Ioseba Eskudero (Idiazabal, 1994) etxeko Axari Trail lasterketak xaxatuta hasi zen mendi lasterketetan. Geroztik, geroz eta azkarrago eta urrutiago doa. Bulgarian izan da asteburuan Euskal Selekzioarekin. «Oso berezia izan da. Sentimendu asko eragin dizkit», aitortu du.
Zer moduz Bulgarian?
Saria izan zen hara joateko aukera izatea. Zazpigarren amaitu nuen eta gustura nago horregatik ere bai, baina bereziagoa izan da Bulgariara joateko aukera izatea, toki eta lasterketa berriak ezagutzea… Hango mendiak desberdinak dira Goierrikoekin alderatuta.
Eta Euskal Selekzioa.
Euskal Selekzioarekin izan dudan lehen aukera izanda. Oso berezia izan da. Euskalduna izanda Euskal Herria ordezkatzea eta ofizialtasunaren aldarria mundu osoan zabaltzea zoragarria izan da. Sentimendu asko eragin dizkit.
Bulgarian lehen hamarretan sailkatu zinenez Skyrunning modalitateko finalean sartu zara. Hain justu, Euskal Herrian izango da, Bizkaian.
Gorbeia Suzienen bai egongo dela maila ikaragarria. Guri handi geldituko zaigu. Baina tira, helburua zen ahalik eta euskaldun gehien sailkatzea munduko kopako finalean Euskal Selekzioko kamiseta eta ikurrina mordoa ikustarazteko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Eta gero, zer?
Gero, oporrak. Urriaren 8an izango da finala Zeanurin (Bizkaia), eta horraino luzatuko dugu denboraldia.
Zure denboraldi onena izan da?
Munduko kopako finala denboraldi ikaragarri bati jarritako ginga izango da. Oso denboraldi ona izan da, espero nuena baino hobea. Pentsa, denboraldi hasieran oso urruti ikusten nuen Euskal Selekzioaren deia baina heldu da. Bulgariakoa saria izan bazen finala… ikaragarria izango da.
Azpitik ibiltzea espero zenuen ala?
Sekula ez ditut halako markak lortu.
Zein izan da egunik onena?
Beasaingo Goierriko Bi Handiak egin nuenekoa. Hori zen nire urteko helburu nagusia eta abendu-urtarril partean buru belarri hasi nintzen entrenatzen. Podiumean sartzea lortu nuen eta oso oroitzapen onak ditut.
«Momentu asko zailak izaten dira: gogorik gabe entrenatu beharra, lagunak gutxi ikusi… baina konpentsatzen du»
Zenbat entrenatzen duzu astean, gutxi gorabehera?
Probaren arabera. Aurtengo helburu nagusia 90 kilometroko ultra bat zenez entrenamendu dezente eskatzen du. Astero ez nuen berdin entrenatzen, baina astean hamalau bat ordu sartuko ditut. Batzuetan hamahiru, besteetan hamabost…
Zertan egiten duzu lan?
Irizarren egiten dut lan, Ormaiztegin, autobusak muntatzen.
Uzten dizu korrikarako denbora?
Lanak eta kirolak denbora asko hartzen didate. Lanetik kanpo, kirolerako eta gutxi gehiagorako tartea izaten dut, egunak ez duelako gehiagorako ematen.
Behin egunik onenaz galdetuta, txarrena ere galdetu beharko.
Txarrena? Bada, nik uste zailena diziplina edukitzea dela. Gakoa konstantea izatea da, baina momentu asko zailak izaten dira: gogorik gabe entrenatu beharrekoak, momentu askori ezetz esan behar entrenatzeko, lagunak gutxi ikusi… ez dira errazak eta egunik txarrenak horiek dira, baina konpentsatzen dute.
Nola hasi zinen korrika?
Futbolaria izan naiz bizi guztian, 21-22 urtera arte. Idiazabalgo Kirol Elkartean jokatzen nuen. Baina herrian bertan Axari Traileko lehenengo edizioa antolatu zutenean probatu behar nuela pentsatu nuen, gure mendietan izanda. Hasi nintzen, gustatu, geroz eta gehiago egiten hasi, lasterketa bat, bestea… gaur arte.
Idiazabal herri korrikalaria da?
Bai, badago korrikarako ohitura eta afizioa. Axari Trailek zaletasun handia sortu duela iruditzen zait. Ez dakit esaten zehatz zenbat izango garen mendi lasterketetan gabiltzanak, baina hamabost edo hogei herrikide izango gara. Bakoitza bere erritmora, bere egutegiarekin, baina dezente ibiltzen gara.
Gazteak zarete guztiak?
Denetik dago. Gaztetxoetatik hasi eta helduetara arte.
Neskak eta mutilak?
Pare bat neska izango dira, beste guztiak gizonezkoak. Egia esan, hor badago diferentzia. Ea hasten garen apurka zerbait egiten hori ere berdintzeko.