Iraila hasi eta besarkada luzeak iristen dira, ikasketa prozesuan atzerrira bidaiatzeko hautua hartzen duten horiek agurtzeko unea. Izan lagun, anai-arreba zein ikaskide. Erasmus, SICUE edota beste programaren batekin atzerrira doazenen agur-jai ugari ikusi ahal izan dira Goierrin azken hilabetean. Itzulera ere eder askoa izan ohi da, berriz elkar ikustea, esperientziak partekatzea… Urtero-urtero ikasle ugari joaten dira.
Laida Zabaleta de Benito (Beasain, 2002) Portugalera joan zen joan den astean, otsailera arte eta orrialde honetan utzi ditu bere sentsazio eta urduritasunak. Ilusioz joan da eta esperientzia «erabat aldrebesa» izango delakoan dagoela adierazi du. Horrez gain, etxetik kanpoko bere lehen esperientzia izango da eta zenbait beldur ere aitortu ditu, hala nola «ez bere lekua topatzea bertan edota galduta sentitzea». Hala ere, «bizitzaz ikasiko duelakoan» eta lagun ugari egingo dituelakoan dago.
Txiletik bueltan
Batzuk joan eta besteak etorri. Aroa Saez de Egilaz Junquera (Zerain, 2001) atzerriko esperientzia bizitzetik duela hilabete eta erdi itzuli zen, Latinoamerikatik hain zuzen ere. Txilera egin zuen bidaia eta bertan bizitakoa «ahaztezina» izan da. Harreman berri ugari egiteaz gain «asko ikasi zuen egunerokotasuneko bizitzaz». Esperientziako konturik azpimarragarriena aukeratzea zaila izan du Saez de Egilazek baina «beste kultura bat ezagutzearen aberastasuna eta bertako benetako bizitza ezagutzearena» aipatu ditu, besteak beste. Hala ere, bidaietan beti izaten dira une onak zein txarrak, kasu honetan, unibertsitatean paroia egin zuteneko oroitzapena ekarri du gogora, izan ere, nahiz eta Argentinara bidaiatxo bat egiteko aukera eman zion honek, larri ibili zen EHU-ra bidali beharreko ikasketen emaitzak eskuratzeko, zenbait irakasleren trabak tarteko. Horrez gain, ezin izan zituen zenbait klasekide agurtu. Esperientzia honen ondoren berriro etxean da, eta halako esperientzia bizitzea «mundu guztiari gomendatzen diola» aitortu du, bizitzan behin izaten baita eta asko ikasten da.