Astelehenean jokatu berria da Ordiziako 99. Txirrindularitza Klasikoa. Simon Yates britaniarra garaile bigarrengoz, aspaldiko urteetako ziklistarik erregularrenetako bat. Sona handiko izenak ageri dira Txapel-Gorri elkarteak antolatzen duen probaren garaipen zerrendan, eta urrutiko kontuak badira ere, ziklista bakarra da klasikoa bost aldiz irabazitakoa: Ricardo Montero Hernandez (Gemuño, Avila, Espainia 1902 -Ordizia, 1974). Aurrenekoz 1927an izan zen garaile, ondoren hirutan segidan (1930, 1931 eta 1932) eta azkena 1935ean. Beste hirutan bigarren sailkatu zen.
Espainiatik Irunera migratu zuen familiako bateko kidea zen Montero, eta bere kirol ibilbideko urterik gehienak Union de Irun taldean egin zituen –azken bostak independiente modura–. Ehundik gora garaipen lortu zituen profesional mailan 1924 eta 1940. urteen artean, horietako asko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Izan ere, Irundik Tarnosera (Landak) joan zen bizitzera, eta han ezkondu zen. Han jaio zen Luciano Montero Rechou (Bokale, Lapurdi, 1930 -Ordizia 2012) semea, belaunaldi gazteagoentzat ezagunagoa.
Urdaneta kaleko txirrindu tailerra
Iñaki Azanza argazkilari eta txirrinduzale ordiziarraren esanetan, «lehen euskal ziklista handia» izan zen Ricardo Montero, «herriak miretsia». 1932an, esaterako, Ordizian omenaldia egin zioten –goiko argazkian–. Urte hartan ireki zuen Urdaneta kalean hamarkada askotan zabalik egon zen txirrindu tailerra –etxebizitza zuen atzean–. Bizikleta salmenta eta konponketa izan zuen lanbide txirrindularitza profesionala utzi zuenean, hura zen familiaren sustengu. 40ko hamarkadan Txapel-Gorri elkartearen taldearen babesle izan zen, eta 1949 eta 1950 urteetan baita zuzendari ere.