Oier Markotegi Zubillaga legazpiarra, Odik ezizenez ezaguna, musikaria da eta txikitatik izan du musikarako grina. Duela astebete, ekainaren 29an, kaleratu du bere zazpigarren lana: ‘Perfect Wolf’.
Oso gazte hasi zinen musika munduan. Nolakoa izan zen hasiera?
Etxean bideoak egiten nituen nire bideogintzarako zaletasuna dela eta. Ondoren, abesti bat sortzeko aukera iritsi zitzaidan, produktore baten eskutik, eta lehen abestia egiteari ekin nion, ezjakintasunez eta ilusioz. Ondoren, Hi Gazte!-n parte hartu nuen eta ekimen hori pauso garrantzitsua izan zen profesionaltasunerantz, esperientzia ahaztezina. Hala ere, egungo abestietatik lehenengoetara sekulako bilakaera nabaritzen dut, bai estiloan eta baita kalitatean ere.
Orain arte egindako lanik landuena Infinitua trilogia izan da. Nola bururatu zitzaizun trilogia bat egitearen ideia?
Azken finean hiru abesti kaleratu ordez hiru abestiei soinu antzekoa eman eta istorio jarraitu bat egitea pentsatu nuen. Horrez gain, bideo aldetik ere berrikuntza iritsi zen, soinua entzutean nahiko galaktikoa zela iruditu baitzitzaidan. Beraz, unibertsora egin nuen bidaia abesti honekin.
Lehen abestiak euskaraz, ondorengoak frantsesa uztartuz eta azkena ingelesez. Nolatan hizkuntza horiek?
Hasieran euskaraz egiten nituen abestiak, baina frantsesa oso barneratuta dut familia eta musika dela eta. Horrez gain, oso gustuko dut fonetikoki lortzen den emaitza. Beraz, frantsesa sartzen hasi nintzen nire abestietan eta azken abestian, ingelesarekin ausartu naiz, zerbait berria eskaintzeko asmoz.
Aurrera begira baduzu beste proiekturik esku artean?
Uda honetan abestiak egin eta grabatzeko tartea hartuko dut, errepertorioa zabaltzen joateko. Lan hauek ondo garatuak izatea nahi dut eta lasai hartuko ditut, emaitza hobeak lortzeko. Behin abesti gehiago eginda kontzertuak prestatzen hasiko naiz, sareetatik kaleetarako jauzia prestatzen. Gogotsu nago nire buruari jarritako erronkei aurre egiteko eta horretarako lanean jarraituko dut.
Musika elektronikoa egiten duzu, euskaraz ez gaude horren ohituta musika mota hori entzutera. Nolatan hartu zenuen erabakia?
Ez zen hautu konsziente bat izan egia esan. Txikitatik musika estilo hori entzun izan dut, batez ere, hemen inguruan musika elektronikoaren aitzindari direnetako batzuk, adibidez, Hemendik At!. Hori hala izanik, eroso sentitzen naizen estilo bat da eta nik entzule bezala ere gehien disfrutatzen dudana. Beraz, musika elektronikoa aukeratu nuen beti izan dudalako barnean eta hala atera zitzaidalako, nire erosotasunetik.