Leku-izen askok garai bateko bizi-ohituren berri ematen digute. Ez da harritzekoa, aspaldi sortutakoak izaten baitira. Egin kontu, Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriako toponimia ikertzerakoan (Martinez eta beste 2021: 283), konturatu ginen mortuetan bildutako 1.121 leku-izenetatik 621 XX. mendea baino lehen dokumentatuta zeudela, eta haietatik 103 XV. mendea baino lehen.
Artikulu honetan hizpide izango dugun Unamendi izena horietakoa dugu, aspaldikoa alegia, eta sortu zenean ohikoa zen jarduera baten berri ematen digu, Goierrin eta Euskal Herri osoan. Oso ugaria da horregatik, nahiz eta askotan bestelako forma baten azpian mozorrotuta azaldu: Seguran bi lekutan azaltzen da, Santa Barbaran eta Barbarimendin (‘ondamendi’ izenez ezagutzen dute azken hori); Zumarragan Oleta inguruan dago eta dokumentatuta dago XV. mendean (‘ollámendì’ izena erabiltzen da gaur egun); Partzonerian Beunda inguruan dago (‘unamuño’ izenez ere ezagutzen da); Burundako Urdiainen, Oñatin eta Antzuolan ere baditugu (Antzuolakoa ‘irumendi’ izenez ezagutzen dute); Ezkioko eta Angiozargo Ulamendi izenak ere hortik datozela ematen du; Aizpurutxo aldeko Ondamendi, akaso ere bai.
Zer ziren, baina, ‘unamendiak’, horrenbeste egoteko? Dirudienez, ohitura izaten zen herriko ganaduak mendira eramateko unain edo behizain baten zaintzapean, herri eta baserri inguruetan lur guztiak landuta egoten zirelako (Atlas Etnografico de Vasconia, Labayru). Mendi horiek herriarenak izaten ziren eta unainak bertan egoten ziren egunean zehar ganaduaren ondoan. Guk ere konprobatu izan dugunez, Unamendi izeneko mendiak ez daude auzoguneetatik oso urruti, eta uste dugu haietara egin beharreko joan-etorriak egun batean lasai egin zitezkeela. Hori dela eta, Unamendi izenen atzean ‘unain-mendi’ dagoela uste dugu, erabat ziur ez bagaude ere.
Herri lurren gainbeherarekin bat
Herri-lurrak desagertzean (XIX. mendearen lehen erdian, batez ere) jarduera hori ere desagertu egin zen gure inguruan, eta lanbidea, jakina, galdu egin zen. Hori izan liteke Goierrin eta inguruko eskualdeetan Unamendi izena hain azkar desitxuratzearen arrazoietako bat. Oñamendi, Ollamendi, Ulamendi, Ondamendi, Irumendi… izenez ezagutzera pasa dira denborarekin.
Aizkorri mendikatearen inguruan dauden Unamendi izenek (Beundakoak eta Durukoak), aldiz, hobeto eutsi ahal izan diote jatorrizko izenari eta pentsa liteke ‘unain’ izena bera beranduagora arte erabili izan delako gertatu dela. Candido Izagirre urretxuarrak, hala, ‘unaiña’ hitza Arantzazu aldeko Pedro Urzelai baserritarrari jaso zion XX. mendearen bigarren erdian. Goian aipatutako Atlas Etnografikoak dioenez, baserritarrak ez ezik, artzainek ere unainak kontratatzen zituzten euren jabetzakoak ziren ardi, ahuntz eta behorrak zaintzeko.