Azken bi uda berezien ostean, aurten oporretarako aitzakiarik ez du jendeak. Goierritarrak eguzki eta itsaso bila joango dira, eta Goierrira freskura eta berde bila etorriko dira kanpotik.
Gerorik ez balitz bezala ari da jendea aurten oporrei begirako planak egiten. Pandemiak ezarritako azken bi uda berezien ondoren, maskararik eta edukiera mugarik gabeko oporraldiak egiteko modua dago. Azken asteetan COVID-aren zazpigarren olatuan murgildu gara, eta erregaiaren prezioak etenik gabe doaz gora. Baina ezer ez da eragozpen, eta maletak, motxilak edo dena delakoak hartu eta kanpora irteteko gertu daude asko eta asko.
Goierrin ere bai, eta hemendik oporretara joango diren gehienak eguzki eta hondartza bila joango diren bezala, kanpotarrak Goierrira freskuraren, paisaia berdeen eta lasaitasunaren bila etorriko dira. Kanpora doazen horientzako lan eta lan dabiltz bidaia-agentziak azken asteetan, eta kanpotik datozenei begira, Goierrin dauden turismo baliabide ugariren kudeatzaileak gertu daude museo, jatetxe edo alojamenduetako ateak eta zerbitzuak eskaintzeko.
Goierritik hondartzara
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak aurtengo udako oporrei buruz egindako ikerketaren arabera, euskaldunen %66k du udan Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora oporretan joateko asmoa. Horien artean, gehienek Espainia aukeratuko dute, kostako destinoak bereziki (%52k), mendi eta natura bila doazenak atzetik dituztela. Hiriak ezagutzera doazenak eta kultur bidaiak egiten dituztenak daude hirugarren postuan.
Abuztua da oporretarako hilabete nagusia, bai kanpora doazenentzat eta baita Goierrira datozenentzat ere
Nekazalturismo etxeetara hiriko jendea joaten da batez ere, familiak bereziki, eta lau-bost egun geratzen dira
Beasaingo Goierri Bidaiak agentziako Ane Zurutuzak berretsi egiten ditu datu horiek, eta dioenez, aurten estatu mailako turismoa da nagusi. Aldi berean, erregaia eta beste gehigarri batzuk tarteko, prezioek izan duten gorakada nabarmendu du.
Abuztua da oraindik, Zurutuzaren arabera, bidaiatzeko hilabete nagusia, eta ia ez dago lekurik aurten. «Uztaileko okupazioa altua da, baina abuztukoa ikaragarria. Gu hotelak bilatzeko orduan erotuta ibiltzen gara. Oraintxe bertan [uztailaren 6an] guk erabiltzen dugun plataforman, Cambrilsen bi apartamentu besterik ez dira geratzen, eta besteetan ere antzekoa izango da. Okupazioa topera dago, jendea irteteko gogo handiarekin dago».
Gehienbat hondartza-oporrak egiten ditu jendeak, eguraldi onaren bila joaten dira. Iaz, pandemiako murrizketak oraindik indarrean zeudenean, etxe bakarrak edo txaletak eta apartamentuak eskatzen zituzten batez ere, baina aurten, murrizketarik gabe, joera aldatu egin da eta hotelak dira gehien eskatutakoak, batez ere pentsio erdian edo pentsio osoan.
Destinoei dagokienez, Balear irlak dira izarrak, iaz bezala. «Egia da hegaldiak asko igo direla, baina irla horietara low cost konpainia askok egiten dute hegan, eta prezioak nahiko arrazoizkoak dira». Costa Brava eta Alacant ere asko eskatzen dituzte, «bero asko egiten duen tokiak aukeratzen ditu jendeak». Beroa egiten duen leku horien artean Karibea ere aipatzen dute Goierri Bidaiak agentzian: «Iaz ikaragarri saldu ziren Kariberako bidaiak, eta aurten ere bai. Izan ere, hara joatea eta dena barne duen egonaldi bat 1.200 euroan egin daiteke, eta hemen, Malagara joateak antzeko prezioa du».
Egonaldien iraupena, bestetik, zazpi egunetakoa da orokorrean. «Garai batean 15 egun egiten ziren kanpoan, gero hamar, eta orain, zazpi». Eta diruari asko begiratzen dio jendeak, baina «batez besteko bat eginda, pertsonako 800-bat euro gastatuko dituzte, zazpi egunetako oporraldian».
Bidaia-agentziara joaten den jendea 25-50 urte bitartekoa dela nagusiki dio Zurutuzak. Umeak dituzten familiak kotxean joaten dira bidaian, eta horientzat, hotela bakarrik hartzen dute. Umerik gabeko bikoteek, berriz, Balear irlak nahiago dituzte, Menorca bereziki, eta kasu honetan, hegaldia, hotela eta kotxearen alokairua ere bilatzen diete, «pack osoa». Baina kotxeak oso garestiak direla nabarmendu du, gutxi daudelako eta eskari handia dagoelako, «horregatik askok motorra nahiago izaten dute, ekonomikoagoa delako». Aireportuko parking zerbitzua ere eskaintzen dute agentzian. «Guk dena eskaintzen dugu, eta jendeak hartu ere bai».
Oporrak bidaia-agentzietatik kanpo erreserbatzen dituztenak ere badira, asko gainera, baina Zurutuzak bestelakoa gomendatzen du: «Jendeak pentsatzen du garestiagoa dela agentziatik egitea, baina ez da horrela. Guk, adibidez, hotelen prezioak Booking plataforman bezalakoak ditugu. Gainera beste tratu bat eskaintzen dugu bidaia-agenteek, eta Interneten ematen ez diren jarraibide eta aholku asko ere bai».
Internet dela edo bidaia-agentzia bat dela, hona ere etortzen da jendea oporretan. Goierri beheak eta Goierri garaiak urtero hartzen dituzte turistak udan, eta aurten ere kanpainari ekin diote, baikor eta gogotsu.
Goierrirako aurreikuspenak
Goierri beheko turismo alorra kudeatzen duen Goitur erakundeko Niko Osinalde ere baikor dago pandemia osteko lehen uda honi dagokionez. Uztaila ondo doala dio, eta abuzturako ere, «susmoa ona da, baina beste behin ere, azken momentura arte jende askok ez ditu oporrak erabakiko, eta hemen ohitura da Santio egunetik aurrera ikustea mugimendurik handiena». Hala ere, iazko datuak gainditzea zaila izango dela aitortu du: «Eskualdeko alojamenduetan okupazioa %92koa izan zen, pandemia bete-betean egon arren, eta hortik gorakoa ia ezinezkoa da, egonaldi batetik bestera solte geratzen diren egunak edo ohe bakarreko gelak direlako gainerako %8a». Egonaldiak ez dira luzeak, «lau-bost egunetakoak».
Goierrira datorren jendea «barrualdeak eskaintzen duen lasaitasunak erakarrita dator batez ere», mendiak, herri txikiak, kultura, festak, berdea eta freskura eta gastronomia ahaztu gabe. Gainera. «kontuan hartu behar dugu gure kokapena, kotxez datorrelako jendea, eta erdi-erdian gaudelako edozein lekutara joateko». Goierri bezalako «leku txikian gauza asko dago». Jatorria, berriz, betikoa da, «Valentzia, Madril, Andaluzia… baina atzerritarrak ere badabiltz aurten, eskandinaviarrak eta estatubatuarrak adibidez». Turistak badabiltza Goierri behean, baina azkenaldian turismo bulegoetatik gutxi igarotzen direla aitortu du Osinaldek: «Telefonoz edo posta elektronikoz eskatzen dute informazioa batez ere, oso puntuala gainera, Interneten aurkitu dutelako behar dutena».
Profil bereko bisitariak iristen dira Goierri garaira ere, eta Goiturren antzeko prebisioak dituzte Urola Garaiko turismo saileko arduradunek ere. Amaia Reta teknikariak dioenez, «alojamenduetako okupazioa altua izango dela badakigu», eta horrek turista edo bisitari asko eramango ditu Goierri goiko herrietara. «Baina beste gauza bat da bisitariek gure baliabide turistikoak eta gure herriak bisitatuko dituzten ala ez. Alde horretatik, ziurgabetasuna da nagusi». Hala ere, eskaintza ez dute deskuidatu, eta «sendoa eta erakargarria da, beti bezala, eta tartean berritasun bat edo beste badira». Hala, Lenburren eskutik Legazpiko Mirandaolan pista-jokoa egin daiteke, Ezkioko Igartubeitin bi tailer berri jarri dituzte martxan, eta Ezkutuko Altxorrak programaren barruan Antioko baselizara eta Mirandaolako burdinolara bisitak egingo dituzte.
Bestetik, Goiturreko Niko Osinalderekin bat eginez, turismo bulegoetan jende gutxi ibiliko dela aurreikusten dute: «Interneten bilatzen du orain informazioa jendeak, gugana datozenak Internet erabiltzen ez dutenak edo gauza puntualen bat nahi dutenak dira».
Alojamenduak, beteta eta pozik
Internet, bestalde, ezinbesteko tresna bihurtu zaie alojamenduei, baita Goierrikoei ere. Legazpin herri erdi-erdian ireki berriak diren Aldabea hiri apartamentu turistikoetako jabea den Monika Monteagudok argi dauka hori: «Uztailaren 5ean inauguratu genituen, eta bi egunetara bi apartamentuetan jendea genuen dagoeneko». Booking, Airbnb eta Tripadvisor turismo plataformetan iragartzen dituzte; «guk horietatik ihes egin nahi genuen, baina hor ez bazaude, ez duzu existitzen, eta amore eman behar izan dugu. Horregatik lortu dugu orain daukagun okupazioa». Hala ere, jendeari plataforma horietatik harago joateko aholkua egin dio: «Hobe da zuzenean alojamenduarekin harremanetan jartzea, prezio hobeak lortzeko».
Oso prebisio onak dituzte Aldabean udarako, «eta eskertzekoa da, inbertsio handia egin dugulako». Maizterren jatorriari dagokionez, «Euskal Herritik kanpoko abizenak ikusi ditugu erreserba egin dutenen artean, kataluniarrak horien artean. Gure ustez, Mediterraneoko klima berotik ihesi datorren jendea da, alternatiba freskoagoa eta hezeagoa nahi dutela pentsatzen dugu».
Ataun San Martingo Aldarreta nekazal turismo etxean ere ez dute uda txarrik izango aurten, Maitere Lardizabalek azaldu duenez: «Uztaila ez da behin ere betetzen, baina ari da poliki-poliki pandemia aurreko mailan jartzen. Eta abuztua, ari da gehiena betetzen». Hiriko jendea da normalean Aldarretara joaten dena, «baina batzuk hondartza eske ere etortzen dira, Donostia bertan dagoelako». Gertuago geratzen direnak ere izaten dira, «inguruak ezagutzeko gogoz etortzen dira batzuk, eta duela gutxi Toledoko bikote bat izan nuen, Zaldibiako Osinberden ere ibili zena». Egonaldiak hiru-lau egunekoak egiten dituzte Aldarretan, «gehienez ere, zazpi egunekoak», eta tarte horretan, etxeaz eta etxe inguruaz gozatzeko aukera ere badute maizterrek: «Gela bikoitzak ditugu, bainuarekin, eta denek erabili dezaketen terraza handi bat. Sukaldea erabiltzeko aukera ere badute, baina gosariak eta afariak ere ematen ditugu».
Familiak eta bikoteak izaten dira normalean maizterrak, «umeak dituzten familiak batez ere». Freskura bila etortzen dira paraje hauetara, «baina beti ez du denen gustuko eguraldia egiten, eta azken egunetan egindako beroaldiekin kexatu egin zitzaizkidan Valentziatik etorritako batzuk!».
Aldarretak 1994an ireki zituen ateak, eta orduz gero, Goierri eta inguruak ezagutzera etorritako jende asko eta asko igaro da bertatik. Aurten ere, izango dituzte maizter ugari.
Goierri bidaiak, pandemiari aurre egin eta martxan jarri den bidaia agentzia
Ane Zurutuzak (Segura, 1998) ekainaren 21ean ireki du Goierri Bidaiak agentzia Beasaingo Kale Nagusian, pandemia aurretik egindako saiakerak huts egin ondoren. 2019ko otsailaren 18an jarri zuen martxan negozioa lehen aldiz, eta gutxira pandemia iritsi zen. Zortzi hilabetez mantendu zuen zabalik, baina azkenean proiektua alboratu egin behar izan zuen, nahiz eta lanean jarraitu duen orain arte, zerbitzuak Internet bidez eskainiz. Aurten normaltasuna itzuli da, eta lokala berriz ireki du.
Goierri Bidaiak agentzia independientea da, ez dago frankizia baten menpe, eta horri esker, beste era batera egin dezake lan; besteak beste, bidaia pertsonalizatuagoak eskaini diezaioke bezeroari. Airmet plataformarekin egiten du lan Zurutuzak, eta bulegoan, Naia Gurrutxagaren laguntza du.
Berandu ireki dute agentzia, udako kanpainarako ez dute garairik onenean zabaldu, eta horregatik merkatu zati handia galdu duten arren, epe labur honetan egindako lanarekin gustura daude. Laster, gainera, Imsersoko bidaiak hasiko dira, eta datozen hilabeteetarako lan prebisioak onak dira. Horrez gain, oporrak hartzeko ohiturak aldatzen doaz, eta abuztuan bakarrik ez, urtean zehar dauden zubi eta jai egunetan ere bidaiatzen du jendeak, baita Gabonetan ere. Beraz, beti dago mugimendua bidaia-agentzien inguruan.
Ane Zurutuzak turismo alorrean prestatu ondoren ireki du agentzia, eta hainbeste gustatzen zaizkion bidaien inguruan lan egiten ari da orain. Bidaiatzeko aukera ere eskaintzen dio lanbideak, besteen irteerak antolatzeko lekuak ezagutzea ezinbesteko delako.
Aldabea hiri apartamentu turistikoak, ireki berriak
Udako kanpainarako ireki dituzte Legazpin Aldabea hiri apartamentu turistikoak, obrak espero baino gehiago luzatu eta gero. Monika Monteagudo eta Alberto Bezunartea daude turismoa eta jasangarritasuna uztartzen dituen proiektu honen atzean. Bi apartamentu dira, herriaren erdi-erdian daude, eta energia berriztagarrien alde eginez, eguzki plakak erabiltzen dituzte elektrizitatea sortzeko eta aerotermia sistema ura berotzeko. Aldabea aukeratzerakoan ezaugarri horiek «plus bat» izan daitezkeela uste dute jabeek.
Booking, AirBnb eta TripAdvisor plataformetan jarri dituzte alokairuan, baita www.aldabea.eus webgunean ere. Ireki berritan, prebisio onak dituzte uda osorako. Euskal Herrira klima freskoago eta hezeago baten bila dator jendea nonbait, eta hori Legazpin ez da falta. Gainera, kokapen estrategikoa du herriak, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñera joateko, adibidez.