Aurten lehenengo aldiz dantzatu du emakume batek kaxarrankaren gainean Lekeition, benetan poztu nintzen albistea irakurri nuenean eta oroitu nuen 2015eko uztailaren 2 hura.
2015eko uztailaren 2an Zumarragako Ezpata dantza dantzatu genuen, guk dakigula, lehenengo aldiz emakumeok. Talde mistoa atera genuen, mutil eta neskena, eta hala nahi izan gabe ere erdi eta erdi izan ginen. Momentu hartan oreka hori ere lortu genuen eta uste dut, bai publikoak baita dantzariok ere eskertu genuela nolabaiteko perfekzio ekitatibo hori.
Baina gaur egun bestelako fenomeno bat gertatzen ari da taldean. Geroz eta mutil gutxiago daude Ezpata dantza emakumeok ere dantzatzen dugunetik. Orokorrean mutil gutxi badaude euskal dantzetan, ezpata dantzari postua hauentzako ziurra ez denetik, kopurua gehiago jaitsi da Zumarragako kasuan. Zer gertatu da? Akaso ez dute plaza gurekin konpartitu nahi? Garrantzia galdu al du dantza honek? Edo pribilegioekin batera interesa galdu dute?
Hausnarketak ez dira amaitzen emakumeok plazara irtetea lortzen dugunean.