiektua.