Ordiziako denda zaharrenetako bat da Urdaneta kalean dagoen Arizmendi zapata denda. Bertako arduraduna da Mari Karmen Insausti (Zaldibia, 1936). 86 urte ditu, 64 daramatza senarrak ireki zuen dendan lanean, eta erretiratzeko gogo handirik ez badu ere, dendako eguneroko martxak ematen baitio pizgarria, agurrerako data bat ipini beharko duela pentsatzen hasi da. Bitartean, bere ibilbideaz eta beste hainbat kontutaz, luze eta zabal mintzatu da.
Zaldibian jaiotakoa omen zara. Nola oroitzen dituzu haurtzaroko garaiak?
Ibarguren Txiki baserrian jaiotakoa naiz, baserri txikia zen, kaleko baserria. Oiloak, behi bi, baratze txiki bat… genituen. Oso urte onak izan ziren. Orduan zazpi urte arte ez ginen eskolara joaten. Eskola nazionalean aritu nintzen. Garai hartan, Doktrina esaten genion, orain katekesia esaten zaionari, eta nik ez nekienez irakurtzen, Bikarioak esan zidan: ‘Horren neska handia eta irakurtzen ikasi gabe oraindik?’. Amari esan nion, ez dit gehiago burlarik egingo, bihartik irakurriko det. Eta hasi nintzen riki-raka.
Ondoren, joan nintzen eskola partikularra esaten genionera, neska eta mutil joaten ginen. Han ere urtebete egin nuen. Ez dakit esaten zorionez edo zoritxarrez, baina izan nuen maistra bat lepra pasa zuena. Alaba bat zuen, eta oso zakar egiten zion. Balentina zuen izena, oso-oso polita zen…Ez dakit zen guri ikara sartzeagatik edo… Erakusteko, ordea, oso ona zen. Biderkaketa taula erakutsi zigun, kantuan. Numeroak egiten, irakurtzen baino lehenago ikasi nuen, edo agian ni nintzen gogoa nuena. Adin desberdinetako haurrak nahasita geunden; 15 urtera artekoak zeuden. Nik, 13 urterekin utzi nion eskolara joateari.
Josten ere ikasi genuen eskolan. 7-8 urterako, ojalak egiten genituen. Nik hatz-azalak jan egiten nituen, baina kostata ere ikasi nuen josten. Gustora joaten nintzen, lagunekin elkartzeko aitzakia ere bazen.
Ikasle bezala, kapritxosa eta harro xamarra nintzen. Nazionaletan ez hainbeste, baina partikularrean hasi ginenean neska eta mutil… Lehenengo ikasi egin behar genuen lezioa eta gero idatzi, faltarik gabe, noski! Niri berdin zitzaidan, edozein modutan egiten nuen, eta hori da harro xamarra izatea.
Eta jolastu… zertan jolasten zenuten?
Garai hartan ‘txingon’ jolasten genuen. Pelotan ere bai. Ez nintzen pelotari ona, baina tira,… Gero ezkutaketan, neska eta mutil.
Kozkortzen joan zinenean…
Kozkortu nintzenean, Ordiziako azokara etortzen nintzen amonarekin. Ez zen etxean ekoizitakoa, erosi eta saldu egiten genuen gazta. Etxean egiten genuen zerbait, baina etxerako zen. Eta gainera ez genuen beti izaten.
Nolatan etorri ziren Ordiziara?
14 urterekin Olano tabernara etorri nintzen lanera, neska txikia zaintzera, jaietan [jai egunetan]. Oso ondo konpontzen nintzen etxekoekin, eta poliki-poliki edalontziak-eta garbitzen hasi nintzen, eta pixkana-pixkana, tabernako lanetan sartzen hasi nintzen. Zazpi urtez egon nintzen hantxe lanean, asteburuetan, ezkondu baino urtebete lehenago arte. Ondoren, Cartonajes Nadal lantegian aritu nintzen lanean, urtebetez. Kartoizko kaxak egiten genituen, txokolatezko bonboiak gordetzeko adibidez. 18 urte izango nituen. Gustura egon nintzen.
«1958 urtean hasi nintzen ni zapata dendan. 64 urte daramatzat hemen lanean. Bi urte lehenago ireki zuten»
«Azokan gaztelera entzuten zen gehien. Nik tabernan, eta ferian ikasi nuen gaztelera, batik bat, baina behin ere ondo ez. Eskolan ere ikasi nuen zerbait. Horretarako ariketak egiten genituen»
Ordurako ezagutzen zenuen zure senarra izango zena?
Jaio eta segituan ezagutu nuen. Ordiziakoa zen baina enkargu batera joan zen gure etxera, Zaldibiara, eta orduan ezagutu nuen. Praka motzak zituen jantzita, ez zait burutik kendu behin ere [lepokoa ukitzen du]. Jende askok esaten dit, tabernan ezagutu nuela, baina ez da egia. Gu bion familiek harremana zuten aurretik, gaztagileak zirelako.
Noiz egin zineten bikote?
Sodaduskatik itzuli zenean. Nik 19 urte eta berak 23 zituen. Ondoren, gure etxera etorri zen, Zaldibiara, baserria ere gustuko zuen, artean nik senide txikiak nituen. Hamar anai-arreba ginen, sei neska eta lau mutil, eta ni nintzen zaharrena, txikienarekin, 19 urteko aldea nuen. Juan Bautista Arizmendi zen nire gizona. Ezkondu eta hiru urtera izan genuen lehen umea.
Noiz hasi zinen Arizmendi zapata dendan lanean?
Senarrak bazuen zapata denda ni hona etortzerako. Donostian egon zen zapatak nola egiten ziren ikasten eta Ordizian, berriz, zapatak konpontzen. 1958 urtean hasi nintzen ni zapata dendan. 64 urte daramatzat hemen lanean. Eta dendak 66 ditu, bi urte lehenago zabaldu zuten.
Nolakoa zen orduko denda?
Ez da asko aldatu. Egurra dagoen tokian, baldosa zegoen lehen. Mostradore atzeko arkua, hasiera-hasieratik dago. Zapatak probatzeko eserlekuak zeuden, ispilua-eta ondoren jarri genituen…
Eta eguneroko martxa, nolakoa zen?
Astelehenetan, goizetan, neguan, sekulako lana izaten genuen. Orduan ez zegoen kalefakziorik, etxeetan sua egurrarekin egiten zen, ekonomika izaten zen, baina ez zen gaur egun etxeetan dagoen kalefakziorik. Eta orduan, hankak hoztu, busti egiten ziren. Horregatik, astelehen goiza lan askokoa izaten zen guretzat. Asteazkenetan ere jende asko ibiltzen zen, Azoka egunagatik.
Zer gogoratzen duzu azoka egun haietaz?
Kalean gaztelera hitz egiten zela asko. Nik tabernan, eta ferian ikasi nuen gaztelera, batik bat, baina behin ere ondo ez. Eskolan ere ikasi nuen zerbait. Horretarako ariketak egiten genituen. Ordiziara etorri nintzenean, kale honetan [Urdaneta kalea] batez ere, erdaraz asko egiten zen; gerra ostea zen, kanpotik etorritako langileak ere bazeuden, Ordizian jaiotakoek ere gazteleraz egiteko joera handia zuten… Azokan erdipurdi egiten zen euskaraz. Tolosako azokan bai, han bai egiten zuten. Hemen ahal zuen guztiak gazteleraz hitz egiten zuen. Jendeak ikasi egin nahi zuen gaztelera, barre egiten zigutelako gaztelera ondo ez hitz egiteagatik.
«Saltzen genuen kalitatea, modarekin batera. Baina beti pentsatu izan dut kalitatea zela oinarrizkoa»
«Pentsatzen hasi naiz erretiroa hartu beharko dudala, baina asko-asko kostatzen ari zait erabaki hori hartzea. 86 urte ditut, 64 pasa ditut hemen»
Eta gainontzean?
Giro handiko eguna izaten zen. Jende asko gerturatzen zen. Etortzen ziren txarlatanak [kalez kaleko salmentan aritzen den eta salgaia ahoz iragartzen duen pertsona], eta gure aitak beti esaten zigun; «Jende asko inguratzen da haien ondora eta kontuz! karteristak ere hantxe izango dira eta!». Batzuetan gainera, gutxien espero zenuena zen karterista. Gu saiatzen ginen kontuz ibiltzen.
Nolako postuak egoten ziren?
Askotarikoak! Udaletxe azpian jartzen genuen guk postua, gazta saltzen genuenean. Nire gizonaren etxekoek ere jartzen zuten postua, gazta saltzen zuten haiek ere. Bilbotik etortzen zen, perretxiku garaian mutil bat. Kotxearekin etortzen zen, eta bere amak laguntzen zion. Gaztaina garaian ere, asko izaten zen. Oraingo azokarekin ez du zer ikusirik. Plazako aldamen guztian, oinetakoak, aizkorak, artileak,… Goiko aldean, ere jartzen ziren postuak. Ezkondu ondoren, zapata dendako postua ipintzen genuen han. Telak saltzen ere egoten zen beste bat.
Gustuko zenuen azokara saltzera joatea?
Ez zen gehien gustatzen zitzaidana, baina denda urruti gelditzen zen….
Dendan nola antolatzen zineten?
Dendan nik ematen nien bezeroei arreta, eta senarrak, zapatak egin eta konpontzen zituen. Larunbatetan, ahizpak ere laguntzen zigun. Bera konponketak nahi zituzten haietaz arduratzen zen. Zuloak josi ere egiten ziren. Zapatak tintatzeko ohitura ere galdu da jada, baina garai batean, ohikoa zen. Eta zapatak egiten langileak ere izan genituen.
Nolako zapatak egiten zituen senarrak?
Gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako egiten zituen. Oraindik gordeta ditut senarrak erabiltzen zituen hainbat erreminta, eta berak egindako oinetakoak ere [azaleko argazkikoak]. Janztekoak, eta mendikoak ere egiten zituen. Neurrira egitea ez zen merkea, eta oinak delikatuak zituztenek, batez ere oinak oso zabalak zituztenak, ziren horrelakoak erosten zituztenak. Batzuetan, erakusleihoan ikusten zituzten beste zapata batzuk gustatu, eta antzekoak egiten saiatzen zen senarra. Donostiara bidaltzen genuen kortea egiteko. Urte askoan egin zituen zapatak. 50 urte arte bai, eta zapata konponketan 60 urte gehixeago arte. Konpondu asko-asko egiten zen.
Bestelakoak ere saltzen zenituzten, eta gainera horri eutsi diozue, gaur arte. Zertan oinarritu izan zara saltzeko materiala aukeratzeko?
Batez ere, kalitatean, modarekin batera. Baina beti pentsatu izan dut kalitatea zela oinarrizkoa. Garai hartan adibidez, umeentzako zapaten artean, gorila markako oinetakoak zeuden. San Juan inguruan egiten genuen negurako eskaera. Orduan ez zegoen gaur egun zegoen aukera zabala. Biajanteak etortzen ziren, muestrariorekin. Arnedon eta Elda, Alacant inguruan zeuden zapata etxe onenak. Emakumezkoentzat oinetako oso onak ere, Mallorkan egiten zituzten. Rejillazkoak berriz, kartzela ondoko herrietan egiten ziren, izan ere, rejillak kartzeletan egiten zituzten.
Moda aldatzen joan den moduan aldatuko zen dendako martxa ere…
Bai, hala da! Erosketa ohiturak asko-asko aldatzen joan dira. Konpetentzia handitu egin da: garai batean ez zeuden horrenbeste denda, ez merkataritza zentro handiak, ez Internet,… Horrek guztiak eragin digu.
Hala ere, zuk hemen jarraitzen duzu…
Bai, nabaritzen hasia naiz, gorputzak ez didala jarraitzen, eta pentsatzen hasi naiz erretiroa hartu beharko dudala, baina asko-asko kostatzen ari zait erabaki hori hartzea. 86 urte ditut, 64 pasa ditut hemen. Nire senarrak irekitako negozioa da, garai hartan esfortzu handia egin zuen lokal bat erosi eta hau martxan jartzeko. Nire bizitzaren zati oso garrantzitsu bat pasatu dut hemen, eta askok esaten didaten arren, badudala erretiratzeko garaia, lasai bizitzeko eta gozatzeko garaia, niretzako hau da lasaitasuna eta hau da disfrutatzea. Pena da erreleborik ez izatea. Hala izanda ere, esandakoa, gorputzak ez dit berdin erantzuten, eta laster jarriko dugu agurrerako data.
Betikoaren xarma duena
Denda berriek ez duten xarma berezia du Arizmendi zapatadendak. Urdaneta kaleko 10. zenbakian dago. Gerturatzen hasi eta ataria eta haren alde banatan dauden bi erakusleiho txikiak ikusi orduko, segituan konturatzen da bat historia darion toki batean sartzera doala. Dendaren barruko aldeak ere ez du alferrekorik; salgarrien kaxatxoak tapatzen dituzte paretak, eta … goiko aldeetan, bi urtxintxa eta azeri bat, disekatuta. Egurrezko mostradorearen atzean, bigarren estantzia batera sarbidea, arku forma duena, egurrezkoa. Ezin da ikusi zer dagoen beste aldean, oihal sendo bat baitu zintzilik. Halako batean, oihalaren atzetik agertu da Mari Karmen Insausti, dendako arduraduna. Txikia, baina batere eskasa, dotore jantzita eta orraztuta. «Meriendatzeko ezer ez dut ba!», esan du alde guztietara begira, «ez baduzue sagarren bat nahi?» bukatu du eskaintzen. Zapata kutxen artean, sagar eder batzuk ditu, dozena edo, Ordiziako Euskal Jaietan, erakusleihoak apaintzeko, baserriren batetik ekarritakoak. Betiko dendarien, betiko jendearen kortesia du.
Umearoko eta kozkortu zeneko garaiak oroitu ditu lehenengo. 86 urte beteak ditu, baina memoria fotografikoa erakutsi du. Juan Bautista bere senarra izan zena gogoratu duenean batez ere; harekiko maitasun sugarra bizirik du oraindik, lepokoari helduta eutsi dio emozioari, konfesionario txikian. Denda bat baino gehiago baita Arizmendi zapata denda; Insaustirentzat «dena» izan da. 64 urte egin ditu bertan lanean, erretiroa hartzeko adin ofiziala, duela 20 urte bete zuen, baina lana eta hori baino gehiago, bere senarrak esfortzu handiarekin zabaldutako negozioa bizirik mantentzeak ematen dio kemena.