Zaldibiako Beko Karnizerie harategiko Pili Sukiak eta Diuvel Alvarezek irabazi dute Ordiziako Euskal Jaietako Goierriko Odolki Bikainenaren lehiaketa. Hestebete hori egiteko duten moduaz eta bezeroen artean duen estimazioaz hitz egin dute bi harakinek.
Ez bata ez bestea ez dira harakin tradizioko familian jaioak. Bizitzaren patuak eraman ditu langintza honetan aritzera, eta patu berak elkartu zituen orain bi urte. Pili Sukiak 2008tik gobernatzen zuen Zaldibian Pili Tolosak errentan emandako harategia, eta hark erakutsi zizkion odolkiak eta mondeju zuriak egiteko sekretu guztiak. 2020an itxi zuen Iñaki Erauskinek plaza inguruan zuen harategia, eta herriko harategi bakarra izatera pasa zen Pilirena. Pandemia etorri zen tartean, eta lan ordu luzeko egunak.
Halako krisi momentuek, ordea, bestelako ateak zabaltzen dituztela esan ohi da. Aspaldiko urteetan Zaldibian bizi den jatorri kubatarreko Diuvel Alvarez –kuadrillakoak dira biak– prest agertu zitzaion elkarrekin aritzeko, eta bien artean Beko Karnizerie harategia ireki zuten Erauskinek utzitako lokalean. «Izena bera ere kuadrillan jarri genion, herrian hala deitzen baitzitzaion harategi honi. Izen horren aldeko aldarrikapena egin nahi nuke, izan ere, lehiaketetan eta prentsan izen hori ez beste denak irakurri baititugu», nabarmendu du Alvarezek. 2020ko uztailaren 1ean inauguratu zuten.
Espezia bakarra, Kaiena piperra
Bataren urtetako eskarmentuak eta hasi berriaren grinak uztartuta abiatu zuten proiektua. Lehen ere txapel eta ohorezko postu dezente lortua da Sukia Goierri mailako lehiaketetan –2013an ere Ordizian irabazi zuen–, nahiz eta halakoen oso zalea ez den aitortu. Gaztea bai ordea: «Hasi ginenean argi nuen sariketarako erregularragoak izan behar genuela. 2020an, Beasainen, kale egin genuen, baina Ordiziako Gipuzkoako Txapelketarako akatsa zuzendu, eta Olanorengandik puntu bakarrera geratu ginen». Aurtengo irailean, Larrun-Arri elkarteak Euskal Jaietan antolatzen duen Goierriko Odolki Bikainenaren txapelketa irabazi dute.
Bere egunean Pili Tolosak Sukiari erakutsi zion moduan jarraitzen dute odolkiak egiten. «Tipula, porrua, txerri-gantza, odola, gatza eta Kaiena piperra. Ez diogu bestelako espeziarik botatzen», zehaztu du Sukiak. Haien odolkietan barazkia nabarmentzen dela esan ohi dute bezeroek. Sukiak honela dio: «Ez dakit hala den. Egia dena da Goierriko odolkigileok odolki ezberdinak egiten ditugula nahiz eta osagai berdinak erabili. Batzuek, igoal, odol gehiago bai, guk gutxixeago erabiltzen dugula esango nuke».
Lehengaien kalitateari egin dio aipamena Alvarezek: «Guk hemengo produktua erabiltzen dugu, eta horrek zaporean eragina dauka. Hemengo porrua erabili edo Errioxakoa, aldea dago. Gertuko produktuarekin lan egitea eta hura mimatzea da sekretua».
Aldiko 35-40 kilo artean
Halako sari bat irabazteak eta txapela Ordiziako Gazta Txapelketa jokatzen den toki berean jasotzeak salmentetan eraginik ba ote duen galdetuta, hona erantzuna: «Gure bezeroak Zaldibiakoak dira batez ere, baina bai, azken hamabost-bat egunetan etorri zaigu kanpoko jende pixka bat. Herri txikia da hau, eta zaila da ohituraz jendea hona odolkiak erostera etortzea. Mondejuek bai, mondejuek erakartzen dute jendea. Bertako produktu bat da, eta haiek erostera etortzen direnek odolkia ere eros dezakete tartean», argitu du Alvarezek.
Irail hasieran ekin zioten odolki sasoiari, eta Aste Santuak bitarte jardungo dute. «Salmenta gehienak Eguberriak bitartean izaten dira, hortik aurrera gutxiago egin eta saltzen ditugu», zehaztu du Sukiak. Astearte bazkalondoan egin dute aste honetako lehen odolki txanda. Eskariaren arabera behin edo bitan egiten dituzte odolkiak, 35-40 kilo artean aldiko. «Hori da gure neurria».
Lan bolada betea izaten dute udazken-negukoa, baina argi dute hestebeteak egiteko langintza honi eutsi behar diotela, harategi soiletik nekez aterako bailukete bizimodua, Sukiak adierazi duenez. «Hauek ematen dute irabazia, eta uda parteko hilabeteetan egiten ez dugun lana konpentsatzeko balio digu. Asko aldatu dira harategi mundua eta jendearen erosketa ohiturak. Sari hauek egindako lanaren ordaina dira, errekonozimendua, eta gustura hartzen dira». Eta orain, Santa Fe bezperatan, mondejuekin hasiko dira. Badute lana.
Asteazkenean egin dute lehen mondeju txanda
Odolkien denboraldiari irail hasieran ekin zioten Beko Karnizerie harategian, eta orain mondeju zuriarekin hasiko dira. Asteazkenean ziren egitekoak kanpaina honetako aurrenekoak. San Migel eta Santa Fe aurrea da Zaldibiako hestebete ezagun hori egiten hasteko garaia, eta denboraz mugatuagoa bada ere, lanez trinkoagoa da. «Urri bukaerara arte behintzat, Ardiki Egunera arte, astean bi txanda egingo ditugu», azaldu du Sukiak.
Mondeju zuriekin bai, hauekin izaten dituzte enkarguak. «Odolkiak baino gehiago egiten ditugu aldiko, eta taberna, jatetxe eta bezero partikularren enkarguak izaten ditugu. Kanpoko jendeak ere badu ohitura erostera etortzeko». Aurtengo festetarako erronka handia dute, Santa Fe bezpera egunez plazan banatzen diren mondeju guztiak haiek egin beharko baitituzte. 2019a bitarte herriko bi harategien artean banatzen zuten lan hori.