Marian Velasco • Mekanizazio teknikaria
Gaur infernutik idazten dizuet. Hilekoaren aurreko sindromearen infernutik. Gainera, kasualitatez, txakurtxo herren bat mendian topatu eta etxera ekartzearekin bat etorri da. (Labradorea, emea, ile beltza, 5 bat hilabete. Uztailaren 3an Zaldibian agertua, ezagutuz gero jar zaitezte nirekin harremanetan). Gajoa, eguna beldurrez eta minez pasatzen du (femurra pitzatuta dauka eta kaiola batean sartu dut hanka mugi ez dezan), negar batean, eta aurretik etxean ditudan bi katuen amesgaizto bihurtu da. Eta nik ezin diot negarrari eutsi. Txakurrak pena handia ematen didalako. Nire katuen konfiantzari traizio egin diodalako. Paradoxa honek ez didalako lorik egiten uzten. Izan ere, hormonek, nire garuna bonba nuklear bihurtzen dute, eta edozein tontakeriarekin lehertzen da, muki eta malko kilotoiak askatuz.
Egun hauetan gainera, amorruarekin, haserrearekin eta gorrotoarekin erraztasun harrigarriaz konektatzen dut. Irudimena erabiliz jendea akatzen dut. Trainspotting-eko haurra naiz, sabaian katuka dabilena. Exorzista-ko neskatoa naiz, hizkuntza galduetan orroka. Nosferatu naiz, lehenik nire itzala ikusten duzu eta ondoren sartzen naiz ni. Berez, esan daiteke, nire itzala dela lerro hauek idatzi dituena, hilekoaren aurreko sindromearekin naizenaren itzala besterik ez bainaiz.
Nire aura astunaren pisuak mundua gelditu dezan, eta txokolatezko bizkotxo baten jabe naizela, bertatik jaistea baino ez dut nahi. Ohean sartu eta hibernatu. Eta ez, ez nago erotuta. Guztiz ohikoak dira sentimendu zein sentsazio hauek emakumeen artean. Baina hilerokoa eta honek ekartzen dituen dolentziak bigarren mailako gaitzak dira oraindik, beraz, ibuprofenoa edo antangila ultzera bat sortzerainoko kantitateetan irenstea baino ez zaigu geratzen. C’est la vie.
Emakumezko aktore onenaren Oscar saria merezi dugu trantze hau disimulatzen egiten dugun paperagatik. Ze ostia, bakearen Nobel Saria merezi dugu, minez eta gorrotoz gainezka gaudela egunerokotasunarekin jarraitzen dugunean.