Berriki sute madarikatua izan bada ere, historian zehar hainbat eta hainbat izan dira han eta hemen. 1731ko uztailaren 2an, hain zuzen, aurtengo ekainekoaren leku berean beste sute handi bat izan zen; Amezti edo Akisolbaldabarrena izeneko lekutik hasita Arastortzeko gurutzeraino bitartean; kronikek diotenez «asmo txarrez» eragindakoa. Dirudienez, Ataun/Lazkao/Zaldibiaren lur-jabetzan.
Erre zena, gehienbat, otea, sasia, arantzabeltza, elorria, artea eta ametza izan zen.
Garaian egin ohi zen bezala, Juan Antonio Barandiaran Ataungo alkateak hainbat lekukori deitu zion: idiekin egurretan zebilen Silbestre Agirreri, Frantzisko Maiza morroiari, egur bila inguru haietan zebilen Pedro Urdangarini, Antonio de Eguzkizari, Joseph Maizari, Lazkaosaroin egurra egin eta zaldiarekin zetorren Sebastian Ibarrolabururi, Aralarrera artaldea ikustera zihoan Martin Zeberiori, bere amarekin ahuntzetara zihoan Mariana Arrueri, ote bila Lasarteko iturri aldera joanda zebilen Juan Arrueri, Domingo Ibarrolabururi, behi bila inguruan zebilen Juan Barandiaran mutil koskorrari…
Testigantzak entzun ondoren, autoak hiru lagunen juzkua egin zuen: Maria Zurutuza, Frantzisko Maiza eta Antonio Izuzkiza jo zituzten errudun.
Ardagaitik hartua izan ote zen
Hain urrutian eguna pasatzeko eta otordua egiteko, ardagaia sutan eraman omen zuten eltzea berotzeko aitzakian, baina beste zerbaitetarako erabili uste izan zen, eltzea berotzean hutsegiteren bat izan ez bazuten behintzat. Hala ere, Lasarteko lepoko iturrian ardagaia artean sutan ikusi zutenak izan zirenez, ezkutatu ote zuten susmoa ere zabaldu zen.
Akusatuek ez zuten ukatu han ez zirenik, bai ordea sua piztu zutenik. Beraiek iristerako sua ba omen zen, errepikatu zuten behin eta berriz. Baina hala ere, harrigarria da ke artean laian nola ikusi zituzten batek baino gehiagok. Egia esan, Maria aitzurrarekin.
Lekua ezagutzen duenak, badaki Lasarteko lepotik Intzartzu aldera abiatuta ezkerrean den hegiari Amezti deitzen zaiona, eta, Intzartzutik gora pagadia igaro ondoren, albitza besterik ez dagoela Atakakabiko koba eta Arastortzeko gain inguru guztian. Leku horren izena Linasoro da, eta horregatik ari ziren laian lihoa ereitearren aurrez larrea garbitzeko asmoz. Baina ura eta sua belaunetik behera behar direnez, bazterrak kiskaltzea besterik ez zuten lortu. Gaur egun ere garbi-garbi ikus daiteke albitz-soro hondoa.
Liho edo lino-landareren bat topatzeko zoria duenak ongi aski lotuko ditu albitza, lihoa eta lurra; jakinaraz beza!
1742ko uztailean ere beste sute bat izan zen inguru horietako Aizkoate, Intzartzu eta ‘Arcellus’ inguruan. Ordukoan nahita emandakoa. Emailea, Frantzisko Imaz. Harrapatu eta kartzelatzeko agindua eman zuen Gabriel Dorronsoro Ataungo alkateak, baina errukituta-edo, azkenean zera erabaki zuten: inguru haietan 10.000 txirpi edo sapi-landare hesidun mintegia eratzea, inongo soldatarik gabe; herriak mantenua besterik ez zion agindu.