Monika Arratibel • Irakaslea
Tenperaturak gora, gure indarrak behera. Argiaren prezioa gora, gure aurrezkiak behera. Gasolinaren prezioa gora, abiadura behera. Asko ari naiz ikasten, nire autoaren kontsumoak kontrolatzen, argiaren fakturak ulertzen… Tira, gezurrik esaterik ez noa, hori oraindik ez dut ikasi eta! Hasperenka bizitzera ohitu nahi gaituzte, pertsonak ito sentsazioarekin bizi diren gizarte batean, esanekoak izaten. Batzuen poltsikoetako billeteak gora eta besteen xoxak behera. Ez nuen sekula pentsatuko, baina egunero lanera kilometro ugari egiten ditut eta gasolinaren prezioa igotzearekin aisialdian autoa gutxiago hartzera iritsi naiz. Autoa garajean utziz, nire planak aldatzera ere iritsi naiz. Gure buruaren jabe izatearekin amestuz, ohartu gabe, besteen esku bizi gara. Argia eta gasaren faktura bezalaxe, oraindik ez dut ulertu errenta aitorpeneko hitz eta zenbakiak ulertzen. Hori ere, ordaindu gabe ateratzea nahi izanez gero, ezkondu eta bi haur izateko eginda ez ote dagoen… Kuxkuxeroak gora, autoestima behera. Garai gogorretan bizi gara, dirua beharrezko eta itxurakeria nagusi den gizartean. Batzuen lege eta prezioez ez bada, besteek zer pentsatuko dutenaren menpe.
Loreak ere triste daude, uraren exkaxia dela eta buru makur. Mendi eta larreetako zelaiak erreta. Baina nire umorea ez da behera jaitsiko arazoak gora doazen heinean. Loreak itzalean izango ditut, autoa garajean, argiak beharrezkoak direnean bakarrik piztuta. Estrategiak bilatzen saiatuko naiz, egoerari ahalik eta hobekien buelta emateko, baina beti umorerik galdu gabe. Kentzen diguten azkena izan dadila. Dugun apurrarekin aurrera egiten ikasi behar dugu, gure mailan bizitzen ikasi eta daukagun hura estimatuz, zoriontsu biziz. Gora bihotzak eta behera penak!