Marian Arratibel eta Pili Alkaiaga • Gerriko liburudenda (Lazkao)
Oporretarako gozamena izaten da, patxada ederrean, liburua irakurtzea. Azkeneko berritasunak, zein gogokoenen zerrendan ditugun zaharragoak. Poltsikoko liburuak eramangarriagoak eta arinagoak izaten dira, neurriz txikiagoak eta azala meheagoa dutenak.
Berritasunei dagokionean, irakurle helduentzat, euskaraz Arantza Urretabizkaiaren Azken etxea; Joseba Sarrionaindiaren Munduari bira eman zion ontzia; Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren Ama, eme, ume; Joxean Agirreren Solteroen dantzalekuak; eta Eider Rodriguezen Eraikuntza materiala nabarmenduko genituzke. Etxeko idazleetan, Iker Sanchoren itzulpena, Anton Txekhoven 31 ipuin. Azkenik, Asisko Urmenetaren Amaiur komikiari aipamen berezia egin nahi genioke.
Gaztelerazko literaturan, nobela beltza edo misteriozkoa izaten da irakurriena. Liburu berrien artean, Joel Dickerren El caso Alaska Sanders eta Michel Houellebecquen Aniquilacion daude, eta etxeko idazleen kasuan, Mikel Santiagoren azkenekoa, Entre los muertos, eta Nagore Suarez nafarraren La musica de los huesos udarako irakurgai aproposak izan daitezke.
Irakurle gazteen artean, misteriozkoak eta arazo sozialei buruzko argumentuak dituztenak dira irakurrienak, bai euskaraz, bai gazteleraz. Youtuber ospetsuen liburuak, manga eta komiki itxurakoak ere gogoko dituzte gazteek.
Haurrak eta gaztetxoak bilduma zaleak dira. Adinaren arabera, Katta, Nur, Futboleroak eta Onin dira gehien saltzen direnak. Hala ere, liburu berezi bat nabarmendu nahi genuke, Enigmak. Artea. Artearen historian espezializatutako detektibe bihurtuta, 25 enigma edo erronka gainditu beharko ditu irakurleak.
Irakurle hasi berrientzat hizki larriz idatzitako gero eta liburu gehiago daude. Hona hemen bi titulu berri: Telmo lotsatia da eta Daniel eta beste herrialde bateko haurrak. Ipuinekin hausnarketa eragingo dien txikienentzat, berriz, gomendio bat: Hari ikusezina.
Aisialdirako, erlaxaziorako
Azkenik, beste bi proposamen udako orduak pasatzeko: Lettering liburuak, hizki desberdinak egiten ikasteko, eta adimena lantzeko Rubioren liburukiko helduentzako ariketak.