Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Juan Sebastian Elkanoren espedizioak burututako lehen mundu biraren ailegaeraren 500. urteurrena zela eta, jai eguna izan genuen irailaren 6a. Getarian aspaldidanik zuten lehorreratzearen antzezpena prestatua. Bertara, besteak beste, Segurako eta Ordiziako alkateak izan ziren gonbidatuak, euren herrietako itsasgizon banak itsasbidaia hartan parte hartu izanagatik.
1519ko irailaren 26ko Fernando de Magallanesen espedizioan Sanlucar de Barramedatik bost naotan abiatu ziren 250 lagunetatik 34 euskaldunak ziren eta horietatik bi goierritarrak. Handik hiru urtera, 1522ko irailaren 6 hartan, Victoria, ontzi bakarrean, 18 lagun ailegatu ziren Sanlucarrera. Ez bata eta ez bestea ez ziren bertan.
Daniel Zulaika historialariaren gradu amaierako lanean, beste batzuen artean, anonimotasunetik atera zituen biak.
Martin Barrena ordiziarra, Martin Barrena eta Maria de Barriolaren semea, Santiago naoan itsasontziratua eta bertako kapitainorde karguduna ontzia urperatu arte. Ozeano Barean hil zen 1521ko apirilaren 9an eskorbutoak jota. Filipinetako Cebu uhartean lurperatu zuten bertako erregearen baimenarekin. Hilean 1000 marabediko soldataduna.
Joanes de Segura, segurarra izateagatik hala deitua, Martin de Gorostizaren semea, Sevillara bizitzera joana eta bertan Catalina Gonzalezekin ezkondua. San Antonio naoan ontziratu zen. Aurrerago, desertzio baten ondoren, beste ontzi batera bideratua. Marinel postua izan zuen. Magallanes hil eta handik 4 egunetara Cebu uhartean lehorreratuak zirela, 1521eko maiatzaren 1ean hil zuten Joanes beste 25 tripulaziokiderekin batera, Humabon erregeak eskainitako bankete-tranpa batean. Hilean 1200 marabediko soldataduna.
Victoria naoaren itzuleraren ondoren, zegozkien soldatak kalkulatuta, segurrarari 20.040 marabedi eta ordiziarrari 17.966 utzi zitzaizkien zorretan.
Erreklamazio globalizatu banaren hastapenerako aukerarik bai ote?