Antzina gertatutako ezbehar eta galera mingarrien testigantza ematen dute han-hemenka erdi gordean eta ahaztuta irauten duten hilarriek. Heriotzak ezustean harrapatu zituen haien alde eta omenez, azken bedeinkapenak hartu gabe joan behar izan zuten haien arimak alderrai ibili ez zitezen, objektu iraunkorrak ezartzen zituzten, bide erakusle bezala.
Idiazabalen, Axarizulota deritzon parajean dagoen hilarria da horietako bat. Inguruko auzotarrek betidanik ezagutu izan zuten «bi aldeetatik gurutzeak zituen mugarria», baina 1987an katalogatu zuten hilarritzat adituek, Lorentxo Ugarteren ikerketaren ondoren (Eusko Folklore Urtekaria 1987). Gurutzeta auzotik gora, Aristizabal baserritik aurrera jarraituta, Atxurbide mendirako bidean dago hilarria, pista zaharraren ertzean.
Kondairek diotenez –ez baitago zehatz hala izan zenik–, otsoak harrapatu eta hildako 14 urteko neska batek omenezkoa da hilarri hori. Neguko arratsalde elurtu batean, behiak etxeratzeko aginduta bidali zuten neskatoa etxekoek. Ez zituen abereak aurkitu, eta bakarrik itzuli zen etxera. Haserre, berriro bila joanarazi zuten, «otsoak jango al hau!» esanda.
Joan zen neska, baina ez zen gehiago etxera itzuli. Zortzirehun bat metrora, odol arrastoak eta oinetakoak besterik ez zuten topatu. Otsoak jan zuen.
Geroztik, Aristizabalgo pinudiaren mugan zegoenez, mugarritarako erabili izan zuten hilarria. Gainean ditu sailen norantzak adierazteko markak.
Beste hilarri bat handik gertu
Axarizulotakoa ez da inguruko bakarra. Handik gertu, Olaberriko lurretan, Arkurutzeta esaten dioten beste hilarri bat bada. Oso antzeko motiboa du hark ere. Inguruko baserrietan duela 40 urte arte mantendu zen istorioak dioenez, Altsasura botika bila zihoan gizon bat hil zuen kasu hartan otsoak.
Axarizulotako neska nongoa zen ere ez dago argi. Arizkorreta Saletxekoen esanetan, Aristizabal baserrikoa zen; hangoentzat, berriz, lehenengokoa.
Idiazabalen bertan, Sorozarreko hilarria ere badago, Segurara doan galtzadaren alboan, Urrutikoetxe baserritik gertu. Putzuko ura edanda hil zen gizon baten omenezkoa omen da. Baserrikoek ez zuten handik urik gehiago edan.