Gogoratzen naiz behin, txikitan, «hori, zer mendi da?» galdetu, eta baten batek –nork ez dut gogoan– «hori Beasainmendi da» erantzun zidan. Aurrerago, beasaindar batzuek esplikatu zidaten mendi hori Usurbe zela. Dotoreagoa —eta normalagoa— zela pentsatu nuela uste dut. Gaur ez ditut horrela ikusten gauzak eta, horregatik, poztu egin naiz azken egunotan bi lagunen ahotik Beasainmendi izena entzutean; adinean aurrera egindako gizona zen bata eta han bizi den neska gaztea bestea.
Leku izenak, pertsonon izenak bezalaxe, identifikatzeko ez ezik, identitate zeinu ere bihurtu ohi dira. Polemika franko izan da gero bazterretan, lekuren baten izena dela eta ez dela. Eta ez dago gaizki, komeni da-eta nork bere sentimendutik hitz egin eta bere nortasuna erakustea.
Baina, hori beharrezkoa izanda, norbere gustu eta nahikundeak nondik nora osatuak diren aztertu eta esplikatzen ahalegintzea ere ez da txarra. Mendien izenekin gertatu dena eta gertatzen dena esplikatzen saiatu nahi nuke, gure toponimia ondarearekin egiten duguna ere esplikatu nahian, bide batez.
Mendien eta lekuen izenak kalean bizi ez direnen ahotik jaso ohi ditugu eta, nik ikusi dudanetik, uste dut, mendiak izendatzeko garaian, mendi hori bere osoan hartu eta izen orokor bat erabiltzeko joera izan dela nagusi; gero etorriko da leku txiki bereziren bat apartatzea, behar izango balitz.
Baina iritsi ziren mendizaleak, etorri ziren kartografoak, beste ikuspegi bat zutenak. Seinalatu, bereizi eta ondo nabarmendu beharra zeukaten, bere begietara, beste batzuk baino garrantzitsuagoa zen puntu bat: mendiaren punta, gailurra.
Inguruaren ezaupidea
‘Beasainmendi’ hori orokorregia zen, zabar samarra ‘zuzen’ hitz egiteko; ez zuen balio, ‘ez-zehatza’ zen. Eta, han-hemen galdetu ondoren, esango zuen horietakoren batek: «Han puntatik gertuen dagoen baserriaren izena erabil dezagun punta izendatzeko: Usurbe. Eta, handik aurrera, egina zegoen kaltea: Usurbe da mendiaren izena.
Eta horrela zenbat eta zenbat! Lazkaotarrek Esparru bihurtu dute lehengo Irumugaeta; Seguran hor dabiltza Santa Barbarako Unamendi nabarmendu nahian (gaitzerdi, Haizlehor itxuragabea ezabatzea lortzen badute behintzat); Axari Trailekoentzat gutxi balio du Atxurbide izen orokorrak, Dorronsoro orain arte ia ahaztuaren parean… Lazkaomendi, horra izan zaharraren izen ondo erabilia, horratik!
Ondo dago kartografo eta gainerakoon ahalegina gure izen zaharrak ezagutu eta zabaltzeko. Baina ez dezagula benetan inguruaren ezaupidea izan duen edo duen jendearen jakintza gure aurreiritziekin itxuraldatu.
Tradizioa ezagutu
Ez genuke hainbeste arazo izango, gure tradizioa ezagutzeko ahalegin zintzoa aurre-aurrean jarri izan bagenu (eta izena aldatu behar dela iritziz gero, aldatzeko —baita ere— hori askotan gertatu baita). ‘Txindoki’ izena asmatu ez, baina jakin behar zutena jakin gabe zabaldu zutenei, esate baterako, komeniko zitzaiekeen Iztueta zaldibiarrak 1847an izandako ikusmira izatea, bazterrak nahasten hasi baino lehen: «Aralar-co aitz goititu Larrunarri deitzen zaionaren musturretic icusten da argui eta garbi Guipuzcoaco mugapearen gueiena; Nafarroaco mendi ta Erriac; Araba-co eta Bizcai-co toqui asco; bai ta cembat, eta nolaco ontziac Donostiaco caian arquitzen diran ere, zortzi legua bide dagoelaric batetic bestera».