Txapelketa Nagusia, iaz egitea bazegokion ere, 2022an jokatuko da, arrazoi ezagunengatik. Ez al da horrelakorik, ez bestelako areriorik izango! Badirudi giro bikaina izango dela, azken urteetan bezain jendetsua. Hau ez da bertsolaritzari eta bertsogintzari soilik dagokion eguna; ezohiko jende multzoa bildu ohi gara; gehienak bertsozale petoak eta asko bertsozaleak ere bai baina, bereziki egun horretan, festa eta euskararen aldeko ekintza edo jaian partaide izan nahi dutenak.
Txapelketa Nagusia bai, baina ez adinez nagusienak diren bertsolariena. Txapelketak eskatzen duen konzentrazioa, entrenamendua, gogoa, gaitasun mental eta fisikoa… ez dago denon esku eta finalerako sailkatzeak bere lana (eta poza) dakarren arren, Iruñean goiz eta arratsaldez sormen lanean jarduteak eskatuko duena ez da egun pasa joatea. Jarrera kontua ere bada eta izaerak nabarmen agintzen du norgehiagokan. Denok ez gara irabazle izaerakoak, irabazi nahi izan arren. Txapelketa Nagusian Egañak eta biok kantatu genuen batean, kantatzeko aulkitik jaikieran, esan nion nik «orain ikusiko diagu bada» eta Andonik erantzun «ez Iñaki, orain ikusiko ditek!». Emaitza begi bistakoa da, hark lau txapel ditu!
Aurtengoak hainbat galdera sortarazten dizkit: Nor izango da Txapeldun? Gaiek zer berrikuntza izango dute? Goierritar finalistarik izango ote? Izateko aukerak baditugu eta bultzada emango diegu txaloz, animoz, oihuz… Eutsi goiari! Dakizuena egiteko zoria opa dizuet sailkaturik zaudeten bertsolari partehartzaile denoi eta beste horrenbeste, askotan isilpean ia ikusezin bihurtzen zaizkigun, gai jartzaileei, epaileei, aurkezleei, antolatzaileei…