Aralarko mendizerran, 1.200 metroko garaieran dago Perileku parajea, Igaratza aldean, Arritzaga bailararen hasieran. Zelaiak dira, larreak. Inguruan ditu, mendebalera Olamuño (1.261m), iparrera Arbelo (1.332m), hegoaldera Beaskin (1.232m), Pagota (1.271m) eta Errenaga (1.287m). Baita hegoaldera, bertan, Aralarko Adiskideen borda ere.
Askok Igaratzako larreak eta Perileku, bat eta bakartzat hartzen dituzte. Izan ere, urtean behin ematen zioten erabileragatik zabaldu zen bigarren izen hori: feriak egiten zituzten lekua.
Urtero, San Joan baino bi egun lehenago, ekainaren 22an, ganadu azoka egiten zuten Perilekun Aralarko artzainek. Ahariak trukatzen zituzten, artaldeak berriz ere ekoizpenean jartzeko garaia baitzen; baita ardiak saldu edo erosi ere. Gazta eta arkumeak ere saltzen zituzten artzainek.
«Hiru eginkizun nagusi zituen artzain bilera hark: ardiren batzuk saldu eta erostea; artaldeak berritu eta hobetzeko asmoz ahari trukaketak egitea; eta Arantzazuko fraideei eskupekoa ematea, horretarako bertara joaten zen horien ordezkari bat». Artzain bakoitzak arkumeren bat edo gazta batzuk ematen zituen limosna edo erruki sari moduan. Fraideak, berriz, zahatotik ardoa emanez eskertzen zien, artzainek txaboletan ez baitzuten ordura arte ardorik edukitzen.
Gipuzkoako lurretan dago, baina Nafarroarekin muga-mugan. Horregatik, hain justu, eremu hartan feria egiteko ohitura iraganean zegoen mikelete etxeagatik sortu zen, zenbait ikertzaileren arabera. Bi herrialdeen arteko mugako pasaerak zaintzen zituzten Igaratzan, Ataun, Zaldibia, Abaltzisketa eta Amezketara abiatu aurretik. Mikelete etxearen oinarrietan altxatu zuten, 1928an, Aralarko Lagunen aterpea.
Feria hark luzaro iraun zuen, XX. mendearen erdialdera arte. Aralarreko erdigunetzat hartzen zen.
Historiaurrean ere bilgune
Mendeak, milurtekoak dira Perileku deritzon tokian gizakiak elkartzen direnetik. Igaratza-Beaskin-Perileku gunearen interes arkeologiko bereziak adierazten du, harri-eraikuntza zahar ugari baitaude bertan edo oso gertu. Maskorrak, txirlak, hezurrekin egindako objektuak, lepoko eta eskumuturreko tailatuak, anbar, boliz edo azabatxezko piezak aurkitu izan dira. Perilekuko estazio megalitikoko trikuharri batzuk, lehenak, Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zuen, 1916an. Kalkolitikoko, Brontze aroko eta Neolitikoko aztarnak zeuden han, antzinako artzainen lekuko.