Antiinflamatorio eta espektoratzaile moduan dituen ezaugarriengatik erabiltzen da batez ere.
- Izen herrikoia. Plantaina / Zain-belarra.
- Izen zientifikoa. Plantago lanceolata L. / Plantago media L. / Plantago major L. (Plantaginaceae)
- Ezaugarriak. Hiru plantaina mota erabiltzen dira: bat, Plantago lanceolata, hosto luze eta estuak dituena; Plantago media edo ertaina, hosto zabal eta txikiak dituena; eta azkena, Plantago major edo handia, hosto zabal eta obalatuak dituena. Hiruren kasuan hostoak errosetan biltzen dira oinaldean, eta nerbio luze markatuak dituzten –hortik zain-belarra izena–. Loreak hostorik gabeko zurtoinen muturretan hazten dira. 30 eta 50 zentimetro arteko garaiera har dezake. Erraz aurki daitezke bide, ezponda, larre eta belardietan. Europan, Amerikan eta Asia mendebaldean hazten da zain-belarra. Egiptoarren garaitik da ezaguna plantainarekin ukendua egiteko errezeta. Gazteleraz Llanten izenarekin da ezaguna. Euskal Herrian hosto luzekoa erabiltzen da batez ere, eta herri sendagintzan gehien erabilitakoen artean dago.
- Atal erabilgarriak. Hostoak erabiltzen dira. Loretan dagoenean bildu behar da landare hau, eta leku ospel batean lehortu.
- Propietateak eta erabilpenak. Infusio edo jarabe moduan erabiltzen dira eztul, katarro, eztarriko min eta arnasbideetako gaitzetarako, oro har, espektoratzaile moduan. Giltzurrun eta gernu-hodietarako inflamazioetarako ere erabiltzen da, beherakoetan, suspergarri moduan….
- Infusioa: 30 gramo landare egosi litro bat uretan, eta bizpahiru aldiz edan egunean. Begitxindor edo konjuntibitis kasuetan ere infusioarekin garbitu begiak.
- Kataplasma:Landare fresko edo egosia erabili behar da, antiinflamatorio erabilera emateko. Hortzoiak, flebitisa, okerdurak, barizeak, belarriko mina, intsektuen ziztadak, almorranak, erredurak eta beste sendatzeko baliagarria da. Kataplasma egunean bizpahiru aldiz berritu behar da.
- Ukendua: Olioa eta argizariarekin egiten da ukendua, eta kataplasmarekin tratatzen diren gaitz berak sendatzeko balio du.
- Kontraindikazioak. Haurdunaldian ez da erabili behar.