Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Janaria erregaia da gure gorputzarentzat. Baina ez omen digu energia bakarrik ematen, gure umorean ere eragin omen dezake. Bestalde, neurri handi batean, bizitza zentzudun eta orekatua elikaduraren baitan omen dago. Janari batzuekiko tolerantziarik eza edo alergia motaren bat duten pertsonen kopurua geroz eta handiagoa omen da. Hauei gehitzen ari dira behar dietetiko berriak dituzten kontsumitzaile berriak, segmentu –marketinean hain maitatua den kontzeptua– potolo eta aberats bat osatuz.
XX. mendearen bukaeran azaldu zen mendebaldeko zibilizazioaren gainbeheraren adierazleetako esanguratsu bat: sofan patataz betetako 100 kiloko gizakia. Naturatik geroz eta urrunago, gure nagikeria, gantz perlesia eta ahuleria lirdingatsuaren arriskua sistemikoa egin da. Argaltzeko erregimenak orduan abiatu ziren, baina gehienetan dietaren ikusmolde zital batekin. Antzinako proposatzaileentzat pertsona baten dieta bere bizitza-filosofia osoari zegokion. Erabaki etiko bat higienikoa baino. Eta erregimena pertsona horrek bere osasun fisiko eta mentala gobernatzen zuen arauari deitzen zitzaion. Askotan antzinako filosofo-terapeutek, batik bat ekialdeko kulturetan, begetarianismoa proposatzen zuten. Beraien barauak ez zuen kilo batzuk kentzea bilatzen. Eskastasuna bertutearen seinale zen, zuhurtziarena baino. Bizitza-filosofia, elikadura, morala eta osasunak osotasun bat eratzen zuten.
Patata gizakiarekin osasunarentzako dieta ezin hobearen lasterketa neurotiko bat ere abiatu zen. Janari azkarra edo zabor janaria deitutako elikagai horien kaltegarritasunaz ez daukagu zertan tematu beharrik. Oso jakina da. Baina hor ez da bukatzen arriskuen zerrenda. Zer esan ongarriz eta pestizidaz blaitutako barazkiez, antibiotikoz betetako abereen haragiez edo alergenoz betetako fruituez. Ezin dezakegu findutako azukrerik hartu, ezta opil, edari eta abar ere. Eragiten duen gaitz eta eritasunen zerrenda beldurgarria da. Ia berdintsu gertatzen da gantz asko duten janariekin ere. Modan dauden dieta batzuk, ehiztari-biltzaileena bezalakoak, haragi eta arrain gehiagoren kontsumoa gomendatzen dute. Ez begiratu eragin kaltegarrien zerrenda mesedez! Esnea eta esnekien bertute izugarri horiek ere gezurra omen dira. Utzi dezagun esnea titia hartzen duten haur txikientzako. Azkenean bakarrik ia fruitu eta barazkiak gelditzen zaizkigu. Baina horien eragin kaltegarriak ikusita, zuhurtzia, zuhurtzia barazki freskoekin ere!
Nahikoa da bestaldera begira egotea! Ondorioa? Gure elikadura guztia, epe ertainera kaltegarria eta hilkorra ere badela. Jatea berriz eginkizun arriskutsua. Toxikoa, patogenoa.
Dieta ezin hobea tentagarria da baina amaiera ezeztaezina: Sojalen –soja irakina eta birrindutako koleoptero multzo bat– bezalako elixir likido esklusiboaz elikatu beharra. Zorionez irensten dugun guztiak ez gaitu hilko!
Jaten duguna izan beharrean ez ote dira gure kultura, gure sineskeriak, partekatzen ditugun istorioak, trauma pertsonalak eta gure nahiak, izaera eta elikatzeko-modua bera ere moldatzen dutenak?