Garbiñe Mendizabal Mendizabal • Zaldibia
1979 edo 1980? Ez dut gogoan zer urte zen. Akordatzen naizena da, mutilak udaletxean «kajan» sartu zirenekoa dela.
Bai! Orduantxe sartu ziren kajan gure herriko mutil horiek, soldadu joateko; soldaduska egiteko, alegia. Eta neskak eta mutilak, elkarrekin egin genuen bazkaria herriko Arresenean. Kinto bazkaria, alegia! Urrutiko kontuak! Horietako mutil batzuk soldaduska egin beharra izan zuten, indarrean baitzegon garai hartan. 1999ra arte, derrigorrezkoa izan zen eta.
Kintoak, urte berean jaiotako mutilak ziren. Soldaduska egiteko deitzen zitzaien, eta deitu eta hurrengo urtean joaten ziren soldadu. Gogoz kontra, jakina! 19 urte betetzean, udaletxera joaten ziren. Beraz, 1980koa izango da argazkia. Udaletxean, gutxieneko neurria gainditzen zuten ala ez erabakitzen zen, eta eragozpen fisikorik alegatzen ez bazuten, soldaduska egiteko gai zirela erabakitzen zen.
Errekluta-zozketa baten ondoren, lurraldeko Errekluten «Kajan» sartzen ziren, hurrengo urtean soldadu joateko. Gehienetan, beren bizilekutik kanpora, eta okerrenean, Ceuta edo Melillara, 12 edo 13 hilabetez. Marinara joatea tokatzen zitzaienei, hilabete batzuk gehiago, 18-edo.
Kinto bazkaria
Kinto bazkarira gustura joaten ziren/ginen; orain, gero soldaduska egitera, hori beste kontu bat zen. Gure jaiotza urtean ume ugari jaio ginenez, mutil horietako batzuk «kupo» gehiegi zegoelako libratzen ziren soldaduskatik, eta argazkiko batzuk suerte hori izan zutela esango nuke. Beste askok, berriz, ahaleginak eta bi egiten zituzten «inutil» deklaratzeko…
Gaztetasunaren ilusioa, bizipoza, indarra, kezka, ausardia…zer ez dago argazkiko gazte horien aurpegietan! Ez da hilabete elkartu ginen (ia urtero bezala) kinto-bazkaria egiteko gazte horietako asko, ez hain gazte oraingoan. Batzuk falta dira, ez daudelako gure artean dagoeneko. Beti gogoan, hori bai!
Beste batzuk, berriz, herritik kanpo bizi dira eta ez ziren etorri. Hurrengo urtean etorriko dira, agian. Orain hilabete elkartu ginenen artean, badira argazkian ez daudenak. Horiek herrira ezkondutakoak/etorritakoak dira, horiek ere kintoak.
Baina nondik dator soldaduska egin behar hori? Cadizko 1812ko Gorteek (Espainia) gizon guztien zerbitzu militarra egiteko derrigortasuna ezarri zuten. Baina, Katalunian eta Euskal Herrian ez zen nahitaezko erreklutamendurik izan. Azken Karlistadara arte (1872-1876) euskal lurraldeak kintetatik salbuetsita egon ziren. 1876ko Konstituzioak eta 1878ko legearen bidez ezarri zen arte; orduan orokortu zen estatu osorako derrigorrezko izen-ematea. Hau idazten ari naizen egunean, hain juxtu, 1876ko uztailaren 21eko lege batek ezabatu zituen gure antzinako Euskal Foruak. Gure buruaren jabe hainbeste mende izan eta gero, ezabatu ere! Eta horren ondotik, soldaduska derrigorrezko bihurtu zuten.
Baina bueltatu nadin argazkira! Bazkal ondoren, autoa hartu eta Nafarroako herriren bateko festetara joan ginela uste dut. Negua izango zen, bidean elurra eta guzti egin zigula uste dut eta. A ze urduritasunak! Gidatzeko baimena atera berritan izango ginen! Baina ez zegoen oztoporik! Bizi nahi genuen! Elkarren babesean! Elkarri emandako adore eta bizipozarekin.
Eskerrik asko antolatzaileei
Orain hilabete elkartu ginen berriro, esan dudan moduan, eta garai hartako ilusioak ez dira gaur egungoak izango, baina bizitzeko pozarekin segitzen dugula esango nuke.
Oharra: ez dut baimenik eskatu argazkia erabiltzeko, adiskidetasun horren baitan ausartu naiz. Eskerrik asko orain arte kinto-bazkariak antolatzen ibili zaretenoi!Uste dut oraindik joan ginenon arbaso guztiak gogoratzen dituela!