Haizea Diez Oiarzabal (Ormaiztegi, 2002) moda diseinatzailea da eta bere lehenengo bilduma pasarela gainean ikusi ahal izan du duela gutxi.
Nola piztu zitzaizun moda munduarekiko interesa?
Interesa txikitatik datorkit, amarengandik. Beti eman diogu garrantzia arropari. Amak garai hartan ohikoa ez zen bezala, Internet bitartez eta aldizkarietatik erosten zizkidan arropak, eta horrek berezi egiten ninduen. Haurra nintzenean ere gauean hurrengo egunean zer jantzi eta nola konbinatu pentsatzen aritzen nintzen. Horrez gain, nik neuk egiten nizkien jantziak panpinei, etxean topatzen nituen oihalekin. Ondoren, handitzen nindoan eran aldizkariei eta sare sozialei erreparatzen hasi nintzen. Beraz, txikitatik barru-barruan izan dut modaren garra.
Duela gutxi lehenengo bilduma egin duzu: Kuttun. Nondik sortu da ideia hori eta nolakoa izan da prozesua?
Errioxako Wü̈rth museoak eta ESDIRek egindako kolaborazioan ikasleoi bilduma bana egiteko aukera eman ziguten Soinua gaitzat hartuta. Aitak intxaurrak ipurdiarekin puskatzeko gaitasuna du eta ezaguna da horregatik, beraz, intxaurrak haustean egiten duen soinua oinarri hartuta, intxaurraren itxurari erreparatuz materialak pentsatu nituen. Kanpoaldea egurraren antzekoa zela ikusita gona egurrarekin egitea erabaki nuen. 800 egur-txapa zulatu eta elkarri lotu nizkion, zirrindolen bitartez. Goiko atalerako kortse bat egin nuen oinarri bezala eta gainetik intxaurrak hausten denean izaten duen bihotz forma egin nion, bolumen aldetik oreka lortuz goiko eta beheko atalen artean. Hala sortu nuen desfilerako jantzia.
Izena ere familiatik datorkio, amak ohitura handia baitu Kuttun deitzeko guri, eta familiartasun hori mantenduz, bildumaren izena hori izan behar zuela erabaki nuen.
Zer sentitu zenuen zure diseinua pasarela batean ikustean?
Jantzia pasarelara atera aurretiko momentua oso itogarria izan zen. Denbora gutxi nuen modeloa janzteko, eta oso justu ibili nintzen, baina behin amaituta oso momentu berezia izan zen eta ia malkotan amaitu nuen. Gainera, oso erantzun positiboa izan zuen eta niretzat beste munduko esperientzia bat izan zen.
Norekin identifikatzen zara gehien moda munduan eta zer da gustokoen duzuna?
Ni gehien Balenciagarekin sentitzen naiz identifikatuta. Azken finean, Euskal Herrikoa izateak gertutasuna ematen dit eta mundu mailan duen prestigioa ikaragarria da. Diorrekin, Coco Chanel eta halakoekin alderatu izan da eta sekulakoa iruditzen zait. Askotan ez gara konturatzen etxean bertan dugun altxorraz eta niretzat erreferente bat da eta bere pausuak jarraitzea gustatuko litzaidake.
Etorkizunera begira baduzu beste proiekturik esku artean?
Ez, oraingoz ez dut beste proiekturik esku artean. Datorren ikasturtean Erasmus programaren bitartez Errumaniara noa eta bertan kultura eta ohitura berriak ezaugutu ahal izango ditut, oso garrantzitsua iruditzen baitzait mundua ezagutzea modan jarduteko. Horrez gain, aurrera begirako nire helburuak praktikak etxetik kanpo egitea da, izan Bartzelona edo Madril bezalako hiriren batean eta ikasketak amaitu eta moda munduan jarraitzea urte luzez.