Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Aurreko batean, gurasoenean bazkaltzetik bueltan etxera iristean, iraganaren inguruan aritu nintzen pentsatzen. Beste behin. Atzean utzi ditugun harremanen eta bestelako gauzen inguruan. Burua estutzen. Beste behin. Eta erantzunik lortuko ez nuela jakinda. Nire burua alferrik jipoitzen. Beste behin. Eta halako batean, txakurraren ohea ikusi nuen. Hantxe zegoen Pepa, gure txakurra. Etxera iritsi bezain pronto sartu zen lotara. Eta ordurako ziplo eroria zen. Ikusiko bazenute haren lasaitasun aurpegia…
Aurreko batean, etxeko komuna konpondu nahian aritu nintzen. Eta ez nuen lortu. Beste behin. Dena ondo zegoela uste nuenean, ura ireki eta itoginak han jarraitzen zuen. Lehen zegoen leku berean. Beste behin. Eta haserretu egin nintzen. Iturgina ez naizela eta pazientzia apurra dudala jakinda ere, haserre. Eta nire burua zigortu nuen. Beste behin. Eta halako batean, zerbait entzun nuen nire atzean. Biratu eta han ikusi nuen txakurra. Makurtuta, nire iturgin lanetan erabilitako bihurkina ahoan hartuta. Orro makur batzuk egin zizkidan eta orduan saltoka hasi zen. Etxeko sarrerako ateraino korri egin eta atarira eraman ninduen jolastera.
Aurreko batean, Ibiurko urtegi inguruan korrika nenbilela, bazkalorduan telebistan ikusitako albiste bati bueltaka aritu nintzen. Beste behin. Diruak sortzen dituen gorabeherak nituen buruan. Gehiegikeriak, haserreak, inbidiak. Beste behin. Eta triste jarri nintzen. Lasaitzeko asmoz etxetik atera eta triste. Beste behin. Eta halako batean, atzetik korrika etorri eta bide ondoan zen putzu handi eta zikinenera egin zuen salto Pepak. Lokatzetan leporaino sartu eta gorputz guztia igurtzi zuen. Horrekin gustura ez eta burua sartu zuen azkenik, krokodiloen antzera begiak bakarrik erakusten zituela. Handik atera eta nire ondora etorrita, gorputza astindu zuen indarrez, eta inguruko guztia lokatz printzaz bete. Niri begiratu eta korrika jarraitu zuen.
Aurreko batean, etxeko ataria epeltzen zuen eguzkipean nengoela, etorkizun hurbilaren inguruan aritu nintzen pentsatzen. Beste behin. Etorriko zenaren eta inoiz helduko ez zenaren inguruan. Burua estutzen. Beste behin. Eta erantzunik lortuko ez nuela jakinda. Nire burua alferrik zigortzen. Beste behin. Eta halako batean, lorategira alde egin zidan begiradak. Han zegoen Pepa, hankaz gora. Bazterren batean topatu zuen intxaurrondo adar batekin jolasean. Egur zatia aurreko eskuekin korapilatu eta hozka egiten zion. Saio bat egin ondoren, egurra utzi eta erabat etzan zen belarretan.
Egunen batean, ez dut behar baino gehiago pentsatuko. Eta ez dut burua estutuko. Beste behin. Eta halako batean, txakurrari begiratu eta esango dut, Biba la Pepa!