Edozein txirrindulariren ametsa beteko du Xabier Berasategi Garmendiak (Olaberria, 2000-4-8) datorren denboraldian: profesional mundua probatzea. Euskaltel Euskadik fitxatu du, bi urterako. 22 urte ditu bakarrik, baina beranduetsita zegoen, jauzia emateko. Ziklismo berriaren kostuak. Txirrindulari «konpletoa» dela dio, eta horixe erakutsi du afizionatuetan igarotako lau urteetan.
Berri pozgarria jaso duzu. Laboral Kutxa taldetik Euskaltel-Euskadira igoko zara 2023an. Profesionaletara.
Oso pozik nago. Lau urte afizionatuetan aukera horren zain egin ditut, Euskadiren egituran, eta azkenean iritsi da. Gauzak ondo egiten ari ginela bagenekien, aukera irits zitekeela; eta, azkenean, iritsi da. Italiako Girora joan aurretik hots egin zidaten, sinatu nahi zutela. Edozein gazteren ametsa profesionaletara iristea da. Gainera, etxeko taldearekin igota, ezin hobeto.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldearen eskolan zaildua zara zu.
Kadetetan denboraldi bukaeran hasi nintzen. Ondoren, lehenengo denboraldi osoa jubeniletan egin nuen, Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldearekin. Afizionatuetako lehenengo urtea Laboral Kutxan, baina artean GTBen egitura zen, eta hurrengo urtean Euskadi Fundazioak hartu zuen.
Ia-ia jubeniletan hasi zinen?
Bai. Kadetetan bost-bat karrera korritu nituen. Gustatu zitzaidan, eta segi nuen. Ordura arte futbolean eta atletismoan ibili nintzen. Aritz Urra lehengusua – adin berekoa da, eta afizionatuetan dabil– ibiltzen zen bizikletan, eta inbidia hori neukanez beti, probatzeko gogoa erne zitzaidan. Azkenean, beste guztia utzi eta bizikletan hasi nintzen.
Afizionatuetan eman duzun maila ematea espero al zenuen? Bi urtean Euskaldun txapelketa irabazi duzu.
Jubeniletako bigarren urtean jada denboraldi oso polita atera zitzaidan, karrera batzuk irabazi nituen, eta garapen horri segituz gero banekien ondo ibil nintekeela. Lehenengo urtean kosta zitzaidan erritmoa hartzea; erorikoak izan nituen, eta lesionatuta ere egon nintzen. Konstantzia falta izan zitzaidan. Hurrengo urteetan horren bila joan naiz, maila on bat mantendu dut, eta garaipenak iritsi dira.
Garapen hori zeren baitan egon da?
Helburua urtez urte hobetzea zen, beste helburu guztiak utzita. Ni txirrindulari hobea izaten saiatu naiz, urtero. Nola lortzen den? Entrenatuta, eta detaileak zainduta. Adibidez, janaria. Nutrizionista batekin hasi nintzen.
«Txirrindulari konpletoa naiz, karrera mota guztiak lehia ditzaket. Portu motzak eta leherkorrak gustatzen zaizkit gehien»
«Profesionaletan igotzea dela errazena diote, gero goian mantendu egin behar da. Lehen unetik erakutsi beharko dugu»
«Girino hasieran asko kosta zitzaigun erritmoa hartzea eta kolokazioa, tentsio oso handia zegoelako. Beste maila bat zen»
23 urtez azpikoen Italiako Giroan izan zara aurten, munduko amateur onenekin. Nola sentitu zara?
Horrelako karrera bat korritzen duzunean konturatzen zara oso-oso maila altua dagoela kanpoan. Hasieran asko kosta zitzaigun erritmoa hartzea eta kolokazioa, tentsio oso handia zegoelako. Beste maila bat zen. Gutxi-asko jarri ginen, eta etapa batean laugarren egitea lortu nuen, bukaeran ihesaldi bat harrapatuta. Oso pozik, lehia horretan egoteak ere konfiantza ematen baitu. Motibazioa irabazi dut Giroan.
Giroa bukatu ondoren Espainiako Txapelketetara joan nintzen, eta handik zuzenean Oranera, Mediterraneoko Jokoetara. Karrera ez zitzaigun ondo atera, haize-babesen mozketek harrapatu gintuen eta. Baina esperientzia polita izan da, ezagutzeko modukoa. Orain Lehendakariko karrera batzuk egingo ditut, eta Madrilgo Itzulia gero.
Nolako bizimodua da amateurrena?
Profesionalen oso antzekoa, baina batere kobratu gabe. Eta gastu asko eginda. Lehenengo bi urteetan ikasketekin batera aritu nintzen, Mekatronika ikasiz Goierri Eskolan. Baina hura bukatutakoan, guztiz txirrindularitzan zentratu naiz. Pasatzeko dauden gehienak, azkenean, horrela daude. Egunerokoa lasai eramaten saiatzen gara: ahal den guztian atseden hartu, entrenatu, jan, eta lagunekin egoteko tartetxo bat hartu.
Datorren urterako sabelean tximeletak hasiko zitzaizkizun dantzan…
Gogotsu nago jauzia emateko. Beste lauzpabost igaroko dira afizionatuetatik, ezagutzen ditudanak. Lehenengo urtea zaila izango dela badakit, baina gauzak ondo egin eta ea zer maila ematen dugun. Bi urterako kontratua egin didate. Bi urteak oso azkar pasatuko dira, eta aukera guztiak aprobetxatzen saiatu beharra dago, lehen unetik ahal den guztia eginda. Esan ohi da pasatzea dela errazena, mantendu egin behar da gero goian. Jende asko igo da, baina bi urteok egin eta berriz ekiporik gabe gelditzen da. Beraz, hor egon gaitezkeela erakutsi beharko dugu.
Euskaltel Euskadi Kontinental Pro 2. mailan dago. Egutegiz eta, zer moduz?
Oso ona, konpletoa da. Etxeko karreretan munduko onenekin korritu dezakegu: Itzulian, Donostiako Klasikoan, eta gonbidatzen gaituztenetan. Maila oso altua probatuko dugu. Espainiako Vuelta edukiko dugu gorenekoa, itzuli luzeetan. Errespetuzko hitzak dira jada. Txiki-txikitatik ikusi ditugun karreretan egoteko aukera izatea handia da.
Ziklista modura, zein dohain dituzu?
Afizionatuetan oso konpletoa naizela esango nuke. Ez daukat puntu bat fuertea, baina karrera guztiak lehia ditzaket. Esprintean ailegatuta ere badaukat sartzeko puntutxo hori; goraka ere ondo igotzen dut. Gehien gustatzen zaizkidanak portu motzak eta gogorrak dira, leherkorrak ondo etortzen zaizkit. Azkenean, Euskaldun Txapelketa horregatik etorri zaidat ondo, edozein profiletan lehia naitekeelako.
22 urte apirilean betea zara. Lehen gazte zen gora jauzia egiteko. Orain?
Lehen afizionatuetako 4. urtera arte itxaroten zen, baina orain ez. Ni izango naiz zaharrenetakoa igotzen. Laboral Kutxan ekipoko zaharrenetakoa naiz; nire adineko beste hiru daude, zaharragorik ez. Elitetik gutxi pasatzen dira ia.