Joxe Begiristain • Irakurzalea
Ekaitz Goikoetxearen Balio erantzia aforismo-liburutik hartu dudan «Bakardadea, besteak beste, besteez beste egitea da», esaldi hori iruzkinduz aise agortu nezakeen tarte honetarako eskaintzen zaizkigun karaktereetarako lekua. Eta helduleku askoren artean, bat luke hausnartzea ea bakardade hori norberak aukeratua ala norberaren ezustean iritsi zaion bati. Edo, «Ezer itxuraz egiteko gai ez denak itxurak egin behar» dionean, nik heldu diezaioket hari-mutur honetatik: guztiok erabiltzen ditugun hitzekin idazleek bakarrik duten adierazkortasunaren inbidiatan, haienak gozatuz, geuk ere esaldi, hitz-joko, errima edo dena delako hori geuri bururatu ezina geureganatzen itxurak egiten saia gaitezke… Eta beti leku berera iritsi: utz diezaiogula geuretik sekula sortuko ez den txinpartaren zain egoteari eta goza dezagula horretarako dohainak dituzten idazleen abilidadeaz. Horixe baita, irakurtzeak ematen digun plazerik handienetakoa, «Guztiok dugu gabeziaren bat soberan» eta.
«Hitza, pentsamenduaren oihartzuna ezpainetan», dio Goikoetxeak; sikiera hori ondo egiten asmatuko bagenu! Idatziz jartzeko pretentsiorik gabe… «Irakurlea garaiz kanpoko denbora batean bizi da». Ba, eskerrak! Zeinen aspergarria behar duen 24 ordutan eguneroko ohikeriatik alde egin ezina. «Oraina etorkizunean iraganeko kontua izango da», nahiz eta «Unea bizitzeko momentua da hau» matrakarekin gabiltzan. Literatura ona gozatuz, ordea, balio erantsia ematen dio, Balio erantzia bezalako liburuek zer hausnartua sorrarazten dionari, haren bizitzaren oraina, iragana eta etorkizuna aldi berean txirikordatuz.