Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Simone de Beauvoirrek zion: «Nahikoa da krisi politiko, ekonomiko edo sozial bat emakumeen eskubideak zalantzan jartzeko». Nahiz eta abortua legez kanpo uztearen kontua Estatu Batuetako gauza izan, arriskutsua da edonongo emakumerentzat. Are gehiago kontuan izanda AEB munduko potentzia garrantzitsuenetakoa dela. Eta herrialde demokratiko bat, teorian, noski.
Ez da bidezkoa, ez han eta ez inon, abortu legalera jotzerakoan, duela 40 urte baina eskubide gutxiagorekin topo egitea. Ez da bidezkoa bortxatua izan bazara eta haurdun geratuz gero, abortatzegatik kartzela zigor handiagoa jasotzea zure bortxatzaileak jasoko duena baino. Ez da bidezkoa erraztasun gehiago izatea armak eduki eta maneiatzeko gure gorputzaren gain erabakiak hartzeko baino. AEBtako sei estatuk hasi dute jada abortua ilegalizatzeko prozesua, eta beste hamazazpik bide berdina jarraituko omen dute (Estatu Batuen erdia).
Baina ez hain urruti, Espainiar estatuan bertan, ultraeskuinak eta ultrakatolikoek abortuaren aurkako manifestaldiak iragarri dituzte. Orain arte askok uste izan dute zenbait eskubide bizi osorako bermatuta izango genituela. Abisatu zenigun, Simone, eta askok ez genuen sinetsi nahi izan.