Amparo Arrizabalaga (Urretxu, 1946) Zumarragako Santa Isabel jaien alde gehien lan egin duen urretxuarra izango da, seguru aski. Urte asko eman ditu haurren eta elkarteen danborraden antolaketan lanean, La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasle ohien elkartearen eskutik. Aurten utziko du. Erregeen Zamalkada antolatzen ere lan egin du. Horretaz gain, gizarte arloko hamaika ekimenetan parte hartu du.
Urretxuko Iparragirre kalean jaio zinen, baina jende askok Zumarragarekin lotzen zaitu.
Bi herrietan bizi izan naiz, baina jendeak Zumarragakoa naizela uste du. Urretxuar petoa naiz, ordea. Argi gera dadila.
Zer diozu zure gurasoez eta anaia-arrebez?
Hamar anaia-arreba izan ginen. Bosgarrena 20 hilabete pasatxorekin hil zitzaigun. Beste anaia bat 51 urterekin hil zen. Gainontzeko ia guztiok Urretxu eta Zumarragan bizi gara. Bakarra bizi da kanpoan, gazteena, Gijonen bizi da. Hori dela eta, sarritan elkartzen gara. Duela aste batzuk elkartu ginen azkenekoz, Urretxuko Etxe-Azpi elkartean. 70 lagun baino gehiago elkartu ginen.
Zertan lan egiten zuten zure gurasoek?
Aita (Florentino Arrizabalaga) legazpiarra zen eta Patrizio Etxeberria enpresan lan egiten zuen. Ama (Juanita Arbulu urretxuarra), berriz, etxekoandrea zen. Baina jostun ona zen eta kanpokoentzako ere josten zuen. Oso pertsona ona zen. Mundu guztiari laguntzen zion. Nire ustez, anaia-arreba guztiok amaren eskolakoak gara.
Ze ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak egin nituen. 11 urterekin mojekin joan nintzen eta hogeirekin itzuli nintzen. Larraurin, Madrilen, Gasteizen eta Bilbon egon nintzen. Madrilen Gil y Gil doktorearen klinikan lan egin nuen eta Bilbon San Sebastian doktorearen klinikan. Kliniketan denetik egiten nuen. Mojekin, denetik egiten da. Moja egin behar nintzen eta nire gurasoak agurtzera etorri nintzen, baina mojek ez ninduten hartu. Ez dakit zer gertatu zen.
Herrira itzuli zinenean, zer egin zenuen?
Nire izeba Elenaren farmazian lan egiten hasi nintzen, Zumarragako plazan. Garai hartan azoka igande goizetan egiten zen, eta igandeetan lan asko izaten genuen. Gainera, izeba oso pertsona ezaguna zen Zumarragan. Saltzaile bezala lan egiten nuen, oso gustura. Oso lan talde polita genuen. Bi urte inguru eman nituen farmazian, berehala ezkondu egin bainintzen. Farmazian ezagutu nuen Josetxo, nire senarra dena. Ura ekartzen zigun: Mondarizekoa, Altzolakoa… Santa Isabel egunean denak bikotearekin igotzen ziren Antiora eta Josetxok ez zuen bikoterik. Berarekin joatea proposatu zidaten eta ordutik. Antiotik jaitsi ginenean ez nuela berarekin jarraitu nahi esan nion, baina…
Ze urtetan ezkondu zineten?
1970ean. Hiru seme-alaba eduki genituen: bi mutil eta neska bat.
Zer egin zenuen ezkondu ondoren?
Senarraren familiaren enpresan lan egin nuen. Lixiba eta sifoia egiten zituzten. Sifoia egiteko makina gordeta dugu oraindik. Sifoia herriko taberna eta dendetan saltzen genuen. Bolada batean Arrasatera ere joan ginen, baina urruti zegoen eta joateari utzi genion. Garai hartan sifoi asko kontsumitzen zen. Tabernetan ardoa sifoiarekin edaten zen. Sifoiaz gain, San Miguel garagardoa, La Pitusa gaseosa… saltzen genituen. Hasieran, gaseosa ere guk geuk egiten genituen. Ondoren, Gipuzkoako gaseosa ekoizle guztiak elkartu egin ginen eta La Pitusa marka sortu genuen. Oiartzunen ekoizten genuen eta handik ekartzen genuen.
Nolatan hasi zinen danborradaren antolaketan lanean?
Nire senarra La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasle ohien elkarteko lehendakaria izan zen. Danborradak Oargik antolatzen zituen, baina utzi egin zuen. La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasle ohien elkarteak hartu zuen lekukoa. Ondoren, Oargik kabalgata ere utzi egin zuen eta ikasle ohien elkarteak hartu zuen. Danborrada 1979 inguruan hartu genuen. Aurten utziko dut.
Nortzuk osatzen duzue lan taldea?
Ez gara asko, baina familia baten modukoak gara. Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean eta oso ondo moldatzen gara. Hemendik aurrera, Maite del Barriok hartuko du danborraden eta kabalgataren ardura. Del Barrioren aita, Felix, duela sei hilabete hil zen. Asko laguntzen zigun eta bere falta sumatzen dugu. Horrek bai merezi duela omenaldia! Haurren danborradan antolatzaileok xingola beltzak eraman genituen bere oroimenez eta helduen danborradan nahi duen guztiak eraman ahal izango ditu. Hiltzera zihoanean, bere senitartekoei danborradan lanean jarraitzeko eskatu zien. Alargunak, bi alabak, semeak eta bilobak danborradan lan egiten dute. Azpimarratzekoa da. Eskertzekoa.
«Danborradan xingola beltzak eraman ditugu Felix del Barrioren oroimenez»
«Del Barriok, hiltzera zihoanean, bere senitartekoei danborradan lanean jarraitzeko eskatu zien»
«Arlo ezberdinetako boluntarioek egiten duten lana ez da behar bezala eskertzen»
Danborradak antolatzea lan gogorra al da?
Lan asko dago: jantziak eta danborrak konpondu behar dira, entseguak egin, jantziak probatu… Entsegu egunetan, 18:00etatik 21:00etara bertan egoten gara. Hori guztia ez du inork ikusten. Arlo ezberdinetako boluntarioek egiten duten lana ez da behar bezala eskertzen. Herritarrek danborradetan parte har dezatela gutxienez. Antolatzaileek horrenbeste merezi dute. Herrietako jaiek arrakasta izatea nahi badugu, parte hartu egin behar da.
Urte hauetan guztietan gogor lan egin duzu, baina gozatu ere egingo zenuen.
Asko gozatu dut. Baita gainontzeko ekimenekin ere. Drogen arazoa hasi zenean, mediku bat hitzaldi bat ematera etorri zen. Zer egin genezakeen galdetu genion gure buruari eta 1986an ludoteka ireki genuen. Larunbateetan eta igandeetan irekitzen genuen, 16:00etatik 21:00etara. Hala, haurrak toki egoki batean egotea lortzen genuen. Juanjo Sagarna zinegotziak asko lagundu zigun. Ludotekako haur haiek seme-alabak dituzte dagoeneko eta seme-alaba horiek danborradan parte hartzen dute. Ludotekako haur haiek nigana etortzen dira eta garai hartako pasadizoak gogoratzen dizkidate. Hori da jaso dezakedan saririk ederrena. Udalak bestelako jarrera du. Batzuetan boluntariook lanean jarraitzera derrigortuta gaudela dirudi. Pena da. Udalak begirune apur bat gehiago izan beharko luke boluntarioekin. Hori bai, diruarekin ez dugu inoiz arazorik izan.
Makina bat pasadizo izango dituzu.
Ba al dakizu ez diogula sekula euriagatik danborrada egiteari utzi? Bestalde, garai batean, geltokiraino joaten ginen. Zubiraino. Helduen danborradaren erdia Urretxuko aldean jartzen zen eta beste erdia Zumarragan. Zumarragako Martxa Urretxun jotzen genuen! Josean Mendizabali hori nola egin zezakeen esaten nion… Bestalde, danborradaren eskutik turismo apur bat ere egin dugu. Fuengirolara joan ginen, adibidez. Laguntzaileei eskerrak ematea gustatzen zitzaigun, eta bazkariak eta halakoak ere egiten genituen. Urte batean Sevillara joan ginen. Zamalkadako jaiotze bizidunean parte hartzen zutenekin, berriz, Bilboko Haurren Gabonetako Parkera joaten ginen. Laguntzen duen jendeak saria merezi du.
Danborradak asko aldatu al dira?
Ez dakit ba… Nire ustez, ikastetxeek garrantzi handiagoa eman beharko liokete haurren danborradari.
Nola bizi dituzu Zumarragako jaiak?
Egia esan, ez naiz oso parranda zalea. Gainera, danborradek lan handia ematen dute. Ez da kalera ateratzea bakarrik, ondoren dena jaso behar da. Makina bat eskailera igo eta jaitsi ditugu.
Eta zer diozu Erregeen Zamalkadaz?
Lan gutxiago ematen digu. Arduradunak gu gara, baina elkarteek ere zenbait lan egiten dituzte.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Geroz eta jende gutxiago dago parte hartzeko prest. Jendeari parte hartzeko eskatu nahi diot. Eta laguntzeko prest etortzen badira, hobeto. Jende gaztea behar dugu. Gazteak pizgarri dira.
Gizarte arloko ekimenetan ere parte hartu izan duzu.
Osasunaren Pastoralean lagundu nuen. Gau asko pasa ditut ospitalean, gaixoekin. Urte asko eman ditut horretan. Horretaz gain, droga-mendekotasun arazoak izan dituztenei lagundu diet. Tartean, nire iloba bati. Horretaz gain, Errusiako haurrak ekarri nituen uda pasatzera. Arazoak zituzten haurrak ekartzen genituen, Bizkaiko elkarte baten bitartez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutan zeuden haurrak ere izan nituen etxean. Bizpahiru urte egon ziren nire etxean, harreran. Egun, geriatrikora joaten naiz adinekoekin egotera.
Laguntzeko sena amarengandik datorkizula esan duzu.
Hala da. Ama bizilagunei laguntzen ezagutu nuen beti. Bestalde, mojekin emandako urteek ere eragina izango zutela pentsatzen dut. Beharbada, mojekin gelditu izan banintz, ez nituen horrenbeste gauza egingo. Zortea izan dut, nire senarrak nahi nuen guztia egiten utzi baitit. Are gehiago, berak ere egitasmo guztietan parte hartu du.
Egun, zertan ematen duzu eguna?
Ez dut zaletasun berezirik. Goizean ibiltzera joaten naiz eta arratsaldetan nire ahizpekin kafea hartzen dut. Gauza gehiago egin nitzakeen, baina dagoeneko 76 urte ditut. Gazteagoa banintz, herria dantzan jarriko nuke! Oso pozik nago, gazteek egindako guztia gogoratzen dutelako. Ludotekako lehen urteetan ehundik gora neska-mutil etortzen ziren astebururo! Gustura lan egin dugu eta zoriontsuak izan gara.
Urretxuar petoa zara. Ez al dizute sekula adarrik jo?
Jose Antonio Mendizabal da adarra gehien jotzen didana. Urretxuarragatik ez balitz, danborradak eta zamalkada aspaldi desagertuak egongo zirela esaten diot. Egia esan, ni naiz taldeko urretxuar bakarra.
Garai batean gauzak oso ezberdinak ziren…
Hala da. Gaur egungo Urretxuko eta Zumarragako gazteen artean ez dago lehiarik. Ez zaie axola aldamenean dutena zein herritakoa den. Nire amaren garaian, oso bestelakoak ziren kontuak. Nire amak Zumarragakoei harriak botatzen zizkien! Hala ere, Zumarragako danborradako jantziak egiten lagundu zigun: Zelai Arizti ikastetxekoei Lopez de Legazpiren garaiko jantziak egin zizkien. Adarra jotzen nion.
Gizartearen alde lan egin duen emakumea
Amparo Arrizabalaga oso ezaguna da Zumarraga eta Urretxun, baina inork ez du ezagutzen etxekoek bezain ondo, noski. Jorge Andueza ‘Pitu’ semeak bere amak ingurukoei laguntzeko duen joera azpimarratu du. «Familian arazo bat egon denean edo zer edo zer gaizki atera denean, amak denok elkartu gaitu. Arazo bat zegoen bakoitzean, berari deitzen zioten arazoa konpontzeko, laguntza eske. Jendeari laguntzen ezagutu dut beti».
Horri esker, Anduezak eta bere anaia-arrebek jende asko ezagutzeko aukera eduki dute. «Ama beti jendearengandik gertu egon da eta gure etxeko ateak beti zabalik egon dira. Beti emateko prest egon da. Elkarte eta egitasmo askotan parte hartu du, eta seme-alabok egitasmo horiek gertutik ezagutu ditugu. Guk ere egitasmo horietako askotan parte hartu dugu. Horri esker, jende asko ezagutzeko aukera eduki dugu», azaldu du Arrizabalagaren semeak.
Anduezak bere aitaren papera ere azpimarratu du. «Aitak ere paper garrantzitsua izan du horretan guztian. Jendeak gure ama ezagutzen du batez ere, baina aita ere beti hor egon da. Proiektu guztietan bere laguntza eskaini dio amari. Nire amarentzako zutabe garrantzitsua izan da. Ez dio sekula eragozpenik jarri. Beti ondoan egon da, isilik, lan egiteko prest», azaldu du.
Etxean ikusitakoak beregan eta bere anaia-arrebengan eragina izan duela uste du. «Hiru anaia-arrebok hezkuntza munduan lan egiten dugu. Irakasleak gara. Nire ustez, ez da kasualitatea. Amak eta aitak ingurukoei laguntzen irakatsi digute, daukaguna ematen, eta horrek irakaskuntza mundura eraman gaitu», amaitu du.