Zegamako Udalak argi izan du Goiekik proiektua aurkeztu zionetik diruz laguntzeko eskaera jasotzen bazuten hala egingo zutela. Formazio saioetan batez ere parte-hartze handia izaten ari den herria da. Eskualde mailako izaera ematea herri txikien onerako dela ikusten dute Aizkorpeko herrian.
Goiekik Berrabiarazi proiektua aurkeztu zien garaian egiten zuen hausnarketa bera egiten du orain ere Joseba Izagirre Zegamako alkateak. «Komertzioa eta ostalaritza jota zegoen, eta udalak ekonomikoki lagundu diezaieke, baina oso neurri txikian, eta proiektu honen bitartez Goieki atzetik edukitzea gauza ona da. Gu udal txikia gara eta ez daukagu erramintarik herriko eragile ekonomikoei laguntzeko, gehienera ere bideratzen lagundu».
Izagirrek gogoratu du «hasiera-hasieratik» argi izan zutela proiektua diruz finantzatuko zutela. «Guk gure aldetik gauza txikiren bat egin genezakeen eta egin dezakegu, baina hori ezerezean gelditzen da. Guk ez daukagu bitarteko ekonomikorik ez bitarteko profesionalik halakoak egiteko. Goiekikoak hona etorri ziren, proiektua esplikatu, eta egia esan, ondo».
Enpresa eta ekintzaile kopuruz akaso ez, baina parte hartzeko konpromisoa hartu dutenek lan-saioan hainbatetan parte hartu dute. «Enpresa txikiak daude Zegaman, eta denbora atera badute joateko, aprobetxatu baldin badute eta ikasteko balio izan badie, poztekoa da. Nik inportanteagoa ikusten dut horrelako aukera bat izatea, eta ez udal bezala dirua eman eta kito».
Zegamako alkateak herriarekiko duen kezkarik nagusienetako bat merkataritza eta ostalaritzari lotutakoa da. «Jendeak ez du sinisten, baina oso epe motzera ea zenbat taberna dauzkagun. Ostatua herriarena delako, baina ikusiko dugu… Ea ez ote dugun bukatzen udalak sukaldaria eta zerbitzaria kontratatzen». Elikagai denda kate handiagoetara atxikituta daudela dio, eta harategi eta arrandegiak «juxtu-juxtu» ikusten ditu. Zegaman sektore horretan eragin beharra ikusten du Izagirrek.
Parte izatearen garrantzia
Herrian zegoen behar bati erantzuteko helburuarekin jarri zuen martxan Susana de los Mozosek 2018an Hi! Ready for english? ingelera ikasteko akademia. «Guraso elkartea hasi zen akademia ezberdinei zerbitzu hori emateko eskatuz, baina ez zen inor animatzen. Garai hartan lana eta familia uztartu nahi nituen, eta aukera paregabea ikusi nuen». Hasiera batean Haur Hezkuntzakoei eskolak emanez hasi zen, gero Lehen Hezkuntzara zabaldu zuen eta gaur egun eskaintza lau urtetik hasi eta jubilatu talde batera arteko eskolak ematen ditu. «Orain buru-belarri eta oso gustura nabil», adierazi du.
De los Mozosek argi zuen herri txiki batean horrelako proiektu bat martxan jartzeko ezin zuela «bakarrik» ibili. «Udalaren aldetik babes handia sentitu nuen proiektua martxan jartzerakoan, beraiek ere gabezia hori antzematen baitzuten. Eta Goiekiren partetik sentitu izan dut babes handia. Bakarrik ez sentitze horrek babes handia dauka».
Formazioarena «sekula bukatzen ez den zerbait bezala» ulertzen du –«oso barneratuta daukat»–, baina ordutegi kontuengatik nahi adina saioetara joan ezin badu ere, digitalizazio arloko batzu-batzuk egin ditu, eta beste bat aipatzekotan, TicketBairena. Goierriko Azoka plataforman parte hartzeko urratsa ere egin du: «Niretzako garrantzitsua zen enpresen arteko saretze horretan bat gehiago izatea, eta erakustea Goierri bezalako eskualde batean zenbat zerbitzu eta eskaintza dagoen. Elkar ezagutuz eta elkar babestuz, epe luzera aukera berriak etorriko direla espero dut».
Malgutasuna eta partaidetza
Labe-Lan enpresako Aitor Arañarentzat «positiboa» izan da haien moduko enpresa txiki batentzat Berrabiarazin parte hartzea. «Goiekiren eta Goierri Valleyren bitartez bestela izango ez genukeen informazio batzuetara iritsi gara, gurea bezalako enpresek askotan ez baitute horretarako aukerarik izaten». Nazioartekotze arloan haien aldetik jo dute kanpoko bezeroak bilatzera, baina Ongizatea Enpresan saioetan «lan sakonagoa» egin dute. «Gaur egiten duzunarekin prestatzen duzu etorkizuna. Ondo antolatzen bazara, orduan hasten zara etorkizuna eraikitzen».
Formazio saioetara joateko lanak banatu dituzte enpresan. «Jardunaldiaren arabera, bat edo beste joaten zen, eta gero gure artean hitz egiten genuen. Antolaketa malguan eta partaidetzan ikusten dugu etorkizuna, enpresa pertsonalizatuaren eredua zaharkituta geratu da». Ormaiztegitik Zegamara aldatu zuten lantokia 2013ko abenduan, eta harrezkero 8 pertsona gehiago dira. «Hazkundeko eboluzioa izan dugu».
37
Zegamako enpresek proiektuan izan duten parte hartzea. Berrabiaraziko ekintza eta saio ezberdinetan ari dira parte hartzen Zegamako ekintzaile eta enpresak. Elektromugikortasun estrategian 3 parte-hartze izan dira, Nazioartekotzean 5, Enpresen dibertsifikazioan 3, Formakuntza saioetan 25 eta Goierriko Azokan 1.