Oporretan guztiz deskonektatzea lortu baduzue ohartuko zineten dagoeneko irrati, telebista eta prentsatik datozkigun albisteek (ekonomia, biziaren garestitzea, gerrateak, energia baliabideen eskasia…) egunaren argia eta poza eklipsatzen dutela. Ez da halakorik kulturari dagokionean zorionez, gure inguruan badira berri onak.
Duela hilabete Ataunen izan genuen talde bat aurkeztu nahi dizuet, eta bide batez argitara eman duten lehen lana. Lekeitioko Zikin taldeaz ari natzaizue. 80ko hamarkadako HC-Punk zuzena jorratzen dute. Oargiko beste gau magiko batean izan genituen Tatxers eta Lukiekin batera abuztu hasieran. Ikaragarria kontzertua, eta bide batez aipatzekoa, Torto Gazte Asanblada egiten ari den lana kontzertuak sortzen eta aukerak zabaltzen. Mendeku Diskak argitaletxeak argitaratu die Zementua Armosaten lana lekeitiarrei, eta diskoak beraien indarra biltzen badu ere, bilatu ezazue zuzenean ikusteko aukera. Garai bateko Black Flag, Suicidal Tendencies, Adolescents datozkit burura….haiek 80ko hamarkadan bezala, kontzertuek hogeiren bat minutu irauten dute. Beraz, ikusteko aukerarik baduzue garaiz iristea ezinbestekoa da!
Disko argitalpen batzuk ere baditugu asteotan. Flash talde berriaren lehen lana argitaratu da Londresko, La vida es un mus zigiluaren bitartez. 11 abesti 19 minututan. Punk bizkorra Spits taldearen ildo beretsuan. Flash taldea Arrotzak, Hell Division, Oki Moki… taldeetako partaideek osatzen dute eta horien artean etxekoa dugun Joseba Artza da baterian. Entzungai dagoeneko ohiko plataformetan. Laster izango ditugu zuzenekoetan bai Euskal Herrian nola Europa eta Kalifornia aldean ere. Adi beraz!
Etxekoak aipatuta gure (Artza Records) lanen aldeko prentsa egiteko baliatuko dut zutabe hau. Labetik atera berriak eta binilo formatuan argitaratu ditugu hiru talderen lanak bi binilotan. Lehena 30% talde andoaindarraren maketa originala eta garai hartako soinu zapaltzaile hura prozesatu gabe berreskuratuz. Bigarren diskoak berriz, Los Fresas taldearen 1994. urteko punk rock zuzena biltzen zuen grabaketa jasotzen du diskoaren A aldeak. Sekula argitaratu gabeko grabaketa bat zen eskuz eskuz ibili zena garai hartan. Jomes Hamiltonek (Bap!, Anari…) grabatua Bap! en lokalean. Azkenik, eta disko beraren B aldean, Barrakos taldearen maketa izango dugu, Buenawista etxeko soinuaren erreferentzia nagusienetako bat izan ziren hauek. Bi taldeotan La Perrera, NCC, Teen Dogs, Cerdos Compases…eta abarretako taldekidek zeuden. Diskoak jada salgai daude eta ez daude kopia asko ale bakoitzetik, beraz eskuratu zurea lehenbailehen! Aldizkari honetan kolaboratzaile den Egoitz Irizar beasaindarrak atondu ditu diskoetako diseinu grafikoak.
Amaitzeko, Gerriko Elkartean izango den Hitz & Musik zikloan honako artistak izango ditugu udazken honetan, Joseba Tapia urriaren 4an, Juantxo Arakama (Glaukoma) azaroaren 8an eta Niña Coyote & Chico Tornado abenduak 15ean.