Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Stephane Mallarmek amets bat zeukan, amets batek bizi izan zuen poeta frantsesa: hitzen zurrunbiloan, hitz bakarreko poema bat idatzi nahi izan zuen, baina hitz bakar hark mundu osoa bildu eta laburbildu behar zuen, eta mundua adierazi. Hitz hura bizitza izan zitekeen, edo haren ahizpa heriotza; hitz hura argia izan zitekeen, edo haren anaia iluntasuna; edota denbora, hitz errukigabea. Mende bat geroago, halako batean, Rubem Alves pentsalari brasildarrak aurkitu zuen Mallarmek amestutako hitz esentziala, edertasunaren, egokitasunaren, amodioaren, zoriontasunaren sintesia:
jardim
Irudipena daukat ni ere, urteen poderioz, antzeko ondoriora iritsi naizela, akaso esaera arabiar bat atsegin dudalako: «Liburua, poltsikoan daramagun lorategia da». Edo, akaso, gero eta saiakera gehiago irakurtzen dudalako, eta irakurgai horien gaia lorategia edo paradisua delako. Hala gertatu zitzaidan Santiago Beruete idazle nafarraren Jardinosofia edo Verdolatria liburu miresgarriekin, edota Annie Dillard idazlearen Enseñarle a hablar a una piedra edo Una temporada en Tinker Greek liburu harrigarriekin, edota Marokoko lur lehorretan lorategi bat eraikitzen tematu zen Umberto Pastiren Perdido en el paraíso lanarekin.
Baina irudipena, joan berri zaigun udan, ziurtasuna bilakatu zait, konbentzimendua kasik, izan ere abuztuko udaminean oasi paregabe bat ezagutzeko zortea izan baitut, benetako oparia, eta bertatik bertara. Oiartzungo zoko-moko batean dago, telebista mundutik —Bricomania, Decogarden— datorren Iñaki Segurolak sortua, lorategien lorategi halako bat, ezin delikatuagoa, ezin ederragoa, ezin bizipozgarriagoa.
Mundutik at, Lur Garden jardim-ean, urezko ispiluetan ageri eta igeri, nork bere barruan daukan lorategia topatu nuen eta, Mallarme gogoan, Shakespeare poetaren hitzokin akordatu nintzen: «Denborak ez baitu atzera egiten, inoren loreen zain egon beharrean, landatu zerorren lorategia eta apaindu zerorren arima». Gero, Japoniako lorategi batetik irten banintz bezala, indarberrituta, Pier Paul Berzaitz zuberotarraren kantua etorri zitzaidan gogora eta ezpainetara: Baratze bat nahi dizut egin.