Abuztuaren 23az geroztik, Seguran Azpillako dorrea non egon zen adierazten duen oroigarri-plaka batek erakutsi die historiako lezio ahaztu eta ezezagun bat antzinako bidean paseoan dabiltzan ibiltariei. Segurako Erraztiolatza Museoaren ekimenez, altzairuzko pieza batek eta nafar banderaren metalezko xafla batek gogorarazten dute.
Agiri zaharretan aipatu izanagatik, jakina zen egon zela Azpillan defentsa eraikinen bat. Segurako udal artxibo historikoko pergaminozko agiri zahar bat transkribatua zuen Luis Miguel Diez de Salazar Fernandezek, 1993an: «… la meatad de toda la piedra de la torre de Ayzpilaga et la meatad de la Penna Alta de piedra de Ayzpillaga» dio 1410eko maiatzaren 26ko salmenta-idatziak. Hala eta guztiz, inork gutxik zekien dorrearen berri Seguran.
Harresitarako hango harriak
Eraikin historikoaren aztarnak erabat galduak dira. Dorrea eta bera zegoen haitz tontorra 1410ean saldu zituzten, urrezko 60 koroaren truke. Dorrea desegin, eta Seguraren harresiak eraikitzeko eraman zituzten hango harriak. Horretarako ezezik, Seguratik abiatzen diren errepide guztiak egiteko ere erabili zuten hango materiala; Zegamara, Mutiloara, Zerainera eta Idiazabalera irteten ziren bideen zoruan botatzeko eta gogortzeko.
Leku estrategikoan zegoen Azpilla dorrea: kostaldetik Nafarroarako errepide nagusi bat kontrolatzen zuen, Segurako hiribilduaren goialdeko gaintxo batetik. Dorreko harria bakarrik ez, han zegoen harkaitz tontorra ere desegin zuten. 1789ko abuztuaren 23an harria ateratzen hasi ziren. Harrobi funtzioa bete zuen, eta 4.800 metro kubo harri atera zela diote agiriek. Hainbat metro beheratu zuten gailurra, eta horregatik ez dago inolako aztarna arkeologikorik.
Oroigarri plaka jartzeko ekimena, hain zuzen, efemeride horren harira aukeratu zuen Erraztiolatzako Rafa Berasategik: abuztuaren 23a.
Azpillako sailak 1873an saldu zituen udalak, karlista gerrak eragindako zor izugarriak arintzeko finantzazioa behar baitzuen. 40.000 erreal lortu zituen, Segurako lau jauntxoren artean lau zatitan salduta. 1921ean karobia egin zuten.
Nafarroaren dorrea zatekeen
Berasategiren iritziz, Nafarroako erresumaren dorrea zatekeen Azpillakoa. Gaztelak bota izana da adierazle bat, behin lurralde hori menperatu zuenean. «Kasu honetan, eta beste askotan, Euskal Herriak arazo sakona dauka bere historia kontatzeko orduan, ez duelako kontakizunari zilegitasuna ematen dion botere politiko propio bat eduki azken 822 urteotan, gutxienez», esan du Erraztiolatzako arduradunak.
Azpilla izan zela eta non zegoen, behintzat, jakiteko modua bada orain.