
Ume mordoxka elkartzen ginen Mutiloako plazan, jolasean, bizikletan, algararaka, batzuetan haserre eta bestetan adiskide.
Salome Olaetxea • Mutiloa
Haurtzaroan Mutiloako Elizondo etxean, Eskribauene batzuentzat, bizi izan nintzen, Mutiloako plazan.
Ez dira hainbeste urte pasa…edo bai? Hau ere, fisikako maisu batek esaten zigun moduan, asko edo gutxi «erreferentzia puntuaren» arabera izaten omen da. Umetako lehen urte horiek garrantzi handia izaten dute eta niretzako bai garai hartan eta ondoren ere, plazan edo inguruan bizi izandakoak ahaztuko ez ditudan oroitzapenak dira.
Ume mordoxka elkartzen ginen bertan, jolasean, bizikletan, algaraka, batzuetan haserre eta besteetan adiskide. Gure jolasak etetea lortzen zuen bakarra D. Andoni Aseginolaza zen, bai bai, Don Andoni deitzen genion, herriko apaiza zen, antzuolarra, gizon txikia, serioa, sotana beltza soinean horrelaxe gogoratzen dut. Apaiz-etxetik Etxezurira otorduetan egiten zuen ibilbidea. Plaza zeharkatzen zuenean aho batez esaten genion «Agur Maria»; hark «Sortzez garbia» erantzuten zuen eta aurrera jarraitzen zuen.
Erlijioak bere pisua izan zuen gure haurtzaroan, maiatzeko igandeetan bezperak egiten ziren eta gu aingeruz janzten ginen. Aingeru jantziak Etxezurin gordetzen ziren, etxe bikaina, gurearen ondokoa; bezperen aurretik bertara joaten ginen janztera. Gu aldatzen ginen gelan pianorik ez zegoen, baina bagenekien Etxezurin bi zeudela eta ez zen iganderik pianoan doinu batzuk jo gabe irteten ginenik.
Filomena astoaren istorioak
Gogoan dut nola sarritan Murgiondotik Buztindegin zegoen dendara joaten zen Julian Murgiondo, gizon patxarosoa, atsegina, broma zalea. Behin plaza parera iritsi zenean, kontatu zigun Filomena izeneko astoa zuela, betaurrekoak zituela eta oso pinpirina zela. Geroztik, Julian plaza paretik pasatzen zen bakoitzean Filomenagatik galdetzen genion eta Julianek imaginaziorako zuen abilezia harekin beti erantzun desberdinak ematen zizkigun: etxean gelditu da periodikoa irakurtzen; abioia hartu eta oporretara joan da; pelukerian izan da eta permanentea egin du, oso guapa etorri da… guri asko gustatzen zitzaigun Julianen erantzun bitxi haiek entzutea, eta urte batzuk beranduago ere, gaztetxoa nintzela, Filomenaren berri eskatu izan ohi nion Juliani.
Sasoi hartan udako oporrak luzeak izaten ziren, egun guztia kalean egiten genuen, ez dut oroitzapenean udako egun euritsurik ez, kontrakoa esango nuke…egunak eguzkitsuak eta luzeak izaten ziren. Egia da batzuetan egunak ere begiratzen diegun moduaren araberakoak izaten direla eta urte haietan, beti urdinak izaten ziren.
Beno tarteka norbaitek eguna iluntzen zigun eta gurean Izoztegiko Maria izaten zen. Etxeko ate aurrera ateratzen zen Sakamantekas Mutiloara etorri zela esatera; «Buztindegi ondoko estalpean dago lotan, ez gerturatu, bestela harrapatu eta jan egingo zaituzte», esaten zigun. Orduan denak etxe barrura sartzen ginen amari entzundakoa kontatzera eta amaren hitz lasaigarriak entzundakoan berriro ere plazara ateratzen ginen.
Plazaren inguruko bitxikeriekin bukatu beharrean nagoenez, kontatuko dizuet egun hauetan, San Pedro jaietan ospatu den sagardo dastaketaren lehen edizioak ere eliza atzean egiten hasi zirela, Mutiloako plazaren ondoan.