Bittor koadrilako lagunak ekarri digu eskura Interneteko bideo xamur bat (bilatu Colette un siècle de piano sarean). Bertan 107 urteko Colette ikusten da, pianoa jotzea eta dantzan egitea maite duen emakumea. Bizitzaren eta luze bizitzearen sekretuak kontatzen ditu. Esaten digu bere ama beti izan zela zahar, baina hara non dioen amona, aldiz, ezetz, askoz gazteagoa izan zela… dantzan egiten zuelako! Ez da inondik ere sekretua bizimodu aktiboa lagungarria dela osasun egoera onari eusteko. Jarduera fisikoari musika eta dantzatzearen plazera gehitzen badiogu, zahartze prozesua atzeratzeko formula ezin hobea topatuko dugu.
Geroz eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute dantzaren onurak adinekoen egoera fisiko-psikikoan duen eragina nabarmena dela. Orain gutxi euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu ditu Maialen Araolaza fisioterapeutak. Medikuek gehien agintzen duten jarduera oinez ibiltzea izaten da eta, egitate hori abiaburu hartuta, beste jarduera batzuk onuragarriagoak izan daitezkeen ikertu nahi izan du, dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsorio-motore eta neuropsikologikoak neurtuz. Euskal dantza tradizionalean aritzen direnek emaitza hobeak lortu dituzte zahartze prozesuan lehen kaltetu ohi diren funtzio kognitibo-motorretan, oreka eta arreta kasu.
Gregory Maqoma koreografo hegoafrikarrak gogorarazi digu: «Gure gorputzekin dantzatzen garen bitartean, espazioan eroriz eta elkarrekin nahastuz, mugimendu-indar bihurtzen gara, bihotzak ehunduz, arimak ukituz eta hain beharrezkoa dugun sendabidea emanez». Horien guztien jakitun, zenbait herrialdetan medikuak hasiak dira dantza errezetatzen. Egunean behin txotis bat, bals bat, bi jauzi eta hiru arin-arin, medikamentu merkeak eta eskuratzen errazak.