Segurako Udalak berehala jabetu zen Berrabiarazi proiektuak herriari ekar lekizkiokeen onurez. Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreei lotutako herria izanik, kezkaz bizi du etorkizuna eta arlo horietan eragitea da udalaren helburua.
Izarra Urdalleta Segurako alkateak Berrabiarazi proiektuari ikusten dio baliorik handiena «eskualdeko ikuspegia» izatea da. «Herri txikiok beti aipatzen dugun gai bat da, ez daukagula baliabiderik herri eta gizarte bezala ditugun erronkei aurre egiteko». Pandemia garaian «laguntza guztiak ongi etorriak» direla dio, eta udal bezala «nahiko azkar» ohartu zirela Berrabiarazi «onuragarria» izan zitekeela herriko eragile ekonomikoentzat. «Herri bezala eta udal bezala apustu hori egitea eta proiektua babestea erabaki genuen». Gaur egungo bizi testuingurua ere «aldaketak azkar» ematen diren momentutzat du. «Erronkaz betetako garai bat da, eta beti da inportantea edozein motatako laguntza».
Industriara baino zerbitzuetara bideratutako udalerria da Segura, eta egitasmo honetan Goieki enpresekin egiten ari den bitartekaritza «oso garrantzitsua» deritzo, udal bezala «ezintasun» hori badutela uste baitu. «Proiektu honek hori ekarri du, eta eskualde izaera edukitzeak handitasuna ez ezik, sinesgarritasuna ere eman dio. Ate jotze hori egin da, eta positiboki baloratu beharreko zerbait dela uste dut, eta garai hauetan, are gehiago». Bukaerako emaitzen txostena esku artean dutenean, proiektuan parte hartu duten eragileekin erronda bat egiteko asmoa du udalak. «Feed-back hori eduki nahi dugu, oraintxe delako garaia zerbait hobetu behar bada hobetzeko».
Zerbitzuei eustearen alde
Enpresen arteko «saretzea» da Berrabiarazi proiektuari ikusten dion beste indarguneetako bat. «Elkar ezagutu ere egiten ez zuten enpresak formakuntza saio batean ezagutzea oso baliokoa da, demostratuta dago hori, eta horrelako elkarguneek ematen dute aukera hori». Urdalletaren kezka nagusiak herri bizitzari lotutakoak dira hala ere. Segura ostalaritzari, merkataritzari eta zerbitzuei lotutako herria izanik, «behar-beharrezkotzat» jotzen du sektore horien biziraupena. «Sektore horiei bultzada eta babesa eman beharra daukagu». Argi du Goierri eta Segura «industriatik bizi» den bailara bat direla, baina ez du uste Goierri eskualde industrial bat denik. «Egia da gure herriko zerbitzuak industria horri esker bizi direla, dena lotuta dago, baina zerbitzu horiek ere behar ditu herriak. Ari gara gure herriak lo egiteko herri bihurtzen, eta hori azkenekoa izango litzateke. Oreka hori bilatzea da kontua». Bide horretan «urratsak egiteko» deia egin die administrazio ezberdinei.
Enpresa txiki baten hedapena
Segurako Aitzkoeta industrialdean egoitza duen enpresetako bat Usurbe Papertegia da. Harremana mantentzen jarraitzen du Goiekirekin, bereziki orain hamabost-hogei urte izan zuten «noraezeko momentu» bat tarteko. «Niko Errasti izan genuen bidelagun. Internazionalizazioa, marketina, teknologia berriak, horiei denei buruz aritu ginen, baina bereziki plan estrategikoari ematen diot garrantzia. Urte asko pasa direnean konturatu naiz lan hori oso ona izan zela», nabarmendu Mikel Erguinek, Usurbe Papertegiko kudeatzaileak.
Goiekik egiten duen lanari «dagokion balioa» eman behar zaiola uste du. «Sinergiak lotu behar ditu Goiekik, eta hori egiten da ateak irekita, eta ez sekretuak ezkutuan gordeta. Garai batean baserrietan egiten zen auzolan hori egin behar da enpresetan». Erguinen ustez, Goiekik eskaintzen dituen formakuntza saioetan «bonbilla txikiak» pizten dira. «Iritzi ezberdinak aditzea beti da aberatsa, ikustea, entzutea. Izan ditzakezun duda horiek argituta eta matize horiei erreparatuz beti aberasten zara».
Pandemiaren eraginez, Usurbekoak orain 15-20 urte egon ziren bezala hainbat enpresa egon litezkeela iruditzen zaio Erguini, eta Goiekiren atea jotzeko aholkatu die. «Gu orain lanez gainezka gabiltza, inbertsio handiak eginda, aurrepausoak ematen, baina une haietan Goieki beti izan genuen alboan, eta oraindik ere badaukagu elkarren berri». Mezu argi bat ere ematen du: «Interneten ez dagoena hilda dago».
Lau langileko enpresa familiarra da Usurbe Papertegia, 1950ean sortua, eta sektore horretan «inork egin nahi ez duena» egiten dute. «Internazionalizazioan sinesten dugu, aldamenetik hasten den internazionalizazioan. 1.200 bezero baino gehiago ditugu, eta %80a kanpora saltzen dugu. Negozioa oso dibertsifikatuta daukagu, eta multionazional bati bezalaxe, Ormaiztegiko harakinari saltzen diogu papera».
13
Ekintzetan parte hartzen ari den Segurako enpresa kopurua. Berrabiarazi proiektuko hainbat alorretako ekintzetan Segurako 13 enpresak parte hartu dute. Elektromugikortasun estrategian bi aritu dira, nazioartekotzean lau, enpresen dibertsifikazioan bi eta formakuntza saio orokorretan bostek hartu dute parte.