Joxe eta Agustin Iturbe aizkoragile ezkiotarrek aizkolari onenentzat lan egin zuten. Haiei buruzko liburua argitaratu dute.
Garai batean etxe guztietan zeuden aizkorak, ez baitzegoen argindarrik eta gasik, eta egurra behar baitzen sua egiteko. Iturbe anaien aitona izan zen aizkorak egiten hasi zena, Ezkioko Mitxenea etxean. Aitak jarraipena eman zion, eta Joxe eta Agustin oso gaztetan hasi ziren ofizio horretan lanean. Zortzi bat aizkora egiten zituzten egunero. 100.000 baino gehiago egin zituzten. Inguruko ferietan saltzen zituzten eta Bizkaira, Nafarroara, Kantabriara, Madrilera… ere bidaltzen zituzten. Aizkolari gehienen aizkorak ere beraiek egiten zituzten. Euskal Herriko ekoizle nagusien artean zeuden.
Lurdes Azpiazu Zumalakarregi museoko koordinatzailea Joseba Urretabizkaia argazkilari eta editorearekin harremanetan jarri zen, Joxeren eta Agustinen tailerraren berri emateko. Urretabizkaiak hainbat liburu argitaratu ditu Alvaro Bermejo idazlearekin eta biak Ezkiora etorri ziren. Ezkioko bi anaien tailerra eta lana asko gustatu zitzaien eta Bi buruko aizkora. Iturbe anaiak aizkoragileak liburua egin dute.
Liburua aizkoraren historiari buruzko testu batekin hasten da. «Aizkora neolitikoa baino lehen azaldu zen gure lurraldean. Altxerrin, Ekainen… aizkorak aurkitu dira. Aizkora oso garrantzitsua izan da. Tximista baserriaren gainera eror ez zedin, aizkora bat ateratzen zen atarira ahoz gora, eztei-gauean aizkora bat jartzen zen ohe azpian ugalkortasuna bultzatzeko, ate atzean aizkora bat jartzen zen sorginak uxatzeko… Aizkora, ikusten dena ebakitzeko ez ezik, ikusten ez dena mozteko ere erabiltzen zen», azaldu du Bermejok.
Ezkiotik Zegamara
Liburuan olez eta olagizonez ere hitz egiten da. Izan ere, horien ondorengoak dira Ezkioko Mitxenea etxean lan egin duten guztiak. Mitxeneako lehen errementaria Juan Migel Berasategi izan zen, Joxeren eta Agustinen aitona. «Ezkion ez zegoen errementaririk eta Zegamara joan zen lanbidea ikastera. Oinez joaten zen eta astea han pasatzen zuen. Ofizioa ikasi zuenean, Mitxenea ireki zuen, 1878an. Tailerra ikusi beharra dago, errementarien lana zein gogorra zen ikusteko. Tailerraren ondoan bizi ziren eta 12-13 ordu ematen zituzten lanean. Egun, hori ulertezina iruditzen zaigu».
Berasategiren alaba bat Carlos Iturbe errementariarekin ezkondu zen. Alargun gelditu zen, eta Melchor Labartza Iturberen anaiordearekin ezkondu zen. Iturberekin bi seme eduki zituen, Joxe eta Agustin, eta hauek Labartzaren eskutik ikasi zuten ofizioa.
Aizkorak egiten espezializatu ziren eta, hala, beraien txarteletan Iturbe Hermanos. Fabrica de hachas jartzen zuen. «Beraien tailerra santutegi bat bilakatu zen: aizkolari onenak bertara joaten ziren aizkora bila». Hain ondo lan egiten zuten, non Patrizio Etxeberria enpresari legazpiarraren konfiantzazko gizonak bilakatu ziren. «Altzairu berria jasotzen zuenean, Iturbe anaien etxera bidaltzen zuen, horiek altzairu hori ona zen ala ez esan ziezaioten».
Australiako aizkorak hobetu
Izan ere, Joxe eta Agustin Iturbe sekulako profesionalak ziren. Altzairuarekin primeran lan egiten jakiteaz gain, egun hainbestetan aipatzen diren berrikuntza eta garapena oso aintzat zituzten. «Australiako aizkolariak lehenengoz etorri zirenean, proba guztiak irabazi zituzten. Proba luzeetan ez zuten esperientziarik, baina beraien aizkorei esker irabazi zuten. Probak amaitu zirenean, Iturbe anaiak aldageletara sartu ziren eta australiarrei beraien aizkorak ikusteko baimena eskatu zieten. Australiarren aizkorak begiratzeaz gain, ahal zituzten guztiak erosi zituzten». Hurrengo txapelketan Euskal Herriko aizkolariak nagusitu ziren. Zergatik? «Iturbe anaiek australiarren aizkorak kopiatu eta hobetu zituztelako. Australiatik aizkorak bidaltzen zizkieten, hobetzeko».
Iturbetarren tailerrak berebiziko garrantzia du aizkora munduan. Zorionez, familiak tailerra bere horretan mantendu du. «Bisitak merezi du. Koba beldurgarri bat da. Apenas sartzen da argirik eta bertako armiarma sareak arkeologikoak dira. Iturbe anaien ondorengoek tailerra bere horretan utzi zuten eta erabaki bikaina izan zen. Sutegiak 100 urte baino gehiago ditu, beraiek asmatutako makinak daude… Ikusgarria da», aipatu du Bermejok.
Tailer hori museo bezala egokitu beharko litzatekeela uste du. «Gipuzkoan ez dago garai hartako beste lantegirik. Txukuntzea merezi du, oso ondare baliotsua baita. Tailer hori museo bilakatzeko ez da asko behar: panel batzuk jarri, argi pixka bat… Silizioaren garaian, bi anaia haiek burdinarekin nola lan egiten zuten ezagutzera ematea oso garrantzitsua da».
Bi anaien ekarpena sekulakoa izan zela dio. «50 urte inguru eman zituzten elkarrekin lanean eta 100.000 aizkora inguru egin zituzten… artisauen eran! Ni Donostiakoa naiz eta nire aitak Iturbe anaien aizkora bat zuen. Iturbe anaiek Ezkioren izena toki askotara eraman zuten».
Liburua ekainaren 26an aurkeztu zuten Ezkion. «Alkateak harrera bikaina egin zigun eta herriak oso ondo erantzun zuen. Eraman genituen ale guztiak saldu egin ziren. Iturbe anaiak oso maiteak zirela ikusi dugu. Liburu asko argitaratu ditugu eta inoiz ez dugu halako harrerarik izan», amaitu du Donostiako idazleak.
Iturbe anaien ondorengoak, gustura
Iturbe anaien ondorengoei asko gustatu zaie liburua. Gorka Carro Iturbe (Zumarraga, 1980) Agustinen biloba izan zen Urretabizkaiari eta Bermejori tailerra erakutsi ziena. «Joxek eta Agustinek garrantzi gutxi ematen zioten tailerrari, baina dagoeneko inork ez du beraiek lan egiten zuten moduan lan egiten. Tailerra mantendu dugu, nahiz eta guk ez diogun tradizioari eutsi. Tresneria martxan dago». Carro Iturbetarren etxean bizi da egun, Mitxenea tailerraren parean. «Pandemia garaian tailerra txukundu nuen eta beraiekin lotutako materiala antolatu nuen: egunkarietako erreportajeak, ETBko dokumentalak…». Aipatzekoa da, baita ere, liburua gazteleraz idatzia izan dela eta Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, euskaratu duela. Izan ere, Ezkio Uemako kidea da.