Gabiriako eta Mutiloako udal barrutietan dagoen Troiko meategietako Gesala urmaela neguan hegaztientzat babesleku eta bizileku aproposa da. Uda honetan hala ohartarazi du Itsas Enara ornitologia elkarte gipuzkoarrak, urtegiaren jabeak putzua estaltzeko duen asmoaren desegokitasuna azaleratuta.
Duela 24 urtetik urtero egin izan dira hegaztien zenbaketak eta behaketak Gesaleko urmaelean, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Eta datuek baieztatzen dute Itsas Enarak toki horri ematen dion balioa. 1998tik 2010era arteko epean, adibidez, neguan Troiko meategiko urtegian 17 hegazti espezie bizi zirela ikusi zuten, batez beste urtean 213 hegazti. Ugarienak, hegabera (Vanellus vanellus), kopetazuri arrunta (Fulica atra) eta murgilari arrunta (Aythya ferina).
Urtarrilaren 16an egindako azken behaketan zortzi espezietako 37 hegazti ikusi zituzten: 13 kopetazuri, 8 basahate, 7 lertxun hauskara, 3na txilinporta eta ubarroi handi, eta murgilari arrunt, murgilari mottodun eta murgil handi bana. Uroiloak ere ohikoak dira; antzara hankagorriztak, kaio hankahoriak, ipar ahateak edo zertzetak ere zenbatu izan dituzte.
Exminesa meatzaritza enpresak eraiki zuen Troiko hondakin biltegia, 1986an, Gesala errekastoa desbideratuta. 1993an abandonatu zuten arte, mea garbitzeko hondakinak eta produktu kimikoak isuri zituzten. Lohi kutsakorren geruza zigilatu ondoren, aintzira bihurtu da naturalki.