Beñat Zubeldia • Zerain
1997ko uztailaren 28a. Oroimen ona daukat, baina tranpa egin dut, onartu beharrean nago. Erretratuaren atzealdean jartzen zuen data, etxean ditugun beste ehunka argazkitan bezalaxe.
Eta horregatik dakit. Nire ama zen horretan abila. Argazkiak atera eta atera pasatzen zituen egunak. Afizio izugarria zuen. Ez gintuen bakean uzten gainera. Edozein aitzakia erabiltzen zuen poltsatik argazki-kamera atera eta botoia sakatzen hasteko. Bien bitartean, hor egoten ginen gu hamar bat segundoz pausatuta, berak lanak noiz bukatuko. Momentuan bekokia zimurtzen genuen, baina orain, urte batzuk pasata, oso gustura ikusten ditugu garai hartan jasotako irudiak.
Karreteak eta karreteak betetzen zituen amak, eta ondoren, argazkiak eskuartean zituenean, bakoitza zein egunetan atera zuen oroitzeko gai zen. Boligrafoa hartu eta erregistratuta uzten zituen den-denak. Hori da hori burua!
Hau, zehazki, Hondarribian ateratakoa da. 11 bat urte izango nituen hor. Guk ez geneukan Salou edo Oropesara joan beharrik oporretan. Zoriontsu ginen Onddarbin. Etxe familiar bat genuen bertan eta han egoten ginen udan. Ez uda guztia, baina bai zati handi bat behintzat, sendiko gehiagok ere joan nahi izaten baitzuten hara. Alde zaharreko harresia bisitatu, izozkia janez itsasertzean paseatu, barkuz Hendaiara joan, gauetan Grand Prix del verano ikusi… horrela ibiltzen ginen, ez genuen askoz gehiago behar!
Hondartzan hitzordua
Egun beroetan, aldiz, hondartzarekin genuen hitzordua negoziaezina zen guretzat. Orduak ematen genituen eguzkipean txigortuz, «paipo» oholarekin olatuak hartuz edo hondarretan zuloak eginez. Irudian bezalakoak eta baita handiagoak ere.
Hondartza aipatuta, badut pasadizo xelebre bat, irribarre batekin gogoratzen dudana. Behin, hondartza jendez lepo aurkitzen zen batean, osabak ur bila bidali ninduen iturrira. Sekulako beroa egiten zuen, berrogei gradu ez ziren urruti izango. Ni, nire plastikozko botilatxoa hartu eta iturrirantz abiatu nintzen zintzo demonio.
Hala ere, jende artean ezkutatu orduko, nire noranzkoa aldatu eta iturrian partez, itsasoan bukatu nuen. Itsasoko ur gaziarekin botila goraino bete eta poz-pozik etxekoak zeuden tokira bueltatu nintzen. Osaba egarri zen, egarri bizia zuen.
Egarri denari edaten eman behar omen zaio eta botila luzatu nion nik. Egundoko tragoa egin zuen hark! Halakoxeak izan ziren nire barre algarak ere. Handik aurrera, ez dut oroitzapen argirik. Jende artean ikusten naiz korrika, osaba atzetik dudala. Ez ninduen gehiago ur bila bidali.
Argazkiko zuloak osabarengandik babesteko ere balioko zuen, ala? Jakin izan banu…