Aitor Asurmendi Gartzia • Zegama-Lazkao
1985eko ekaina omen zen Pello Joxe Aranburu alkizarrari eta Joxe Mari Ormazabal (Jotaeme) lazkaotarrari gerora urtero arrakasta handia izango zuen lehen irteera berezia antolatzea otu zitzaienean.
Hauxe da orduan Lazkaoko Goierriko Euskal Eskolan euskara ikasten ari ziren ikasleei egin zitzaien proposamena edo gonbidapena: ilargi betearen argitasuna baliatuz, goizeko hirurak edo hiru eta erdiak aldera Lazkaotik autoz abiatu, autoak Larraitzen utzi eta Txindoki puntara iritsi; tontorretik egunsentia ikusi eta gero, berriro Larraitza jaitsi, eta autoak hartu ondoren, Lazkaora heldu, dutxa ederra hartu, gosaldu eta bederatzietarako klasera! Bada, aizue, nork esan behar zuen abentura hark gaur arte izango zuela segida!
Maizpide euskaltegi/barnetegiak hiru urte geroago ikusiko zuen argia, 1988ko apirilean hain zuzen ere. Gogoan dut urte hartan bertan eman nituela nire lehen klaseak Partenon itxurako eraikin bitxian eta ikasle ugari hurbiltzen zela euskara ikasi edo alfabetatu nahirik. Klasean euskara irakasteaz eta praktikatzeaz gain, asko izan dira klasez kanpo antolatutako ekintzak: orotariko ikastaroak (dantza, bertsolaritza, hitanoa, musa, txalaparta…) eta irteerak edo txangoak Lazkaoko inguruko herrietara nahiz Euskal Herriko hainbat herri edo hiritara. Halere, irteera horien artean ikasleei harridura handiena eragin diena hasieran aipaturikoa izan da. Txindokira zer ordutan abiatuko garela esan duzue? Galderaren ondoren baiezkoa zetorren ia beti, eta ez dira gutxi izan azken 40 urteotan Euskal Herrian hain ezaguna eta maitea den tontorrera ordu txikitan abiatutako ikasleak.
Neronek, zegamarra izanik, lanean hasi nintzenean ezagunago nituen Aratz eta Aizkorri bezalako mendiak, baina aitortu beharrean nago gaur egun galdua dudala Txindokira goizaldean nahiz egunez egindako irtenaldien kontua. Gehienak ordu txikitan abiatutakoak izan dira, maiatzean edo ekainean, eta ia gehienetan izan da bidaide Joxe Mari bera, baina baita beste hainbat lankide edo lagun ere: Mikel Lasa beasaindarra, Nekane Otaegi ordiziarra, Iñigo Igartzabal gabiriarra, Aiora Erauskin ataundarra, Joxepa Madariaga zaldibiarra…
‘Gara’ egunkaria eta aho-soinua
Irteera hauen oihartzuna Gara egunkariko kazetari batengana ere iritsi zen behin. Gurekin etortzerik bazuen galdetu zigun, gustura asko prestatuko zuela egunkarirako erreportajetxo bat. Erantzuna, noski, baiezkoa izan zen eta zortzi bat orrialdeko erreportaje dotorea idatzi zuen. Ez dut gogoratzen zehazki zein urtetan izan zen (ondo gordeak ditut orriak, «ondoegi» akaso, ez baititut gaurko idatzi honetarako aurkitu), baina 2004an izan zela esango nuke.
Bitxikeria moduan zera esango dut, egun hartan ikasleekin abiatu ginen hiru irakasleak izenkideak ginela eta kazetariari deigarria iruditu zitzaiola. Aitor jarri ziguten izena gurasoek, baina euskaltegian Aitor Li (Lizarazu), Aitor La (Larrañaga) eta Aitzol ginen (nire kasuan badirudi Beasaingo Lizeoan 80ko hamarkadan maistraren batek izandako akatsak eragin zuela izen aldaketa).
Gailurreko kantuak eta kontuak
Gailurrera iritsi izan garen bakoitzean ez da falta izan mokadutxorik, irrintzirik, bertsorik, kanturik… baina duela bospasei urte gertatutako beste pasadizo bat kontatu gabe ezin utzi. Bikote bat goizaldean edo bezperan zen tontorrera iritsia… eta lotan zegoen 40-bat laguneko taldea ailegatu ginenean! Horrelako txangoetan batzuetan alboan aho-soinua eramateko ohitura izaten dut eta kanturen batzuk ez ziren falta izan. Uste dut oraindik joan ginenon arbaso guztiak gogoratzen dituela!