Leire Perlines Apalategi • Hitz batzuk Etxaguenetik
Ohikoak dira nire ustez koloreekin zerikusia duten esaldiak: «Dena beltzez jantzi zara, triste zaude gaur ala?», edo, biziagoa den beste koloreren bat janztean: «Zer ospatzen da gaur ba?», bezalakoak. Kolore bakoitzak zer sentimendu sorrarazten duen entzuna dut behin baino gehiagotan: gorriak maitasuna, laranjak zoriontasuna, beltzak tristura… baina, egia ote pertsona batek zer jantzi erabakitzeko garaian sentipenei egiten diela kasu? Zalantzak argitzeko, bilaketa lanei ekin, eta erantzun hau lortu dut: janzten garenean, inkontzienteki bada ere, momentuan sentitzen dugunaren arabera egiten omen dugu.
Normalean, pertsona bat negatibo esnatzen bada, burumakur eta indargabetuta sentitzen da, eta horren ondorioz, kolore itzaliak eta ilunak aukeratzeko probabilitate handiagoa izango du. Haatik, pozik, gustura eta umore onez esnatzen bagara, kolore biziak eta alaiak aukeratzeko joera izango dugu.
Gainera, egun horretan nola sentitzen zaren jakinda eta egun horretan egingo zenukeenaren aurkakoa eginda, aukeratutako kolorearen arabera aldartea aldatzeko gaitasuna dugula diote adituek. Horretarako, nola sentitzen garen aztertu, eta nola egon nahiko genukeen aztertu behar omen dugu.