Troiko urmaela lehortu eta birlandatzeko proiektuaren aurrean, Itsas Enara elkarteak dio biodibertsitate balioa galduko lukeela.
Gabiria eta Mutiloa artean dagoen urmaela da Troiko urtegia, egun animalia espezie ezberdinak ostatatzen dituen 4,5 hektareako ur masa.Ormaiztegitik GI-3540 errepidetik joan daiteke, baita Mutiloako eta Zeraingo meatze barrutietatik ere. Gabiria eta Mutiloa banatzen dituen Gesala errekako urarekin sortutako urtegia da. 1986an meatze gune bat ireki zuen Exminesa enpresak urtegia baino pixka bat gorago, ibaian gora, eta 1992ra arte beruna eta zinka ustiatu zuen. Urtegia erabili zuen material horietatik ateratako hondakinak gordetzeko. Urteen poderioz, material hori azpian sedimentatuta geratu da, eta ustiapena utzi zenetik gaur egunera arteko tartean, naturarekin bat egin du urtegiko eremuak eta ingurumenaren parte da urmaela. Ehundik gora ezpezieren bizitoki edo geraleku bilakatu da. 1996an Asfaltos Urretxu enpresak erosi zituen meatze guneko lurrak, baita urtegia ere. Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, urmaela lehortzeko eta lehengoratzeko proiektua jarri nahi du martxan.
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak salatu du ez dela «behar bezala baloratu urmaelak azaltzen duen ingurumen balio handia», eta lehengoratze proiektu horrekin Gipuzkoako biodibertsitaterik handienetakoa duen urmaela desagertuko litzatekeela: «Zazpi espeziek habia egiteko erabiltzen dute Troiko urmaela eta ehundik gora espezie negutar eta migratzailek bertan negua igarotzen dute edo atsedena hartzen dute. Hamar mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan agertzen dira. Ez dago zalantzarik, Gipuzkoa mailan, uretako hegaztientzat garrantzia handiko lekua dela». Urte osoan zehar ur maila ia konstantea mantentzen du urtegiak, eta hori da berezitasunetako bat. Espezie ugariren ugalketarako eta babeserako beharrezkoa den landaredia garatzea ahalbidetzen du. Kokapen ezkutuak eta sarbide mugatuak ere eragin du faunarentzako babeslekua izatea.
Kurriloak geratzen diren lurraldeko leku bakarrenetarikoa da. Arrano arrantzalearen presentzia ere frogatuta dago, eta atseden lekua da amiamoko zuriarentzat, amiamoko beltzarentzat eta atalarrarentzat. Ahate espezie ugari ere bertan elikatzen dira; Troiak du murgilari arrunten eta mottodunen negutar dentsitaterik handiena lurraldean. Gainera, Troiak Gipuzkoako odonatu espezieen %90 ostatatzen du.
Egoera egokian
Urmaelaren itxierarako proiektuak biodibertsitate horren suntsiketa ekarriko lukeela dio Itsas Enarak, eta instituzioei eskatu die urtegia gaur egungo egoeran mantentzeko: «Urmaela klausuratzeko egindako proiektuan agertzen den moduan, aukera hori bideragarria da teknikoki. Modu horretan, Gipuzkoako ingurumenaren ikuspegitik, ordezkaezin den ingurune paregabea mantenduko litzateke».
Asfaltos Urretxu enpresak eta Energiaren Euskal Agentziak itxierarako egindako proiektuan aipatzen denez, urtegiko instalazioak egoera egokian daude eta ez daukate arriskurik. Kolapso bat egongo balitz, baina, azpian dauden material horiek arazoak sortuko lituzkete. Beste aukera batzuk aztertu badituzte ere, arrazoi tekniko edo ekonomikoengatik baztertu dituzte, eta proiektuan aurkeztutako aukera nagusia urtegia lehortzea eta ondoren belardia landatzea da. 24 hilabeteko obra izango litzateke, 2.626.435 euroko aurrekontuarekin.
Udalen erantzuna
Jarrera ezberdinak azaleratu ditu lehengoratzeko proiektu horrek. Itsas Enara Ornitologia Elkartearen erantzuna ez ezik, udalen erantzuna ere izan du. Gabiriako Udalak proiektuari buruzko txostena bidali du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Jasangarritasun eta Ingurumen sailera, Jaurlaritzak eskatuta, eta urtegia soilik aldatzearen kontrako jarrera argia azaldu du. «Urtegian bakarrik ez, lan orokorragoa izan beharko litzateke, meatze gune osoan», adierazi du Oier Oiarbide alkateak.
Ez dute zalantzan jartzen sedimentatutako materialak bertan daudenik, baina ez dute begi onez ikusten soilik urmaela eraldatzea, hori izanik naturak berreskuratu duen eremu bakarra. «Beste interes batzuk» egon daitezkeelakoan, desadostasun osoa agertu dute: «Ez dugu nahi, ez zaigu iruditzen hori denik dagoen beharra, baizik eta beste bat. Goialde horretan dagoen meatze gunea da benetan kontaminazio bisuala, kimikoa eta organikoa sortu duena, eta ukitu gabe dagoena, ez urmaela. Mina bera seilatu gabe dago, desmantelatu gabe, itxi zenean bezalaxe. Ez gaude ados justu naturak bere kabuz berreskuratu duen hori aldatu nahi izatearekin».
Proiektuak duen zehaztasun falta ere salatu dute: «Urmaela estali egingo litzateke, baina ez digute adierazten zerekin estaliko duten». Oiarbidek azpimarratu bezala, Gabiriako Udala desados agertuko da proiektuaren helburua eta lortu nahi dena «benetan inguru horren berreskurapena dela» ikusi arte. «Beste interes batekin lotzen dugu proiektua urmaelarekin izatea. Proiektu horrek gure bultzada edukitzekotan beharko luke zerbait integrala izan, zonalde osoa tratatuko duena, eta orduan adostuko genuke».
Troiko eremurik handiena Gabiriako udalerrian dago, eta beste zatia Mutiloan. Mutiloako Udalak ez du gaian sakondu nahi izan, eta agertu du harremanetan jarri beharko direla proiektuaren sustatzaile eta egileekin. «Biodibertsitate aldetik aberatsa da urtegia eta ingurumen aldetik aukera bat eman dezake. Azterketa bat egin beharko litzateke, oraindik egin ez duguna. Inplikatutako erakunde eta enpresekin harremanetan egon beharko dugu», azaldu du Iñaki Ugalde alkateak.
Proiektuko aukerak
IDOM enpresari esleitu diote proiektua egiteko lana eta martxoan argitaratu zuen itxierarako aztertu dituzten aukerak.
- Dagoen bezala uztea. Urmaela dagoen bezala uztea, mantenimendu programa bat ezarrita etengabe kontrolpean izateko. Ia baztertuta dago erabili beharko lituzketen baliabideengatik eta ezingo luketelako itxi epe luzera.
- Zati bat estaltzea. 80-160 metro inguruko zatia estaliko lukete, eta beste zatia agerian utzi. Ez dute egoki ikusten ez delako arazo kimikoa guztiz desagertzen.
- Estalki lehor bat jartzea. Ura sartzea galarazteko estalki lehor bat jarriko lukete. Hori ere baztertu da ez litzatekeelako guztiz lehortuko eta 10-20 urteren buruan konpondu beharko litzatekeelako.
- Urmaela lehortzea. Ezartzekotan egingo luketena eta garatu dutena urmaela lehortzea eta lehengoratzea da. Drainatze sistema batekin lehortu, estali eta begetazioa landatuko lukete.