Euskaldunen izaera Erdi Arotik aurrera nola oker deskribatu eta zabaldu izan den erakutsi zuen Jose Antonio Azpiazu Elortza historialariak (Legazpi, 1944), apirilaren 9an, Onomastika elkarteak eta Burdinolak Legazpin antolatu zuten Onomastika eta burdina jardunaldian. Gizarte itxia, iluna, ezjakina, inguruari begiratu gabe bizi izan den taldetzat aurkeztu izan zuten bidaiariek eta zenbait historialarik Euskal Herrikoa, inguruko herrietan sortutako ikerkuntza eta aurrerapenetik kanpo zegoena. Ikuspegi hori gezurtatu zuen Azpiazuk, eta aurkakoa zela demostratu, burdingintzaren arrazoiengatik.
Ola eta olagizonen inguruko bizimodua ikertu ondoren, «irudikapen ezkor hori erabat desagertzen» da, Azpiazuren irudiko. «Nahikoa da ola bat eraiki, lanean jarri eta horretan mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak aztertzea. Ola bakoitza mundu bat zen, teknikari apartak behar zituen mantendu eta konpoketak egiteko. Ola baten inguruan dirua, adituak, hauspogileak, uraren indarra nola bideratu, mea atera eta olara ekarri, jakin behar zen».
Behin burdina ekoitzitakoan, gainera, irekitasunaren atea zabaltzen zitzaien olagizonei eta haien inguruan ziharduten merkatariei: kanpora saltzea. «Hor agertzen zaigu egoera ireki bat, asmatzailea, kanpora begira bezeroen beharrak asetzeko egin behar zituzten moldaketa eta aldaketak. Oletan lanean zebiltzanak kanporako lanean ari ziren, eskatutakoa eskaintzen, merkatua bilatzen».
1567ko agiri batean agertzen denez, Gipuzkoan 200 bat ola zeuden. Urtero 240.000 kintal ekoizten zuten, eta irabaziak 300.000 dukatekoak ziren; «garai hartarako dirutza izugarria».
Itsasoari eta burdinari begira
Euskal Herriko kantaurialdeko lurrak nekazaritzarako txiroak zirenez, «derrigorrean» burdinari eta itsasoari begira jarri behar izan zuten. «Baina lanerako prest, eta ikerketetarako ere bai». XVI. mendeko agiri ofizialek aitortzen dute: Gipuzkoako bizimodua batez ere oletan eta Ternuan oinarrituta zegoen.
Olak, gainera, baserriak baino lehenagokoak lirateke. «Legazpin olagizonen eta baserritarren artean izan zen auzi batean, gehienek defendatzen zuten olak sortu zirela hemen baserriak baino lehenago. Iritzi honek zerbait esan nahi du. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Arabako lur sail aberatsak bertan zeudela; han lurra lantzeko ola eta sutegietako tresneria behar zuten, eta legazpiarrek, aldiz, hango garia eta ardoa». Araba eta Gaztelako lotura Leintz Gatzaga, Biozkorna eta San Adrian kobazulotik egiten zuten.
Olariak, bestetik, teknikaren abangoardian egon ziren, XVI. mendean. Ikatz gutxiago erretzen zuen hauspo genovarra berehala bereganatu zuten. «Harrigarria da ikustea zein aberatsa eta anitza zen kanpora bidaltzen zen tresneria». Atzerritik burdingintzak jende asko erakarri zuen, Arrasatera edo Azpeitiara adibidez. Baita Oñatiko Unibertsitatera ere.