Itxaro Mendizabal Amundarain • Ordizia
Idazten hasi aurretik argazki zahar bat zer den jakin nahiko nuke. Berrogeita hamar urte dituen argazki bat zaharra izan daitekeela ulertu dezaket, baina noiz hasten da argazki bat benetan zaharra izaten?
Gure alaba zaharrenak seguru, duela hamar urteko argazki bat zaharra dela esango du; hamabost urte ditu eta. Nik, nire berrogeita bost urterekin berriz, ez daukat oso garbi duela hogeita lau urteko argazki hau zaharra den edo ez, atera nuen momentua atzo balitz bezala gogoratzen dut eta.
Argazki hau aukeratzeko arrazoi nagusia irailaren 29 honetan istripua gertatu eta joan zirenetik hogeita lau urte beteko direla da. Eta hona hemen, nire beraienganako urteroko omenalditxoa.
1998an, aurreko eguberri batzuetan familiak oparitu zidan Pentax argazki kamera bat neukan. Makina hura berezia zen, ez zen besteak bezalakoa; negatiboak karretean bertan gordetzen zirela gogoratzen dut.
Gainera, argazki mota desberdinak ateratzeko aukera zeukan kamerak, tamainaz txikiagoak, estandarra edo paisaia modukoak.
Argazki hau aitzakia moduan hartuta, laurogeita hamarreko hamarkada gazteok asteburuetan egiten genituen planak datozkit burura.
Ordizia, gune neuralgikoa
Garai hartan Ordizian izaten genuen gure gune neuralgikoa. Ostiral iluntzetik hasi eta igande iluntzeko ordu txikiak arte ibiltzen ginen tabernaz taberna, edo herriari bueltaka. Polita izaten zen. Inguruko herrietako gazte jendea ere Ordiziara etortzen zen eta han ibiltzen ginen gustuko genuen pertsona hori etorriko ote zen urduri. Eta etorriko bazen, ea ze taberna txokotan izango genuen bera ikusteko aukera.
Askotan, Barrena jauregiko petrilean eseri eta ea pasatzen zen ikustea zen hoberena. Azkarrago edo beranduago hortik ia denak pasatzen ziren eta.
Leku estimatua
Frai Andres-en estatua ere leku estimatua zen kuadrilla askorentzat. Elkartzeko gune ofiziala bezala izendatuko nuke nik. Bihar bederatzietan Fraien!. Han bertan eserita ere, Nahikarin erositako litxarkeriak jaten makina bat ordu pasatakoak gara.
Argazki horretan gure amak eskuan duena Nahikarin bertan erositako patatas light poltsako patata bat dela esan behar dut. Igandero, etxera itzuli aurretik denda horretara joan eta kuia-pipita poltsa bat eta patata horietako beste bat erosten nituen. Aurrenekoa niretzako eta bigarrena, ama goxatzeko.
Nire elikadura arazoak hasita zeuden ordurako eta, etxera bidean, eta hau ez dut uste inoiz kontatu dudanik, patata poltsa erdia Oria ibaira botatzen nuen, honela amari bidean nik jan nituela sinestarazi nahian. Ai ene… zenbat oroitzapen argazki bakar batean!