Erramun Amundarain Otegi (Itsasondo, 1951) pertsona aski ezaguna da Goierrin duen izaera polifazetikoagatik. Irakasle erretiratua, politikagintzan aritua, herrigintzan aktibista nekaezina, musikaria eta sukaldaria, baina batez ere, saltsa guztietako perrexila. Umorez begiratzen dio bizitzari eta egiten duen guztia gozatuz egiten du.
Ordizian bizi, baina Itsasodoarra zara berez. Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Polita gure eskasian ere. Gure aitona-amonek baserri bat zeukaten, eta baserriko giroa ezagutu genuen, mendia, animaliak… Garai hartan kalean igarotzen genituen ordu asko, mutur joka askotan, gure artean.
Itsasondon, bederatzi urte arte, komunio txikia egin arte, bizi izan nintzen eta ondoren, Ordiziara, La Sallera. Eta esango nuke, hori izan zela aro beltzenetakoa, niretzako zelako erabateko arrotza. Erdera ere ez nuen ondo menderatzen. Bederatzi urterekin-edo ikasi nuen erderaz hitz egiten.
Ondoren, joan nintzen internadora, Tolosara. Han nituen beste bi anaia, eta haiek animatuta joan nintzen. Noizbehinka hartzen genituen kaskarreko batzuk, ziurrenik askotan merezita ere bai, nahiko bihurriak izan baikinen.
Ikasten jarraitu zenuen?
Bai, handik, Bilbora joan nintzen, Deustura, Filosofia eta Letrak ikastera. 1970. urtea zen eta garai hartan, langileen semeak gutxi ginen Deustun, ehunetik hiru-edo. Jende gehiena zen diruduna. Garai haietan, gauean beti erretiratzen ginen berandu, 01:00ak aldera, ia egunero, eta gaupasaz ere, askotan. Baina berandu erretiratuta ere, goizean goiz arraindegira joaten nintzen, eta han elkartzen nintzen klasekideen amekin. Harrituta geratzen ziren, haien semeak ohetik altxatu ezinda geratzen zirelako.
Nondik datorkizu sukalderako zaletasuna?
Amarengandik, asko. Familia luzea ginen, zazpi senide, eta ilobak-eta jaiotzen hasten direnean, ezinezkoa da etxe txiki batean 20-25 pertsona elkartzea, eta amari esaten nion hobe zela elkartean juntatzea. Baina gainera, esperientzia oso ona izan nuen soldaduskan. Marinan egon nintzen, Ferrolen, eta komandantea zen bizkaitar bat. Garai hartan, marinel bakoitzeko dieta zen 45 pezeta, horrekin gosaria, bazkaria eta afaria eman behar zen. Egun batean komandanteari esan nion, ‘Eman niri 45 pezetak eta ni konponduko naiz’. Diru hori ondo administratuz gero, lortzen genuen kristona egitea. Gero, batzuk, mareatu egiten ziren, ni ez, ordea. Asko ikasi nuen.
Soldaduskatik atera eta ikasketa garaian ere, ni beti sukaldari, eta beti poteatzen. Utzi kazuela denak sutan, kalkulatu zenbat denbora beharko nuen eta nire pisukide guztiak uzten nituen beldurtuta, pentsatzen zuten egunen batean zerbait gertatuko zela. Nik beti esaten nien egoteko lasai, kontrolatuta zegoela dena.
«Amarengandik ikasi nuen sukaldean, baina soldaduska ere esperientzia oso ona izan zen zentzu horretan»
«Niretzako izan zen unibertsitate onena ikustea nola funtzionatzen duen politikak»
«Oso ekitaldi garrantzitsuetan egoteko eta oso jende interesgarria ezagutzeko aukera izan dut sukaldeari esker»
Gauza askorengatik zara ezaguna eskualdean, eta beste toki askotan, seguru. Adibidez, zure lanbideagatik, irakasle izandakoa baitzara.
Beasaingo Ikastolan hasi nintzen irakasle lanetan. Han egon nintzen 1982 urtera arte, eta ondoren, Ordiziara, Goierri Eskolara joan nintzen. Goierri Eskolak zeukan niretzat berezitasun polit bat; ikasteko balio ez zuten ikasleak bertara bidaltzen zituzten, edo hori esanda bidaltzen zituzten behintzat, eta horregatik, jendea etortzen zen pixka bat akonplejatuta. Hara iristean gauza aski kuriosoa gertatzen zen; aurreko ikasturteetan suspenditu, etorri guregana eta ez dakit gure merituagatik, ziurrenik ikaslearena berea izango zen gehiago, dena aprobatzen zuten. Ikasleen etxekoek deitzen ziguten harrituta, ez zuten sinisten; nola zen posible bost eta sei suspentso atera, Goierrira iritsi eta dena aprobatzea!
Nola gertatzen zen hori?
Goierrira joaten ziren askok hartzen zuten rol bat bere jatorrizko eskolan edo herrian, baina rol horrek ez zien balio Goierri Eskolan, zeren han elkartzen da herri askotako jendea. Agian lider dena bere eskolan, Goierrin ez da lider. Eta gero, nik uste dut eduki nuela zorte handia. Garai hartan sartu baitzen pedagogia berria; hau da, testuak memorizatzea baino gehiago zen ikasleari uztea proiektuetan-eta parte hartzen, deskubritzen uzten. Uste dut positiboa izan zela, ikasleek ere gustura hartu zuten. Bide horretan lanean, GoienArt izena zuen talde batean egon nintzen. Ostiraletan juntatzen ginen Eubako (Bizkaia) konbentuan igande arratsaldera arte. Oso interesgarria izan zen!
Ezaguna zara baita ere, Ordiziako Laguntasuna errondailako abeslaria zarelako.
Ba juxtu gertatu zen, German Telleria errondailako abeslaria hil zela, eta orduan taldea zegoen minimotan. Hori gertatu eta gutxira, Zumarragan, Geltokietako jaietan zuten emanaldia, eta inor ez zutenez abesteko, kuadrillako denak joango ginelakoan ni bakarrik agertu nintzen. Klabelitos ere ez nekien! 1993an izan zen hori. Gero sartu zen beste abeslari bat, J.J. eta urte hauetan guztietan egin ditugu gauza oso politak; Europa aldera bidaiak, ezkontzak…
Politikan ere ibilia zara…
1987an sartu nintzen, 1986an gertatu zen Yoyesena. Erabat gaiztotuta zegoen giroa. 1991ean berriro aurkeztu nintzen Herri Batasuneko zerrenda buru Ordiziako Udalerako, baina ez ziguten utzi alkatetzan sartzen. Ilegalizatuta pasa genituen urte asko, baina nahiz eta zinegotzia akta ezin jaso, lanean segi genuen. Frankismoa sufritu dugu, euskara mailan sufritu duguna, Guardia Zibilaren eta poliziaren aldetik jaso ditugun jipoiak… Ni abertzalea naiz, uste dut subiranotasuna lortu beharko genukeela, eta badakit inork ez diola bere subiranotasunari uko egin bere gogoz. Beti izan da arma bidez inposatutako zerbait, ikusi besterik ez dago kolonialismoek eta inperialismoek nola egin duten munduaren banaketa… Konpromiso politiko nahiko indartsua dut, bai!
Nolako esperientzia izan zen politika barrutik ezagutzea?
Niretzako izan zen unibertsitate onena ikustea nola funtzionatzen duen politikak, udaletxe batek… Ni behintzat gustura ibili nintzen.
Gaur egun zerrendak-eta osatzeko arazoak izaten dira, sarri.
Nik ikusten dut jendea beldurtuta. Beldurtuta, norbera den bezalakoa agertzeko. Kuadrilakoekin ez haserretzeagatik , ezkutatuta. Eta gero dago dedikazioa. Bai, dedikazio handia eskatzen du politikak, baina eta ikasten duzuna?
Auzolanaren pertsonifikazioa zarela esan daiteke.
Uste dut, gure gurasoek erakutsi zigutela zer den auzolana, zentzu zabalenean. Oraindik gogoan dut alargundu zen emakume bat, eta aita eta biok nola joan ginen pisu aldaketarekin laguntzera. Emakume hori duela gutxi hil da eta haren alabak ere errespetu handia digu oraindik. Beste batean, Igorren, erori zen harria, Ordizian gertu zen antzera, eta teilatu denak apurtuta geratu ziren. Ni orduan nenbilen lanean GA Iberica enpresan, udan nola ez geneukan dirurik ba diru pixka bat irabazteko. Harria erori zelako lantegia egon zen itxita hiru egunez eta etxez etxe ibiltzen ginen ea nork behar zuen laguntza, altzariak mugitu, toldoak ipini… Lana bai, baina esker onekoa. Herri guztian ezagunak egin ginen.
Laguntzearena, gustuz egiten duzun zerbait da…
Egiten dudan hori ez da lana, beti giro oso onean, giro oso goxoan, egiten den zerbait da, eta gelditzen zaizkizun oroitzapenak dira oso-oso onak. Juxtu gaur, Seguran topo egin dut Sebastian Lizasorekin. Duela 30 urte ezagutu nuen, Seguran bertan. Ni elkartean nengoen afaria prestatzen, jarri nuen bakailaoa eta Iñaki Muruak esan zidan: ‘Hik ze nahi dek, muturrera botakoik arraie, nola jango dik Sebastianek arraie!’ Eta jan egin zuen. Nik egindako plater berezi guztiak probatu egiten ditu.
Laguntzeko grinak ekitaldi oso garrantzitsuak barru-barrutik bizitzeko eta jende oso interesgarria ezagutzeko aukera emango zizun.
Bai, hala da! Hori da gauza bat oso-oso handia, eta nik ikaragarri ondo pasatzen dut. Adibidez, BEC-era joatea, Euskal Herriko Bertso Txapelketaren finalera. Bitan izan naiz, antolakuntzak ipintzen duen sukaldean. Duela zortzi urte, 500 lagunentzako bazkaria prestatu behar izan genuen. Bertsolariei aparte ematen zaie.
Lehengo uztailean izan ginen Muskildako santuarioan, Otsagabian, Donostiako Orfeoiari zerbitzatzen. 30 pertsona zeuden izena emanda eta azkenean 100 bat pertsona egon ziren afaltzen, mendian, argirik gabe.
Zeintzuk dira zuretzat ekitaldi kuttunenetakoak?
Oso zaila da esaten, asko baitira garrantzitsuak, baina batzuk aipatzearren, adibidez, Kilometroak Tolosan egin zenekoa. Mila txartel saldu ziren eta azkenean emango genituen 1.150 bazkari, eta jende oso interesantea zegoen tartean. Antolakuntzan aritzen dena ere normalean izaten da, oso jende dinamikoa eta dakitenak jendea animatzen. Iparra Hegoan ere laguntzen dut. Azkeneko aldian 80 bat ikasle etorri ziren handik. Oso giro polita sortu zen. Errigora ere nabarmendu nahiko nuke, delako niretzako oso garrantzitsua. Hainbeste dira, guztiak zerrendatzea ia ezinezkoa dela!
Beti esan izan da, herri txikietan jendea prestuagoa agertzen dela.
Herri txikia izan edo handia izan asko nabaritzen da. Ez da berdina Beasain eta Ordizia, edo Gabiria edo Segura bera. Herri txikietan, askoz ere jende gehiago inguratzen da laguntzera. Herri txikietan giroa bereziki polita da. Jendeak parte hartzeko jarrera erakusten du. Eta gero herri batetik bestera ere, aldea dago. Seguran laguntzaile guztiak izaten dira neskak, eta Zaldibian, mutilak. Normalean lehenengo egiten dugu hamaiketakoa. Ni beti joaten naiz eta giro oso polita izaten dugu saltsan elkartzen garenon artean. Gure artean astakeria batzuk esan eta ederki pasatzen dugu!
Saltseroen artean saltseroena
Saltseroen artean curriculum beteena ez badu, gertu egongo da. Erramun Amundaraini medaila bat jarri behar balitzaio, polifazetikoarena jarri beharko litzaioke, zalantzarik gabe. Irakasle erretiratua, politikagintzan aritua, aktibista nekaezina, musikaria eta sukaldaria, beste gauza askoren artean; Ordiziako Olentzeroa, Kaldereroen sustatzailea, paellak egiten maisua…
Azkeneko urte xelebre hauen ondoren herrietako festak berreskuratzen ari garen honetan, poteatzaile ona izateko coach-a ere badela esatea ez da gehiegi esatea, mindfulness-aren aroan. Hark eta haren kuadrillak osatu zuten duela urte batzuk ‘Txikitero eta tabernariaren hamaikalogoa’, zeina bizitzaren alderdi guztietan aplikagarria den: Bat, txikiteroak inoiz ez dio muzin egingo tabernariaren gonbidapenari; bi, tabernaria, mama goxoaren banatzaile denez, begirunez tratatu; hiru, tabernariak ez badu berehala eskatutakoa ateratzen, itxaron, txintxo-txintxo; lau, ardo ona gaseosarekin eskatzen duenarentzat kastigua izango da; bost, bezeroren bati goranzko usaia badatorkio, begiratu beste aldera; sei, tabernariak beste taberna batera joaten denean bere bezeroak gonbidatuko ditu eta ‘Gora zu’ oihukatuko diote; zortzi, tabernari bat ardo txarra saltzen badu zigortua izango da; bederatzi, inolaz ere ez da onartuko eskua oliben ontzian sartzea edo pintxo bat probatu eta berriz uztea; hamar, armonia ona eta giro atsegina lortzeko, parrandazaleentzat material ugaria edukiko du tabernariak, mozorrotzeko, besteak beste; eta hamaika, eta azkenaurrekoa, txikiteoan ez baitago azkenekorik.