Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Etxe bat zutik mantentzen da ingurune distopiko baten erdian. Inguruan txorimaloak gogorarazten dizkiguten bi zutabe daude, eguzkiloreen modura, gaizkia mugetatik harago mantentzen dutena. Barnean familia bat: aita, ama eta haurra. Hauxe da El paramo filmaren abiapuntua. Familia lasai bat dirudien arren, euren lotura emozionalak arriskuan jarriko ditu denborak. Lehenik, zauriak erakusten dituen gizonezko bat iritsiko da errekan behera.
Orokorrean, filmaren tonua ongi mantentzen da; plano itxiak, argiztapen gutxi eta kolore tonu ilun eta itzaliak. Baina badaude une batzuk tonu hori guztiz apurtu, eta behartuta, ikuslea ingurune ezberdin batera eramaten dituena. Bada ama-semearen zoriontasun sekuentzia bat, irribarre eta dibertsio momentu bat erakusten duena. Hau, pertsonaia nagusiak une txarra duenean oroitu ahal izateko erabiltzen duten arren, ongi justifikatu gabeko baliabidea dela deritzot. Film bati tonu bat egokituz gero, tonu hori amaierara arte mantendu behar da. Bestela, ikuslea atera egiten da istoriotik. Sekuentzia hori filmaren hasieran kokatu eta jarraian ingurune gordina erakutsiko balitz, pertsonaien aurkezpen itzela izango luke filmak: izan zena eta orain denaren arteko konparaketa zuzena. Terrence Malik zuzendariak erabilitako zuzendaritza teknikak hainbatetan errepikatu dira film ezberdinetan eta horiek ikusi ditzakegu El paramo-n ere: lente angularrak, eguzki flareak objektuetan, bi pertsonaien arteko gune goxoak izaren artean…
Tonuarekin oso batera datorren beste gai bat pertsonaien garapena da. Haurrak gertatzen ari zaion hori guztia prozesatzearekin nahiko duenez, bere garapena arrazoituta dago. Alderantziz, gurasoek sekulako garapen kaskarra dute. Izan ere, euren ekintzak jada heldutasun bat erakutsi beharko lukete, erokeria aitzakia izan gabe. Jakina, ez da erraza honelako erretratu gordin bat pantailaratzea, baina, gaiztoak arrazoi gabe gaiztoak ez diren moduan, erotasuna ere ez da ausazkoa.