Aplikazio ugari izan ditzake sendabelar honek, bai infusio moduan hartuz, bai olio modura igurtziz.
- Izen herrikoia: Santio-belarra / San Joan-belarra.
- Izen zientifikoa: Hipericum perforatum L. (Clusiaceae)
- Ezaugarriak. Metro bat luze izatera iristen da landare hau. Zurtoin tente batetik adarrak ateratzen zaizkio aldeetara. Nahiko adartsua da, hostoak oposatuak ditu, eta argira bideratuz gero, zulotxo ugari dituela ikus daiteke. Lore horiak sortatan jaiotzen dira landarearen muturrean. Mendiko soilguneetan, bideetan eta landa ez oso hezeetan hazten da.
- Atal erabilgarriak. Normalean loreak erabiltzen dira, baina hostoak ere erabil daitezke.
- Propietateak eta erabilpenak. Erabilpen eta aplikazio ugari izan ditzake sendabelar honek.
- Infusioa: Beherakoa eteteko, digestio eta gibel estimulatzaile moduan, hilerokoa erregulatu eta mina arintzeko, depresio eta insomnio kasuetan lasaigarri moduan… Giltzurrun eta maskuriko gaixotasunetan antiinflamatorio moduan erabil daiteke, baita urdaileko ultzerak sendatzeko ere. Bronkitis, asma eta katarro kasuetan ere hartzen da. Horretarako, 30 gramo landare ur litro batean egosi, eta bizpahiru edalontzi infusio edan behar dira egunean.
- Olioa: Olioa ere asko erabiltzen da zirkulazioa aktibatzeko, erreuma, ziatika, lunbago eta muskuluetako mina arintzeko. Igurtziak eman behar dira landarearen olioarekin. Belarriko minaren kasuan, olio tanta pare bat bota behar da belarrian. Olioa prestatzeko 200 gramo Santio-belar loreontzi batean jarri, 1.000 mililitro oliba olio gehitu, ondo itxi, eta eguzkitan jarri 40 egunez, noizbehinka astinduz. Olioak kolore gorria hartuko du. Filtratu, eta tarro garbi batean gorde.
- Kontraindikazioak. Landare fotosentibera izanik, alergiak dituzten pertsonek eta eguzki izpiekin oso sentiberak direnek kontu handiz hartu behar dute landare hau, erreakzioak gerta daitezkeelako. Orokorrean, olioa eman ondoren ez jarri eguzkitan, eta saiatu eguzki izpiak saihesten.